BAKARRIZKETA

«Hanburgesa hegalariak», mugikortasuna arintzeko hirietan

CC0

Jon Fernandez -

2018ko maiatzak 13
Ireki leihoa, eskatutako hanburgesak laster iritsiko dira eta.

1. Zer diozu? Banekien gose txarrekoa zinela, baina ez hainbesteko kaltea egiten zizunik baraurik egoteak. Ez da delirio bat, benetan. Bakar-bakarrik ohitura berrietara ohitu nahi dut neure burua: garai berriak datoz, eta aldez aurretik moldatu nahi nuke. Uberrek laster droneak erabiliko ditu janaria etxez etxe banatzeko. AEBetan hasiko da probak egiten, San Diego hirian.

2. Uber ez al da, ba, taxilariei buruko mina ematen dien sareko garraio enpresa bat? Bai, baina ez da hori bakarrik. Janaria etxez etxe banatzeko munduko enpresarik handiena ere bada, eta lehiakide ditu Deliveroo eta Just Eat markak. Gainera, Dara Khorowshashi Uberreko kontseilari ordezkariak dio drone bidezko janari banaketa azkarra hiri handien mesederako izango dela: «Uste dut hirietan mugikortasun arazoak konpontzeko gakoetako bat izango direla hanburgesa hegalariak».

3. Luze gabe, drone banatzaileen joan-etorriek eguzkia tapatuko digute; eguzkia ateratzen den apurretan, jakina. Azkenean, lurreko auto ilarak arindu, zeruan drone ilarak sortzeko... Ez zabiltza oso oker. Izan ere, taxi hegalariak ere martxan jarriko ditu Uberrek 2020. urterako AEBetan, Los Angelesen eta Dallasen. Pertsonak eramateko taxi hegalariak. Probak egin nahi ditu zerbitzu komertziala eskaini baino lehen, eta hiri baten bila dabil, AEBetatik kanpo ere esperimentatzeko.

4. Bilbo! Europako errugbi finala, MTV... Aurkez gaitezen Uberren akuri izateko ere! Argi ikusten dut: Bilbao World Capital of Flying Taxi Tests. Lasaitu zaitez. Ezin gara aurkeztu. Hiri handiak behar ditu.

5. Hori ba, Bilbo. Bi milioi biztanletik gorako hiriak behar ditu. Joan den azaroan iragarri zuen Dubairekin akordioa egin duela probak egiteko, baina orain dio hiri gehiago behar dituela.

6. Eta zelakoak izango dira taxi hegalari horiek? Prototipoak oraindik findu barik daude, baina dagoeneko badaukate ideia bat. Aireontzi elektrikoak izango dira, eta modu bertikalean aireratu eta lurreratuko dira; hasieran, pilotuak erabiliko dituzte hiri barneko bidaiak egiteko, baina asmoa da epe ertainera gidaririk gabe ibiltzea. 305 metroko altueran ibiliko dira hegan, eta orduko 240 eta 320 kilometro arteko abiadura hartuko dute. Uberrek kalkulatu duenez, taxi hegalarien zerbitzua martxan edukiko du 2023rako.

7. Goizegi ez bada hori... Taxiak baino lehenago etorriko dira hanburgesa hegalariak, seguru. Baliteke. Uberren probek AEBetako gobernuaren babesa daukate. Washingtonek dirua jarri du dronen arloan ikerketa eta garapena sustatzeko. Etxe Zuriak AEBetako dozena bat hirigune aukeratu ditu drone bidezko janari banaketak probatzeko.

8. Eta Uberri bakarrik eman dio babesa esperimentuetarako? Ez, ez. Beste erraldoi estatubatuar batzuk ere programa berean sartuta daude: Alphabet (Googleren matriza), FedEx, Intel eta Qualcomm.

9. Hara! Jo dute txirrina. Itxi ezazu leihoa, eta ireki atea: hemen da janari banatzailea. Banoa.