Nekane Txapartegi atxilotu dute

Suitzan atzeman dute, eta ETArekin lotu du Espainiako Barne Ministerioak.18/98 auzian zigortu zuten: torturatu egin zutela salatu zuen

Hodei Iruretagoiena.
2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nekane Txapartegi atxilotu du Zurichen Suitzako Poliziak, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan. Atzo arratsaldean zabaldu zuen albistea Espainiako Barne Ministerioak, Txapartegi ETAko kidea dela esanez. Gipuzkoako Sorturen esanetan, 8 urteko alabarekin zegoen atxilotu zutenean. Barne Ministerioaren arabera, gutxienez 2015eko ekainetik bazekiten Suitzan zegoela, ordutik egina baitzioten estradizio eskaera hango gobernuari. 2012an, euroagindu bat igorri zuen Auzitegi Nazionalak, Txapartegi atxilotzeko.

Asteasun (Gipuzkoa) HBko zinegotzi hautatu zuten Txapartegi 1995ean eta 1999an. 1999ko martxoan atxilotu zuten, beste hiru lagunekin batera. Torturatu egin zutela salatu zuen. Epaiketan azaldu zuenez, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek atzeman zuten, Tres Cantoseko komisarian (Madril) elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten, eta bortxatu ere egin zuten.

18/98 sumarioan epaitu zuten ondoren, Xaki atalean. 2006an egindako epaiketan bere torturatzaile gisa identifikatu zuen peritu moduan deklaratzen ari zen polizia bat, eta epailearen aurrean eman zuen testigantza. Hala adierazi zuen ondoren: «Sei urte geroago epaitegian elkartu naiz torturatzaileekin, baina ni han nire ideiekin nintzen, eta horregatik pentsatzen dut nahi izan duten guztia eginda ere ez dutela lortu, nik irabazi dudala borroka hau, militantzian jarraitzen baitut, eta niretzat hori garaipen bat da».

Auzi harengatik, sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten 2007ko abenduan, Xakiko kide izatea eta, beraz, Baltasar Garzon instrukzio epailearen arabera, «ETAren kanpo harremanetarako ministerioko» kide izatea egotzita. Zigortu zuten arte, besteak beste, TAT Torturaren Aurkako Taldean aritu zen. Barne Ministerioaren esanetan, dokumentazio faltsua zeraman atzo.

Sortu: «PP, tematuta»

Ohar bidez, Txapartegi askatzeko eskatu du Sortuk, eta salatu du PP «aterabide polizialaren ideia faltsuan tematuta» dabilela. Hala ere, bide horretan alferrik ari direla ohartarazi du alderdi independentistak: «Euskal Herriko errealitateak etengabe gezurtatzen du hori. Polizia operazioek ezingo dute ezkutatu Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoela, euskal herritarren hitza eta erabakia ukatzea oinarri duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.