Urkulluk eta Barkosek Sanchezi eskatu diote estatutuak errespetatzeko

Osorik bete eta PPren gobernuak jarritako helegiteak eteteko eskatu diote. Lehendakariekin bilduko da PSOEkoa, baina ez du datarik jarri

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarraren kontrol saioan, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako gobernuburu berriari bilerak galdegin dizkiote Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Nafarroako Gobernukoak. Iñigo Urkulluk eta Uxue Barkosek gutun bana bidali diote Pedro Sanchezi eta, azaldu dutenez, bietan eskatu diote bi erkidegoetako autogobernuekin konprometitzeko eta horiek sakontzeko bidean urratsak egiteko. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak, berriz, erantzun du autonomia erkidego guztietako presidenteekin biltzeko asmoa duela Sanchezek; lehenik, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrarekin, «uda baino lehen». Ez du zehaztasun gehiago eman.

Urkulluk jakinarazi duenez, bere eskutitzean Sanchezi jakinarazi dizkio «jorratzeko dituzten gaiak»; eta, bereziki, gogoratu dio Gernikako Estatutuan jaso baina transferitu gabe dauden eskumenak eskualdatzeko «beharra». Eusko Jaurlaritzako lehendakaria itxaropentsu azaldu da eta positibotzat jo ditu Espainiako Gobernuan izan diren aldaketak; haren ustez, aukera zabaltzen dutelako «arazo politikoak elkarrizketaren bidez konpontzeko». Horiek esan ditu Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Espainiako gobernu berriari buruz Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eginiko galderei erantzunez.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria «ziur» da Sanchezek Rajoyk baino hobetu «ulertuko» duela «zer den estatutua bere osotasunean betetzea eta autogobernuaren eguneratzea». Horretarako, baina, adierazi du aurrena akordio bat behar dela euskal eragileen artean, eta hori Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean lortu behar dela, Urkulluk azpimarratu duenez, Madrilen estatus berri bat proposatzea ez baita soilik Jaurlaritzaren ardura, legebiltzarrarena ere bada. Hori hala, Sanchezi ez ezik EH Bilduri ere mintzatu zaio, eta eskatu dio lehenik eta behin Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskaerarekin «inplikatzeko» instituzio guztietan.

Dena den, Espainiarekin «harreman akordio» berri baten alde azaldu da Urkullu, eta azpimarratu du horren muina izan behar dela «euskal herritarren erabakiak errespetatzea», erabakitzeko eskubideari aipamena eginez. Hori egungo legedian jasota ez dagoenez, zehaztu du bidea litzatekeela Madrilekin prozedura legal bat adostea, erabakiak bete egingo direla bermatzeko, printzipio legala ez dadin izan printzipio demokratikoaren muga.

EH Bilduren mezua Barkosi

Barkosek, berriz, salatu ditu PPren gobernuak Nafarroako Parlamentuak onartu dituen hainbat legeren kontra jarritako helegiteak, eta horiek eteteko eskatu dio Sanchezi. Horrekin batera, uste du «urgentea» dela Espainiako Gobernuak erkidegoei ezarritako Aurrekontu Oreka Legea gainditzea eta gastu publikoaren murrizketa neurriak bukatzea. Finantzaketarekin loturik, Nafarroako Itun Ekonomikoa berritzeko negoziazioei ekiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta eskualdatu gabe dauden transferentziak galdegin dizkio. Inbertsioen alorrean, abiadura handiko trena eta Nafarroako Ubidea nabarmendu ditu.

EH Bilduk, ohar baten, kritikatu du Nafarroako lehendakariak ez dituela eskakizun horiek kontsultatu berau babesten duten alderdiekin. Abiadura handiko trenari buruz, adibidez, gogoratu du «desadostasunen artean dagoen afera» dela. Era berean, faltan sumatu du «Nafarroako presoen egoeraz eta gatazkaren konponbideaz» eskaerarik ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.