Aldundiak azaldu du «beste bide batzuk» daudela erantzukizunak eskatzeko

Epaiak dioenez, errauste plantaren lehen proiektua «neurriz gaindikoa» zen, «ez zen eraginkorra», eta mankomunitateei gainkostua eragingo zien

Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, Zubietako lanen hasieran. J.C. RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ohartarazi du oraindik badagoela auzibideetan jarraitzeko aukera errauste plantaren lehen proiektua gelditzearen erantzukizunak argitzeko. Asensiok iragarri du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak «egun batzuk barru» aztertuko duela egoera, eta erabakiko duela helegitea aurkeztu edo ez Espainiako Kontu Auzitegiaren ebazpenaren aurka. Hamabost egun ditu auzibide hori luzatuko ote duen erabakitzeko.

Horren harira, Asensiok gogora ekarri du Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia bat heltzeko dagoela oraindik: erraustegiaren kontratua etetea legez kontrakoa izan ote zen argitzeko epaia. 2018ko urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen Zubietako erraustegiaren kontratua etetearen kontrako epaia. Ordea, EH Bilduk helegitea aurkeztu zion «neurriz gaindiko» proiektua zelako, baita «diru publikoa xahutzeagatik» ere.

Asensiok azaldu du «errespetuz» hartu duela Kontu Auzitegiaren epaia, baina gaineratu du ez datorrela bat bertan emandako «argudio batzuekin». Are gehiago, diputatuaren iritziz, epaileak emandako argudio horietako batzuk «kontraesankorrak» dira Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2014an argitaratutako txostenean jaso zituen ondorio batzuekin.

LABek «poza» agertu du epaiaren inguruan. «Kontratua etetea zen har zitekeen erabaki zuzenena eta bakarra», esan du. Horrez gain, sindikatuak EAJri eta PSE-EEri eskatu die bertan behera utz dezatela «inoiz hasi behar ez zuen auzibidea», baita Zubietako errauste planta egiteko lanak gelditu ditzatela ere.

Kontu Auzitegiaren epaiaren ostean, Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak, zuzenketa bat eskatu die EAJri eta PSE-EEri. Halaber, eskatu die «judizializazio politika» bertan behera uzteko, baita «mehatxuak» eta «mendeku politika» ere.

«Akaso bideraezina»

Zubietako erraustegiaren proiektua «neurriz gaindikoa» zen, eta, ondorioz, «ez zen eraginkorra». Hala dio Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiak. Areago: gaineratu du «akaso» proiektua «bideraezina» izango zela. Margarita Mariscal de Gante epaileak zorrotz kritikatu du errauste plantaren lehen proiektua, eta gaineratu du «nahikoa froga» daudela hori egiaztatzeko.

Epaileak Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta errugabetu ditu leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik, eta bat egin du haien defentsaren argudioekin. «Kontratua bertan behera utzi ez izanak gutxienez gainkostu handiagoa eragingo lieke mankomunitateei». Gainkostu hori 2014. urtean bakarrik 11 milioi euro ingurukoa izan zitekeela zenbatetsi du.

Horrez gain, epaileak Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu ditu 41 milioiren zorra sortzearen akusaziotik. Zortzi milioi euroko kalte-ordainaren ardura ez ezik, 31 milioi euroko zorra leporatzen zieten finantza gastuengatik. Finantza gastu horietan swap direlakoak sartzen dira: erraustegia eraikitzeko maileguaren interesen gorabeheren aurreko aseguruak. Epaileak ebatzi du finantza gastu horiek «neurriz gaindiko» azpiegitura baten kontratazioaren ondorio direla, eta akusatuak errugabetu ditu, ez zutelako zerikusirik izan kontratatutako zerbitzu horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.