andoni egana
HITZ ETZANAK

Pazientzia

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Manuel Lekuonaz entzun nuen lan bat bukatu arte ez ziola sekula beste bati ekiten. Eta halako inbidia punttu bat sentitu nuen. Lan bakoitza ongi errematatzeko aukera izango zuen, txikikeriak ere zaintzekoa. Lan-sistema gisara ezin hobea iruditzen zait. Nor bere buruarekin intelektualki edo artistikoki zintzoa izateko modu bakarra. Beste garai bat zen duela laurogei urteko hura, ordea. Orain, egitasmo bat, eta bestea, zeure buruari ia-ia bukatzear daukazula sinetsarazi diozun mandeulia baino pelmagoa den beste hura eta azken orduan erantsi dizuten laugarrena aldi berean atera beharko dituzu aurrera eta praka beltzetan hari zuriak bistan direla entregatu beharko dituzu derrigor.

Orain dena ahal da, eta ahal dena eskatu egiten da eta eskatutakoa, ahal dela egin, ahal den moduan. Egungo kruzero-abiadura hau apurtzen duen zerbait gertatzen da, ordea, tarteka. Hermione ontzia ez da iritsi Pasaiara espero zen astebururako. Ia hobe. Iritsi ezinari segizio modernoa egin diote, zuzeneko elkarrizketa eta gainerako, baina ezin izan du heldu. Tradizioa biziberritzea bazen helburu, ez da adibide hoberik. Itsasoak agintzen zuen lehen, eta itsasoak agintzen du orain ere. Ordukoen pazientzia biziberritzen egin behar genuke ahalegina…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.