Eli Pescador.
IRITZIA

Txiki handia zara zu

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Etxe gehienetan gertatu ohi da gazteak zaharraren pausoei jarraitzea. Gurean, ordea, alderantziz gertatu da: zu izan zinen etxeko lehen paladak eman zituena, eta zu izan zara azkeneko paladak ematen lehena ere.

Urte asko eman ditugu elkarren aurka lehiatzen, bata arrosaz jantzia; bestea, beltzez. Momentu askotan jakin izan dugu norberarentzat ez zen altxorra besteak eramateko aukera handia zeukala. Ez dira momentu errazak izan, nahiz eta saria etxean geratu, aurkariak eramango zuelako. Behin baino gehiagotan eztabaidatu izan dugu, baina etxekoek eta gure arteko konplizitateak aurrera jarraitzen lagundu digute, kirola heldutasunez ikusi eta egin dugunarekin gozatzen ikasi, bestearen garaipen eta esperientzien zatitxo bat norberaren bihurtuz.

Beti miretsi izan zaitut arraunlari moduan: lehiakorra izan zarelako, burugogorra, sufritzen jakin duzulako, taldekide on moduan ikusi zaitudalako, besteen lana baloratu duzulako, momentu txarretan burua altxatu eta aurrera jarraitu duzulako, irabazteko grina odolean eraman duzulako...

Milaka palada eman dituzu, hamaika sari lortu dituzu, emakumezkoen arraunaren historian zure ubera utzi duzu. Harrotasunez bizi dut zure kirol ibilbidea, eta ziur izan goian dugun izarrak ere halaxe egiten duela. Etxeko txiki handia zara zu.

Polita izan da kirol berean aritzeko aukera izatea; baina, arraunari agur esaten diozun honetan, esperantza txiki batekin jarraituko dut: inoiz, biok elkarrekin, etxean palada batzuk emango ditugun esperantzarekin.

«Indarra berreskuratzen badut, baliteke itzultzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.