Naiara Elola.
BAZEN BEHIN...

Ni banoa

2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Estafeta kalean behera noa, Mercaderes aldera. Egunero pasatzen naiz handik. Oso gertu dago etxetik. Kale hasieran dagoen izkinako dendan dagoen markagailuari begiratu, eta irri egin dut. Argi dio: 16 ordu, 12 minutu eta 22 segundo. Sanferminetako benetako atzerako kontaketa hasi da. «Bihar, toki honek ez du orain duen itxuraren antzik izango», pentsatu dut.

Etxera iritsi, eta armairuko goiko atetxoa ireki dut. Oker ez banago, han gorde nituen sanferminetako arropa zuria, zapiak, gerrikoak eta eraso matxisten aurkako pin gorriak... Sukaldera joan, eta aulki bat hartu dut; ez naiz bestela goraino iristen. Jarri dut armairuaren parean aulkia, eta hanka gainera igotzera nindoala, etxeko telefonoak jo du.

—Kaixo, Miren, Ane naiz. Zer moduz? Zer zabiltza? —galdetu dit Anek. Kuadrillakoa da. Iruñera etorri nintzenetik apenas ikusi dugun elkar. Lanak aukera gutxi uzten dit Donostiara joateko. Azkenekoz ere, telefonoz hitz egin genuen.

—Ane!!! Zer moduz? Horixe aspaldiko! Ondo nabil, lanpetu samar baina pozik. Oraintxe ari nintzen sanferminetako arropen bila —erantzun diot.

Irri egin du Anek. Zerbaitek grazia egingo balio bezala.

—Hara! Kasualitatea! Horrexegatik deitu dizut. Sanferminak direnez, etxean niretzat eta Jonerentzat tokirik izango ote duzun galdetzeko deitzen nizun.

Esperoan nengoen. Iruñeko Alde Zaharrean bizita, pentsatzen nuen sanferminetako bezperan norbaitek etxean apopilo hartuko nuen deituko zidala. Noski, baietz erantzun diot Aneri, lasai etortzeko. Etxean hiru gela ditugu, eta, pisukideak ez dituenez sanferminak maite, oporretara joan zen astelehenean. Hara! Berriz ere telefonoa.

—Bai, esan?

—Miren! Gorka naiz. Zer, biharko dena prest? Iruñera joateko asmoa dugu, eta zure etxean gelditzen bagara, ondo? —galdetu dit. Ez zait bere jarrera batere gustatu. Ia telefonoa eskegi orduko esan dit etxean ostatu hartu nahi duela. Lehengusua dut Gorka, baina urtean behin, alegia, Gabonetan soilik ikusten dugu elkar. Handik aurrera ez diogu elkarri ez deitu ezta idazten ere. Baina baiezkoa esan diot, etortzeko lasai. Egia esan, ez dit graziarik egin, baina ez dut ezetz esaten jakin.

Berriz ere logelara joan naiz, biharko arropak behingoz armairutik atera eta apur bat prestatzeko. Beldur naiz berriz ere norbaitek deituko ote didan. Lehenengo hanka jarri dut aulkiaren gainean, baita bigarrena ere. Zutik jarri eta ziztu bizian hartu dut hartu beharrekoa. Nekatuta nago, eta entsaladatxo bat egin dut; afaldu, eta ohera sartu naiz. Bihar beste egun bat izango da.

Azkenean iritsi da eguna. Ez naiz markagailu paretik pasa, baina ez da pasatzeko beharrik. Dutxa bat hartu, eta prestatzen hasi naiz. Goitik behera zuriz jantzi naiz, eta zapia poltsan zintzilikatu dut. Suziria lehertzean jarriko dut lepoan; hala erakutsi zidan Alaitz lankideak iragan urtean. Aurtengoak nire bigarren sanferminak dira. Ekain aldean etorri nintzen Iruñera lanean, iragan urtean.

Prestatu bezain pronto jaitsi naiz kalera. Hamaiketakoa dugu ostatu batean. Alde Zaharrean bizi garen hainbat lagun elkartuko gara. Asmoa txupinazoaz gozatzea da. Hamar bat lagun inguru elkartuko gara. Kalean sumatzen da jai giroa; kanpotar andana dago, bere txankleta eta guzti. Sanferminetan esperientzia pixka bat badut, eta ondo ikasi nuen oinetakoek sendoak izan behar dutela.

Ostatura bidean noala jaso dut lehenengo telefono deia. Gorka da, nire lehengusua. Iruñera beste hiru lagunekin batera datorrela, eta ea haiek ere nire etxean lo egin dezaketen galdezka. Baietz esan diot, moldatuko garela. Egia esan, informazio hori atzoko deian ezkutatu egin zidala iruditu zait. Egia esan, ez zidan esan bakarrik etortzeko asmoa zuenik. Tira, tabernarako bidean aurrera jarraitu dut.

Iristeko 50 metro besterik ez zait gelditzen, eta Aneren mezu bat heldu zait sakelakora: «Miren, zure etxean beste hiru lagunek egin dezakete lo? Arazoren bat balego esan lasai, e». Nola esango diot kuadrillakoari ezetz, ez ekartzeko lagunak etxera? Gorkari baiezkoa eman diot, eta ezin kontrakoa esan lagunari.

Barruan sentitzen dudan haserrea ez da nahi baino jende gehiago izango delako etxean, ezetz esaten ez dakidalako baizik! Baina hemen, nire inguruan, mundu guztia umore onez eta alai dago, jaiak dira! Listua tragatu, haize berritu eta ostatura sartu naiz. Hor daude lagun denak; batzuk kalimotxoa eskuetan, besteak garagardoa... Mahaian eseri gara. Telebista alboan daukagu, Paula Remirezek suziria bota bezain pronto zapia lepoan lotu eta elkar besarkatzen eta saltoka hasteko.

Iritsi da unea: «Iruindarrok, gora San Fermin!» Momentu horretan bertan dar-dar egin dit sakelak. Telefonora mezutxo bat iritsi zait. Blokeoa kendu eta konturatu naiz beste hogei Whatsapp iritsi zaizkidala. Jai zoriontsuak opatzeaz gain, etxean txokoren bat egingo ote diedan galdetzeko idatzi didate beste bi lagunek. Nire haserrea maila gorenean dago; erabat amorratu naiz. Hartu dut erabakia. Guztia uztea erabaki dut. Ni banoa, Donostiara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.