Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Zertaz kezkatu

2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bigarren geldialdia atzo Markina-Xemeinen. Testuingurua, nahasia: azken egunotan gure herria astindu duten gertakariak, saioko une berean jendetza Bilboko kaleak zeharkatzen, azken orduan egungo Bizkaiko txapeldun Arkaitz Estiballesek kantatzeari uko egin... Baina aurrera egin behar, edo horretan saiatu behar behintzat, gehienok buruak eta bihotzak beste nonbait izanagatik.

Villabonako eztandaren ostean, apalagoa izan zen Markinakoa, giro aldetik bereziki.Zortziko nagusiko bertsoaldien artean bat aukeratzekotan, euren jaiotetxetik igaro eta sasiz inguratuta dagoela ikusi duten bi ahizpen paperean Onintzak eta Jonek osatu zutena nabarmenduko nuke. Zortziko txikian ez zen bertsoaldi bete eta saioa lehertzen duten horietakorik izan; Beñatek eta Abarkasek tiropitxoian botatako tiroak izan ziren, agian, bertsozaleengan algararen bat edo beste sorrarazi zuten arratsaldeko bertso bakanetakoak. Aipagarria da Abarkasek, gauetik goizera Txapelketa Nagusiko oholtzara igo ostean eman zuen maila bikaina. Ez zuen erraza, baina saio ona egin zuen, polita, betea.

Puntuari erantzuteko txandan izan ziren gogoratzeko aleak, Jone Uriaren hirugarrena, kasu, edo Agin Labururen lehenbizikoa. Hamarreko txikiko ariketan entzun genituen bertsoaldi osoenak, Abarkasek eta Uriak egindakoa, kasu: ume bat adoptatzekotan dauden gurasoak, azken orduan ume horrek beste bi neba-arreba dauzkala eta hirurak adoptatu edo ez zalantzan, Abarkasek hirurak nahi eta Uriak bakarra. Uriak maila oso altuan kantatu zuen baina Abarkas ere ez zen atzera geratu eta algortarraren oldarraldiari tamainan eutsi zion.

Kartzelako ariketan sei bertsolariek euren lana borobiltzeko aukera izan zuten, helduleku ezberdin asko iradokitzen zituen gaiari erantzunez: «orain arte maiztasunez ikusten zenuten elkar, baina bi aste dira etortzen ez dela». Agin Laburuk eta Jone Uriak, oso sendo, baita Eneko Fernandez nafarra ere neurri motzean, nahiz eta Uriak, arratsaldeko bere azkeneko bertsoko azkeneko puntuan, irrist egin. Laburuk, hirugarren bertso antologiko batez borobildu zuen bere kartzelako lana, bere-berea duen estiloan. Erregistro guztiak egoki menperatzen ditu hernaniarrak, eta umoretsu zein serio, zirtolari zein sakon, kilate askotako bertsoak botatzen ditu etengabe, entzulearengana iritsi egiten diren bertsoak, belarrian tilin egiten duen bere kantakeraz baliatuz. Epaileak puntuetan eskuzabalegi ibili ziren edo ez ziren, saio osteko korrotxoetan entzun zitekeen, baina hori ohikoa da txapelketan. Gainera, testuingurua aipatu dugu lehenago, eta Aginek haserako agurrean aipatu bezala, astean zehar jazotakoak jazo eta gero, Markinako saioko «azken emaitzak kezka sortziak / ridikulua dirudi». Bada, horixe...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.