«Kikildu egin nintzen zuzengunea ikustean»

Andres Vilariño pilotu donostiarrak bitan parte hartu zuen Le Manseko 24 Orduetan: 1989an, Porscherekin, eta 1994an, Ferrarirekin. «Esperientzia ahaztezina» izan zela aitortu du.

Julen Etxeberria.
2015eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hogeita sei urte pasatu dira. Halere, atzo izan balitz bezala gogoratzen du Andres Vilariñok (Donostia, 1951) 1989an Le Manseko 24 Orduetan parte hartu zuen lehen aldia —1994an ere aritu zen—. «Mendiko Europako Txapelketan ari nintzen —txapeldun izan zen urte hartan, eta hurrengo hiru urteetan—. Repsol nuen babesle, eta, egun batean, hango kontseilari batek bilera batera deitu ninduen. Okerrena pentsatu nuen, ez zigutela gehiago diruz lagunduko. Baina, ezustean, Le Manseko 24 Orduetan aritzea eskaini zidan, Carlos Sainzen ordez. Zur eta lur geratu nintzen. Ez nuen inondik inora espero. Hala ere, baietz esan nuen. Aukera bikaina zen».

Konturatu orduko, Le Manserako bidean zeuden Vilariño eta haren emaztea, Mari Carmen Facal. Zirkuitura iritsi eta beldurra barruraino sartzea, biak bat izan ziren. «Hunaudieresen zuzengunea ikustean kikildu egin nintzen. Zer zen hori! Sei kilometro luzeko zuzengunea!». Beldurra gainetik kendu ezinda hartu zuten ostatu zirkuitu ondoko hotel batean. «Emaztea konbentzitu nuen bera sar zedin lehena. Frantsesez ni baino hobeto moldatzen zela esan nion. Aitzakia zen. Horren beldurtuta nengoen, ezen ez nintzen gai altxatzeko». Hoteleko nagusiaren azalpenek ez zuten asko lagundu Vilariño lasaitzen. «Han hasi zitzaidan kontatzen nola hemen eta han ez dakit zenbat gidari hil ziren. Lasaitu beharrean, urduriago jarri nintzen».

Le Manseko zirkuituaren asfaltoa zapaldu bezain laster ohartu zen eskarmentu handia izanagatik «hasiberri bat» zela Le Mansen. «Errepideetan lehiatzen nintzen ni. Zirkuituak erabat arrotzak ziren niretzat, baita Le Manseko 24 Orduetan lehiatzen ziren autoak ere. Bi turbo zituzten, eta potentzia itzela, 800 cc-etakoa. Izugarrizko abiadura hartzen zuten. Munstro batzuk ziren».

«Nola edo hala» lortu zuen auto berrira egokitzea. Ez zuen izan denbora askorik, astebete eskas. Azken proba ere ezin izan zuen egin, sekulako euri jasa bota baitzuen. Gaizki hasi zena gaizki bukatu zen. Franz Konrad austriarrak, Rudi Seher alemaniarrak eta Vilariñok gidatutako Porsche 962 autoak gutxi iraun zuen pistan. «Lasterketaren erdia jokatu gabe erretiroa hartu genuen. Goizeko ordu bata zen. Gogoratzen dut nola behin erretiroa hartuta emaztea eta biok joan ginen lasterketaren ingurukoak ezagutzera. Eta harrituta geratu ginen. Sekulako musika kontzertuak, ikuskizunak... Hori ere bada Le Mans. Ikuskizun erraldoi bat».

Bost urte geroago, atera zuen «arantza». Alfonso de Orleans espainiarrarekin eta Tomas Saldaña bilbotarrarekin osatu zuen taldea. Haien Ferrari 348 GTB autoa laugarren postuan sailkatu zen GT2 mailan, 11. postuan maila guztiak kontuan hartuta. Estreinakoan egin bezala, «gozatu» egin zuen Vilariñok bere burua Le Mansen ikusita. «Pribilegiatutzat dut neure burua han parte hartu izanagatik. Lasterketa bakarra da, eta ezin bereziagoa. Ordubeteko lasterketa batean makina bat gauza gerta badaitezke, pentsa zer gerta daitekeen 24 ordu irauten duen batean. Horrek egiten ditu berezi, horrek egiten ditu bakar Le Manseko 24 Orduak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.