Espainiako polizia ohi bat atxilotu dute, Amurrioko erasoaren egilea delakoan

Ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egiteko erabilitako pistola topatu du Ertzaintzak. EH Bilduk ontzat jo du ikerketan sakontzea

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 11
Ertzaintzak 74 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, joan den igandean Amurrion (Araba) izandako erasoaren egilea delakoan. Atxilotua erretiroa hartutako Espainiako polizia bat da. Identifikatua zuten astearteaz geroztik, eta, egun horretan haren etxea miatzean, munizioa topatu zuten, baina ez, ordea, erasoa egiteko erabilitako pistola. Azken orduetan, baina, Ertzaintzak pistola hori topatu du, eta atxilo hartu gizonezkoa. Tiro egin izana eta armak legez kanpo edukitzea egotzi diote. Galdekatu ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Joan den igandean, ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin zioten Amurrioko Lezama herribatzarrean. Bala batek sukaldeko leihoa zeharkatu zuen, kristala hautsiz, eta horma jo zuen, baina ez zen inor zauritu, erasoa gertatu zenean familiako zenbait kide baserrian zeuden arren. Ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo eman zuen atxiloketaren berri. Polizia izanik, susmagarriak bazuen pistola bat, baina, erretiroa hartzean, arma itzuli zuen. Poliziek badute, lanekoaz gain, beste arma bat izateko baimena, eta hura manten dezakete erretiroa hartu ondoren ere, horretarako baimena eskatuz eta behar bezala argudiatuz gero. Baserriari «baimendu gabeko arma motz» batekin egin zioten tiro, asteartean Josune Irabien (EAJ) alkateak jakinarazi zuenez.

Eraso «politikoa»

Ustezko erasotzailearen atxiloketaren inguruan mintzatu zen atzo Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. Donostian eginiko agerraldi batean, ontzat jo zuen ikerketan sakontzea, gertatutakoa argitu dadin. Izan ere, koalizio subiranistari «harrigarria» iruditzen zitzaion «badaezpadako inolako neurririk» ez hartzea gertatutakoa «hobeto ikertzeko, frogak deuseztea galarazteko edo antzeko gertakariak berriro pasatzea saihesteko». Erasoa «oso larritzat» jo zuen Arzuagak, eta uste du «motibazio politikoa» dagoela atzean: «Gorazarre totalitariorako diskurtso guztiek horrelako egoerak dituzte ondorio».

Amurrioko Udaleko talde politiko guztiek aho batez arbuiatu zuten erasoa, eta elkarretaratze bat egin zuten asteartean, protesta modura. EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSE-EEk, PPk eta Guk Bai taldeak osatzen dute Bozeramaileen Batzordea. Jaurlaritzak, EAJk, Sortuk eta Ahal Dugu-k ere arbuiatu zuten erasoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna