Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Izaera baketsuaren defentsan

Tentsio uneak izan dira Turullen eta fiskalaren artean. Auzipetuak defendatu du ez zutela bideratu diru publikorik galdeketara. Romevak epaimahaiari eskatu dio «karpeta katalana» politikara itzultzeko

Manuel Marchena epaimahaiko burua Jordi Turull Kataluniako lider independentistari zuzentzen, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean. EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hitz egiteko gogoz zegoen. Parlamentuko dinamikan erosoen egon ohi den politikarietako bat da Jordi Turull, eta erraztasun hori auzitegira eraman zuen atzo, ganberako hitzaldi bat balitz bezala; kanpotik behintzat, ez zirudien urduri zegoenik, zalantza bakar bat ere zuenik. Are, erabakitasunez erantzun zien galdera guztiei. Gogotsu zegoen, batez ere fiskaltzaren kontakizunari aurre egiteko, kontakizun hori salatzeko: «Katalunian baketsuak gara. Kataluniarrak, independentistak izan ala ez, baketsuak dira», erantzun zion Jaime Moreno fiskalari. Erantzunak eta kontraerantzunak amaigabeak izan ziren Kataluniako Presidentetza kontseilari kargugabetuaren eta Morenoren artean; sumatzen zen Turull haserre zegoela fiskaltzak mugimendu independentistari egotzi dion ustezko indarkeriarekin, eta independentzia galdeketan bozkatu zuten herritarrez aurkeztu duen irudiarekin. Baina hori galdeketaren jokoa ere izan zen, fiskala saiatu baitzen kontraesanak bilatzen, hura probokatzen; ez zuen halakorik lortu, eta ez zuen kontraesanik aurkitu, ez zeudelako edo Turullek ez zituelako agerian utzi.

Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketaren laugarren saioa egin zuten atzo, Presidentetza kontseilari kargugabetuari egindako galdeketekin abiatuta. Turullek aitortu zuen haren aurkako akusazioei aurre egiteko gogoa zuela; izan ere, denbora dexente zeraman publikoki hitz egin gabe. Hark zehaztu zuen epea: atzo bete ziren 365 egun, urtebete, kartzelan sartu zutenetik. Fiskalari erantzuteko eta aurre egiteko prest agertu zen, eta tentsioa nabaria zen Moreno fiskalaren eta Turullen artean, etenik gabea zirudiena: «Katalanak ez dira ardiak. Ez da jende militarizatua. Behetik gora joan da mugimendu independentista», ohartarazi zion Turullek Morenori.

Hiru orduz egon ziren hartu eta eman fiskala eta akusatua. Turullena defentsa teknikoa izan zen, baina ez zion uko egin eduki politikoan sartzeari, hor ere eroso baitzegoen. Fiskalak asko galdetu zion ustezko indarkeriaren inguruan. Presidentetza kontseilari ohiak argi eta garbi erantzun zion: «Porrot ziurra da prozesua indarkeriarekin lotzea». Gogor, zuzen, ahoan bilorik gabe aritu zen, akusatzaileen lanaz iritzia emateraino; une horretan galdeketa moztu behar izan zuen Manuel Marchena epaimahaiko presidenteak, eta ohartarazi zion ez emateko «balio iritzirik». Turull ados agertu zen Marchenarekin, baina ezin izan zuen saihestu, edo ez zuen saihestu nahi izan iruzkin horiek berriz egitea; Marchenak bitan errepikatu zion iritzi horiek saihesteko.

Indarkeriarik ez zela izan, independentistak izateagatik auzipetu dituztela eta Kataluniako Gobernuak une oro Espainiakoarekin adostasuna bilatu eta legedia errespetatu duela, horiek izan ziren Presidentetza kontseilariaren mezu nagusiak. Batez ere azken horretan sakondu zuen: «Elkarrizketarako hainbat dei egin genituen. Horietako bakoitza egitean, [Espainiako] estatuak salaketen, bide juridikoaren bidez erantzun zuen». Arreta ideia horretan jarri zuen: «Beti egin dugu estatuarekin hitz egitearen aldeko apustua». Eta ideia horri tiraka aritu zen, Madrilen jarrera salatzeko; izan ere, gogorarazi zuen Espainiako Gobernuak bete gabe dituela Auzitegi Konstituzionalaren 25 ebazpen, eta, beraz, «denek» ez dutela berdin erantzuten justiziaren aurrean: «Gero esaten dute ez gaituztela gure ideiengatik jazartzen». Morenok Konstituzionalak bertan behera utzitako Generalitatearen lege eta dekretuez galdetu zionean erantzun zuen hori.

