Merera Gudina. OFCko lehendakaria

«Barruko kolonoak izan ditugu Etiopian»

Etiopiako talde handiena izanagatik gutxiengoen menpe egon direla salatzen dute oromoek: lehen enperadore amharen eta orain gobernu tigrearen menpe. Demokrazia eurek ekarriko dutela uste du Gudinak.

OROMOEN KONGRESU FEDERALA.
Samara Velte.
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Politika Zientzietako ikasle zenetik jardun du Merera Gudinak unean uneko gobernuen aurka protestan (Ambo, Etiopia, 1956); unibertsitatean lehenbizi, eta parlamentuan geroago. Berehala ordainarazi zioten prezioa: ikasketak oraindik amaitu gabe zeuzkala espetxeratu zuten, eta zazpi urtera irten zen kargurik gabe. 1996an Oromoen Kongresu Nazionala (ONC) sortu zuen, herrialdeko talde etniko handienaren burujabetza aldarrikatzeko. Gaur egun OFC izena darabil, Oromoen Kongresu Federala, eta Oromiako legezko alderdi nagusia da. Parlamentuan, oposizioko koalizio nagusian dago ordezkatuta. Addis Ababako unibertsitatean irakasle izateaz gain, koalizioko burua ere bada Gudina. Oromo herriarentzat baino gehiago, Etiopia osorako aldaketa federala eskatzen du, talde etniko bakoitzari neurriko ordezkaritza bermatuta: «Gutxiengo erregimen batek ezin du sustatu aldaketa demokratikoa, ez bada Hegoafrikaren estiloan. Horregatik diot oromoek hartu behar luketela ardura Etiopia berregiteko, hango herri guztien interesetan, trantsizio demokratiko bat bermatzeko».

Gehiagotan izan dira protestak Etiopian, baina oraingoan larrialdi egoera ezarri du gobernuak, lehenbiziko aldiz 25 urtean. Zergatik?

Herritar batzuei izua eragiten die albisteetan hori entzuteak, baina praktikan ez dut uste gauza handirik aldatzen denik: jendeak protesta egiten jarraitzen du, eta unibertsitateko ikasleak gose greban daude. Larrialdi egoera ezarrita, gobernuak legezko babesa baizik ez du jasotzen bere ekintzak legitimatzeko.

Zerk piztu ditu protestak?

Hasieran, gobernuak Oromian abiatutako lurralde plan baten aurkakoak ziren; milaka nekazari mugiarazi dituzte, euren lurrak elite ekonomikoei uzteko. Herrialde honetan, talde etniko handienak zapalduta daude: oromoak eta amharak herritar guztien bi heren inguru dira, baina ez daukate ia ordezkaritzarik edo eraginik. Oromo herria da handiena, baina gure alderdi politiko gehienak debekatuta daude, eta oro har baliabide ekonomiko gutxiago dauzkagu. Estatuko sektore ekonomiko nagusiak gobernuko alderdiak kontrolatzen ditu, eta geroz eta ustelkeria gehiago dago. Beraz, lurrei buruzkoa zen hasieran arazoa, baina orain oromoak hauteskunde garbiak eta burujabetza eskatzen ari dira.

Etiopia, ofizialki, «nazioen nazio» bat da; gobernuko koalizioan lau talde nagusiak daude ordezkatuta.

EPRDF gutxiengo baten gobernua da; tigreek monopolizatuta daukate. Oromoek eta amharek ez daukate ia zer esanik han. Ofizialki oromoak gobernuan ordezkatzen dituen alderdia ez du inork aukeratu hemen; izan ere, alderdi hori gerrako presoekin sortu zuten. Junta militarraren aurkako gerran, gerrilla tigreak oromoak gatibu hartu zituen, eta orain gobernuan dauzkate horiek, baina hemen ez daukate zilegitasunik. Gezurra da demokrazia federala daukagula: tokiko erakundeak ere eurek kontrolatzen dituzte.

Baina sezesiorako eskubidea bermatuta dago Etiopiako Konstituzioan.

Baina, era batera edo bestera, parlamentuko alderdi nagusiaren oniritzia behar da halako zerbait bultzatzeko. Sezesioa aipatzen duen bakarra gobernua bera da, jendea izutzeko: Etiopia banatuta desastre bat litzatekeela esaten du. Guk geuk ere ez dugu aldarrikatzen: hauteskunde askeak eta pertsonako boto bat izatea baizik ez dugu eskatzen. Talde etnikoak modu justuan ordezkatuta dauden Etiopia federal batean sinesten dugu.

EPRDFk Etiopiako Herri Fronte Demokratiko Iraultzailea esan nahi du, eta bere burua antiinperialista gisa aurkezten du.

Garai sozialistetako izena da hori, baina ez ditu baztertutako inoren interesak ordezkatzen: ikasleak eta langabetuak protesta egiten ari diren horiek dira. Antiinperialista dela dio, baina AEBek eta Erresuma Batuak babesten dute. Ustelkeria kasuekin lotutako politikariek han dituzte bankuak eta ondasunak.

Beste bitxikeria bat: Etiopiak ez du eduki Afrikako beste herrialde batzuen tankerako historia koloniala. Horrek nola eragin du tokiko politikan?

Egia esatea nahi baduzu, ez dut uste Afrikako beste edozein herrialde baino hobeto joan zaigunik; izatekotan, kontrakoa. Barruko kolonialismoak eduki ditugu, eta, eliteen bidez, kolonia britainiarra bagina bezala da, baina distantzian, bitartekariekin.

Zein irtenbide ikusten diozu oraingo gatazkari?

Hainbat aukera daude. Gertatu liteke agintea kolapsora iristea, eta horren ostean gobernu barneratzaile bat sortzea; edo amaitu dezakegu gerra zibil batean. Edozer gerta liteke.

Ruandan gertatu bezalako zerbait gerta liteke?

Ez dakit zein neurritan egin diezaioketen gobernuari presio bere bi Anaia Nagusiek —Erresuma Batuak eta AEBek—, baina indarkeriak indarkeriara eramaten du. Eta aipatu duzun hori aukeren artean dago, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.