Bigarrena ere bigarrenetik

Zierbenak bigarren bandera irabazi du Eusko Label ligan, Santurtzin, eta bigarren txandatik egin du, Ondarroan bezala. Cabo kaleratua izan da, eta Oriok txarretsi egin du epaileen lana azken txandan

Zierbenako traineruan atzo bandera irabazi zutela jakin berritan patroia eta arraunlariak, Santurtzin, Eusko Label ligako estropadan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Zierbena erdi ezkutuan bezala utzi dute Eusko Label ligako sailkapenen aurtengo gorabeherek, ez delako azaltzen ari ohorezko txandan hark nahi bezainbat. Bitan bakarrik joan da txanda preziatuan aurten, baina horrek ez du esan nahi onenengandik aparte ibiltzeko taldea denik. Erakutsi zuen Euskadiko eta Espainiako txapelketak elkarren segidan irabaziz duela hiru asteburu, eta ligan, azken lau estropadetatik bitan astindu du bandera. Atzokoa bigarrena du, Santurtzin lorturikoa, eta, abuztuaren 9an Ondarroan egin zuen bezala, bigarren txandatik arraun eginda astindu zuen trapua.

Sekulako denbora egin zuen, sei segundo baino ez baitzituen izan sobran 19 minutu azpitik ibiltzeko. Ezin da ezkutatu kale onenaren jabe zela egin zuela berealdiko lan hori, atzo laugarren kalea autobidea zelako traineruentzat. Ez da kasualitatea izango atzoko hiru txandetako garaileak kale horretatik joatea. Ura gora zela jokatu zen estropada, eta txandak jokatu ahala, indarra galduz joan ziren ur lasterrak. Eremua ere berezia da, lehen luzea eta laugarrena ohikoak baino motzagoak zirelako, eta luzeagoak, aldiz, beste biak.

Aurreneko luzean, ur lasterraren alde joateko, hobea zen bigarren kalea, eta Zierbenaren txandan, Cabo izan zen azkarrena tarte txiki horretan, lehen kaleko Donostiarraren aurretik; hiru segundora ziren Zierbena eta Isuntza. Traineruek buelta hartzerako, laugarren kalekoak bazterraren babesa aurkitu zuen kontrako ur lasterrari ihes egiteko. Ezin hori egin, ordea, lehen bi kaletakoek. Hala ere, txalogarria izan zen Donostiarraren estrategia, laugarren kalera joan zelako segituan, eremu estua gurutzatuz. Etekina atera zion hautu horri, bigarren ziabogan bigarrena zelako, Zierbenaren atzetik. Hamalau segundo bizkorrago zebilen gero bandera astindu zuena.

Halako aldeekin, aukera zeukan nahi zuen lekutik egiteko hirugarren luzea, eta aldeko ur lasterrak indar gehien zeukan tokitik joan zen, bigarren kale ingurutik. Bakarrik egin zuen bukatu arteko estropada, eta bai bizi egin ere. Helmuga igaro, denbora ikusi, eta estropada irabazteko hautagai handia zela pentsatzea bat izan zen.

Atzetik estuago zetozen gauzak, eta lehia petrala Cabok eta Donostiarrak izan zuten. Hirugarren luzean, talde guztien nahia zen bigarren kaletik joatea, baina lekurik ez guztientzat. Une luzexka batean, hala ere, Cabo lehen kaletik joan zen. Epaileak bandera zuria atera zion Galiziako ordezkariari, baina berean segitu zuen traineru gorriak, norabidea zuzendu gabe. Horia ere atera zion gero, hiru segundoko zigorra ezartzen duena, arraunak jotzeagatik Donostiarrakoekin. Baina Cabok ez zuen norabidea zuzendu, eta, azkenean, kolore berdeko trapua astindu zuen epaileak, galiziarrak kaleratuz hantxe bertan.

Kaleen aldeak, gutxitu

Ez zen izan arratsaldeko eztabaida bakarra, azkeneko txandan ere sortu baitzen kalapita. Urdaibairi, Santurtziri, Oriori eta Hondarribiri hurrenkera horretan tokatu zitzaizkien kaleak, eta irteeran jartzerako ikusi zuten ur lasterren indarra gutxituta zegoela. Alde horretatik, baldintza egokiak ziren kaleen artean aurreko txandetan ikusitako ezberdintasunak arintzeko, eta hala gertatu zen. Hala ere, laugarren kaleak segitzen zuen izaten onena. Bigarren ziabogan, Hondarribiak bi segundo ateratzen zizkion Oriori, hiru Santurtziri, eta lau Urdaibairi. Hirugarrenean, erabat berdindu ziren gauzak hiru talde horien artean, eta Urdaibai geratu zen atzerago. Estropada buruan Santurtzi eta Orio txandakatu ziren, baina Hondarribia atzean utzi gabe, eta azkeneko bi minutuetan, bukaerako luzean, Ama Guadalupekoa jarri zen buruan. Orduantxe izan zen estropadako bigarren polemika. Orio eta Santurtzi laugarren kalera joanak ziren, Hondarribian bazter-bazterretik zihoala baliatuz. Gero Jon Salsamendik kontatu zuenez, epaileak Oriori ababorrera joateko eskatu zion, baina ezin izan zuen hori egin, «Santurtzi geneukalako beste aldean». Arraunak jo zituztela ere adierazi zuen Orioko entrenatzaileak, eta horrek kalte egin ziela. Kontua da epaileari ez zitzaiola horrela iruditu, eta, azkenean, Santurtzik egin zuen bigarren, Hondarribia baino 2,18 segundo gehiago eginez. Oriori 3,34 segundo atera zizkion, eta Urdaibairi, 11,42. Sailkapen nagusian, Hondarribia jarri da orain bigarren, Oriorekin berdinduta: Santurtzik sei puntu gehiago ditu.

Aurreneko txandan, jaitsierako lehia amaitzeko azken-laugarren estropadan, Zarautzek eman zuen kolpea. Txanda irabazi zuen laugarren kaletik, eta seigarren egin zuen gero. Ares bakarrik utzi du azken-aurreko lekuan. Kaikuk hondoa jo zuen. Gaur Portugaleten ariko dira, 12:10ean. Atzoko denboren arabera osatuko dituzte txandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.