SORTZAILEAK ETA GAZTETXEAK

2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Herritar berriak asmatzen dituzten guneak dira»

 Hedoi Etxarte Idazlea

«8 urte nituelarik nire kalean frontisa zuen Euskal Jai okupatu zuten. 18 urte bete nituenean eraitsi zuten. Gogoan dut orduko auzoko aldizkariaren hurrengo zenbakiko lerroburua: Zauritutako auzo bat. Gerora bidean topo egin ditudanetako askok Euskal Jain parte hartu zuten. Aukera izan dut poesia errezitala egiteko Larrabetzukoan edota Hernanikoan, edo hitzaldia emateko eskolan kokatuta egon zen behin-behineko Gernikako Astran ere. Katakraken oso gertutik segitzen dugu Gernikan egiten dutena, bai programazioan, bai antolatzeko moduan ere. Gaztetxeak, edo Europako Zentro Sozialak, herritar berriak asmatzen dituzten guneak dira. Jendea modu berri batera konbokatzen dute. Euren buruak hala ez deitu arren, Iruñerrian berean badira Etxabakoitzeko Jazar edota Barañaingo Nabea: kudeaketa horizontala, aniztasuna, helburu soziala eta norbanakoarena bateratzea, aurreiritziak albo batera uztea.

«Gaztetxeen oinarria ez da dirua... eta bizitza sortzen da»

Ainhoa Alberdi Antzezlea

«Antzerkiak berekin dakar publikoarekiko erlazioa, eta energia trukea; bestela, zentzua galtzen du. Habitat egoki eta gustukoak topatzea ez da erraza. Askotan edukirik gabeko eraikin dotore hutsak eraikitzen ditugulako, eta hilda daude... Baina badira beste txoko batzuk ere. Pertsonen bizi indarretik sortuak izan direnak. Bizi-bizirik daude, eta hortxe egiten dute bat antzerkilariokin, bizitza bizitzarekin elkartzen denean magia sortzen delako. Bai, gaztetxeez ari naiz. Azken zazpi urteetan makina bat funtzio egitea tokatu zait gaztetxeetan. Badute xarma berezia. Beti oso zaindua sentitu naiz. Mimatua. Gaztetxeen oinarria ez da dirua. Elkarlana, gizatasuna... dute oinarri, eta, beraz, hor bizitza sortzen da, bihotza esnatu egiten da, hauskortasunarekin egiten dugu topo, ziurgabetasun horrekin, inertziatik at, eta, beraz, antzerkilariok etxean sentitzen gara. Mila esker, bihotzez, existitzeagatik.

«Unerik ederrenak gaztetxeen oroitzapen kutxetan daude»

Odei Barroso Bertsolari eta rap kantaria

«Gaztetxean pertsonalki bizi izan ditudan momentuak pluralak bezain aberasgarriak izan dira. Era askotako bertso saiotan kantatzea egokitu zait, baita musika taldearekin kontzertuak ematea ere. Zer erran, musika taldearekin bi diskoak gaztetxe batean grabatu ditugu. Beti errespetuz ikusi izan dut gaztetxeetako gazte guzien lana. Eskuak, bihotza eta burua lanabes dituztela borondaterik onenarekin lanean ikusten ditugu kantura goazenean. Oholtza lehenago norbaitek jarri duelako igo gaitezke gu kantura.

Baldintzak ez dira onenak izaten musika talde ainitzentzat, soinu ekipamendua dela, aretoenakustika ez dela egokia... Badakigu, ordea, baldintza gehiegi ezin dizkiogula jarri borondateari, aski baldintzaturik bizi baita jada. Garagarno epelera eta soinu baldintza justuetara ohitu garenontzat, momenturik ederrenak gaztetxeen oroitzapen kutxetan daude.

«Aurreiritziak kuestionatzeko gunea da Matadeixe»

Izibene Oñederra Artista

«Arnasa hartzeko toki bat da, niretzat, Matadeixe gaur egun. Bizitzeko modu bat. Aurrejuzkurik gabekoa. Aurreiritziak kuestionatzeko gunea. Egoteko modu kritiko bat da, azken finean, kultura kontsumitzeko beste modu bat, beste tokitan gertatzen ez dena, ez behintzat Azkoitian. Ez daukagu interesik azkenengo pelikula proiektatu eta ikusteko. Ez da gure aisialdia antolatzeko modu bat, hori baino askoz gehiago da. Jendartean ikusteko modua ere desberdina baita. Niri interesatzen zait Matadeixeren proiektua gaur egun. Askotan, urrezko aroez jarduten dugu, eta lotzen ditugu espazioak eta garaiak musika edo artista talde jakin batekin, edo ekitaldi konkretuekin edo... Niri amorragarria zait hori. Nire ustez, Matadeixe egiten da une oro, norbaitek zerbait antolatzen duen unetik beretik. Espazioa bizirik egon dadin, baten batek egon behar du, bestela etxe zaharrak bezala erori egiten baita.

«Gaztetxeei esker gaude gaur gauden tokian»

Mikel Kazalis Musikaria

«Euskal Herrian gaztetxeek, eta atzean dituzten gazte asanbladek, egin duten ekarpena funtsezkoa izan da. Bai sozialki, eta bai ikuspuntu pertsonal batetik ere, nire gaztaroa markatu duen fenomeno bat izan da, musikari gisa eta herritar gisa. Makroekitaldietatik urrun, diruak agintzen duen garaiotan, erakutsi dutelako borondatea eta gogoa besterik ez dela behar gauzak antolatzeko. Gazteen egonezinaren ikur bat direlako, nagusiek agintzen duten mundu ofizial eta legalari ostikoa eman eta autogestioaren bidez egitasmo propioak bultzatzea helburu dutenak. Gaztetxeei esker gaude gaur gauden tokian, zalantzarik gabe.Kultura alternatibo bat garatzeko azpiegitura alternatibo bat behar zen. Baina beti sistemaren mehatxupean ari dira, molestatzen duen zerbait izan dira beti, haien kontroletik atdaudelako, noski. Eta gaur egun ere hala da, azken asteotan Kortxoenearekin ikusi den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.