Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Klimaren historia: 2016ko markak!

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
XIX. mendearen bukaeran datuak biltzen hasi ginenetik, 2016a izan da urterik epelena. Zientzialariak abenduko datuak oraindik biltzen eta aztertzen ari diren arren, badakigu 2016ko urtarril eta azaro arteko munduko batez besteko tenperatura 1,69 gradu beroagoa izan dela. Hilero-hilero, munduko toki askotan tenperaturaren langak gaindituz joan dira, neguan zein udan. Esaterako, otsaila 1,35 gradu epelagoa izan zen, XX. mendearen bigarren erdiko datuekin alderatuta. Bestalde, Ozeano Pazifikoan, Indiako ozeanoan zein Ipar Hemisferioko kontinente guztietan, abuztuan inoiz neurtu diren tenperaturarik beroenak izan ziren, eta aurreko maila guztiak gainditu zituzten. Izan ere, munduko tenperatura 2014ko abuztuan baino 1,16 gradu altuagoa izan zen, eta hura izan zen ordura arte ezagututako urterik beroena.

Klima epeltzearen eragina mundu osoan nabaritzen ari bagara ere, goi latitudeak ari dira eraginik handiena jasaten. Artikoan, esaterako, irailean izoztuta zegoen azalera 4,14 milioi kilometro koadrora murriztu zen 2016an, inoiz neurtu den txikiena —duela 40 urte baino % 40 gutxiago—. Areago, azken 25 urteotan batez besteko tenperatura 3,5 gradu igo da bertan: elurra lehenago urtzen hasten da udaberrian, eta itsasoa beranduago izozten da udazkenean. Itsas Artikoaren izotza gero eta meheagoa da, eta hainbat urtetako itsas izotzak duela 30 urte itsasoaren %45 estaltzen bazuen ere, egun %22ra baino ez da iristen. Itsas Artikoan, gainera, klima epeltzearekin batera, azidifikazioa gero eta azkarrago ari da gertatzen. Hurrengo urteotan horrek oso eragin gaiztoa edukiko omen du bertako arrain zein biota osoan. Baina elurrak, izotzak eta mendeotan izoztuta egon den lur azpia —permafrosta alegia— urtzen diren neurrian, CO2 gasa askatzen dute atmosferara. Izan ere, permafrostak bere barruan gordeta eduki dezake gure planetaren atmosferan dagoen CO2aren bikoitza, eta baita metano kantitate oso handiak ere. Hortaz, Artikoaren epeltzeak oraindik kalkulatu ezin dezakegun eragin gaiztoa eduki dezake munduko klima askotan.

Bestalde, mendiko glaziarretan ere gauza bera ari da gertatzen. Alpeetako glaziar gehienak atzera ari dira egiten. Batzuk erabat urtu dira, eta espero da 2020rako Alpeetako izotzak %50era murriztea—XIX. mendearekin konparatuz—. Pirinioetan, urtzea oraindik azkarrago ari da gertatzen. Balaitus, La Munia eta Perdiguero mendietako glaziarrak dagoeneko urtu dira, eta Perdido zein Madaletako glaziarrak erdira baino gutxiagora jaitsi dira dagoeneko. Abiadura honetan, urte gutxi beharko ditugu Pirinioak glaziarrik gabe ezagutzeko.

Munduko tenperaturak epeltzearekin batera, hainbat bakterio zabaltzea espero da, esaterako janarietan. Horien artean, E. Coli, Salmonella eta Campylobacter izenekoak areagotuko omen dira fruta, barazki, arrain eta itsaskietan. Berdin hainbat onddorekin. Aldi berean, jakien nutrizio-maila jaitsi egingo da. Burdin, zink, kaltzio, magnesio, fosforo eta nitrogeno gutxiago eta, ondorioz, proteina gutxiago aurkituko da hainbat janaritan. Eta arrainak merkurio gehiago ekarriko du.

Panorama iluna, beraz, 2016ak utzi diguna. Gai izango al gara 2017an buelta ematen hasteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.