[youtube]https://youtu.be/lFUOs3lDjlg[/youtube]

Fiskalak, besteak beste, ardatz hartu zuen, Guardia Zibilaren txostenaren arabera, Josep Maria Jove Kataluniako Ekonomia idazkari nagusiaren agendan agertzen diren hainbat ohar. Horietan oinarrituta, Turulli galdetu zion Kataluniako Gobernuak ez al zuen aldebakarreko estrategiaren alde egitea erabaki, eta Espainiako Gobernuarekin geroz eta konfrontazio maila handiagoa bilatu. Presidentetza kontseilari kargugabetuak ukatu egin zuen ideia hori, eta erantzun zion une oro eutsi ziotela Madrilekin akordio bat lortzeko aukerari. Eta hala egiteko asmoa dutela etorkizunean ere; hain justu, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Espainiako Gorteetarako bozak apirilaren 28ra aurreratu dituela jakinarazi ondorengo lehen deklarazioa izan zen Turullena.

Erreferenduma

Independentzia galdeketaz, bide beretik heldu zion Turullek: «Mugimendu independentistari irtenbide politiko eta demokratiko bat eman nahi izan genion». Eta 2017ko urriaren 27ko aldebakarreko independentzia deklarazioaz, Turullek adierazi zuen «deklarazio politikoa» izan zela. Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetuarekin konparatuz gero, ordea, aldaketaren bat izan zen Presidentetza kontseilariaren lekukotzan: Turullek defendatu zuen «bere osotasunean» bozkatu zutela, Fornek iragan astean egin ez bezala.

Fiskaltzak hamasei urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 11 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

Azken delitu horretaz galdetu zion fiskaltzak. Honako hau galdetu zion Morenok: «Ba al zenekien erreferendumera bideratu zutela diru sail bat?». Turullek erantzun zion «hauteskundeetarako» zela fiskalak aipatu zion kopurua. Are: «Ez genuen diru publikorik erabili 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma egiteko».

Junquerasen estrategia

Raul Romeva Kataluniako Atzerri kontseilariak arratsaldean erantzun zien galderei, soilik haren abokatu Andreu Van den Eyderi. Oriol Junquerasek eta hark abokatu bera dute, eta galderak erantzutean sumatu zen hori, antzeko estrategia erabili baitzuten bi akusatu horiek.

Romevak, Junquerasek iragan astean egin bezala, adierazi zuen «preso politiko bat» dela. Ez zuen paperik adierazpenak egin zituenean, ez zuen laguntzarik behar izan, dena buruan balu bezala. Sentsazio hori helarazi zuen, hark ere erabakitasunez erantzun baitzien abokatuaren galderei, zalantza izpirik gabe. Ziur zen esaten ari zenaz: «Mugimendu independentistak ez du inoiz onartu indarkeriarik». Van den Eyndek hainbatetan galdetu zion ustezko indarkeriaz, batez ere U-1ekoaz: «Bai, egun horretan indarkeria izan zen. Baina ez herritarren partetik, polizien partetik baizik».

[youtube]https://youtu.be/Woqsx4lmLaI[/youtube]

Autodeterminazio eskubideaz, argudiatu zuen XX. mendean eta XXI.ean 106 autodeterminazio erreferendum egin dituztela munduan: «1991z geroztik izan dira horietako 54, eta 26 estatuaren baimenik gabe. Ez dago legerik autodeterminazio eskubidea debekatzen duenik». Fiskaltzak 2012an jarri du prozesuaren abiapuntua, baina Romevak erantzun zion 2010ean hasi zela. «Kataluniako estatutuari buruzko Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Hor zerbait hautsi zen, itun bat». Hori kontuan harturik, eskatu zion epaimahaiari «karpeta katalana» politikara itzultzeko.

Ahultasun erakustaldia

Ez dute bat egiten balizko irtenbidean

Epaiketari buruzko albiste bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.