Elkarlanaren aldeko mezua Euskararen Eguneko ardatz

Igandean da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta adierazpen bat onartu dute EAEko erakundeek. Eragileekin lankidetza izan beharra jaso dute
Erakundeetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, Euskararen Eguneko adierazpenaren aurkezpenean.
Erakundeetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, Euskararen Eguneko adierazpenaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko azaroak 28

Elkarlan hotsetan ospatuko dute igandean Euskararen Nazioarteko Eguna. Joan den astean aurkeztu zuten Euskaraldia, hizkuntza ohiturak astindu nahi dituen egitasmoa, batasun argazkiarekin: Euskal Herri osoko erakundeek eta euskalgintzako eragileek elkarrekin aurkeztu dute proiektua. Ildo hori sakontzeko asmoa agertu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek, Euskararen Egunerako adierazpen bateratuaren bitartez. «Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko».

Iaz ere onartu zuten erakundeek adierazpen bat Euskararen Egunerako —Zer egin dezaket nik euskararen alde? zuen izena—, eta hainbat eragilek bat egin zuten gero harekin —euskalgintzako eragile batzuek ere bai—. Aurten, Euskara auzolan goiburua hartu dute adierazpenerako, eta, hain justu ere, erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetza hartu dute dokumentuaren ardatz gisa.

Hakoba batzordean ondu dute adierazpena. Honako erakunde hauek daude batzordean: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalak; Eudel udal elkartea; eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Elkarrekin aurkeztu zuten adierazpena atzo Gasteizen.

«Ilusioa eta elkarlana»

Bi kontzeptu nabarmendu dituzte agirian: lankidetza eta ilusioa. «Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez». Etorkizun hori lortzeko helburuarekin urteotan guztietan egindako eginahala goraipatu dute adierazpenarekin: «Zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publikoak zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea».

Erabileran jarri nahi dute orain erdigunea: «Erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutza handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu». Ohiturak aldatzeko, uste dute «euskararen aldeko gehiengo soziala» aktibatu behar dela: «Euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena».

Elkarlana aldarrikatu dute, beraz. «Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz. Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria».

Gasteizen egingo dute Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia EAEko erakundeek, igande eguerdian. Nafarroako Gobernuak hainbat kultur emanaldi antolatu ditu egunotarako; ostiralean, Euskara sarera saioa izango da gazteentzat Iruñean. Hainbat herritan ere antolatu dituzte ekintzak; aktibazioari buruzkoak izango dira asko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bi etxegabe Donostiako Atano III.a pilotalekuaren txarteldegiaren parean etzanda, joan den urtarrilaren 7an. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kalea hotzegi dagoenean

Igor Susaeta

Etxegabeentzako aterpeen arazoa azalera atera da Donostian hotzaldian. Alkateak kudeaketa defendatu du. Harrera Sareak «baliabide gehiago» eskatu ditu

«Sistemak aukera edo irtenbide gutxiegi ematen ditu»

I. Susaeta

Aterpeek «aldi baterako» izan behar dutela uste du. «Baina ez dira». Aurten hotzaldirako prestatutako aterpea «pertsona jakin batzuentzat» pentsatua zegoen; alegia, «ahulenentzat».

Ez baita zenbaki kontu hutsa

I. S.

Bilboko aterpeetan inoiz baino leku gehiago dago aurten. Beste Bi plataformak uste du etxegabeek eskatzen dutena eta eskaintzen zaiena ez dagoela «oso orekatuta».
Bi gizon, itxitako taberna baten aurretik pasatzen, atzo, Zornotzan. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hesituta, birusa zabal ez dadin

Maialen Arteaga, Irati Urdalleta Lete

COVID-19aren intzidentzia dela eta, hogei herri ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Aizarnazabal eta Zornotza tartean. Nola aztoratzen du egunerokoa horrek? Nola bizi dute herritarrek inguruan hainbeste kasu izatea? «Urduri» daude, baina bada «esperantzaz» mintzo denik ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna