Katalunia. Auzibideak

Boya: «Espetxera sartzen banaute, errepublika dagoenean aterako naiz»

CUPeko diputatu ohia Auzitegi Gorenera joango da deklaratzera, bihar. Lau egunean sei ikertu pasatuko dira Llarena epailearen aurretik
Carles Puigdemont, Mireia Boya eta Anna Gabriel, artxiboko irudi batean.
Carles Puigdemont, Mireia Boya eta Anna Gabriel, artxiboko irudi batean. ANDREU DALMAU / EFE

Ander Perez Zala

2018ko otsailak 13
Urriaren 1eko independentzia erreferendumaren antolaketa ikertzen duen auziak deklarazioen faseari ekingo dio aste honetan. Auzitegi Gorenean izango dira sei buruzagi eta buruzagi ohi independentista, matxinada eta sedizioa egotzita. Mireia Boyak, Pablo Llarenak deituriko lehen ikertuak, baieztatu du bihar Madrilen izango dela, epailearen aurrean deklaratzeko; ez du zehaztu, ordea, fiskalak egindako galderei erantzungo ote dien. Hala, ez du bere ideiak alde batera uzteko asmorik agertu: «Espetxera sartzen banaute, errepublika dagoenean aterako naiz».

CUPen parlamentuko taldearen zuzendari ohiak atzo eman zuen bere asmoen berri. Oraingoan, desobedientziarik ez egin, eta epailearen aurrean deklaratzeko asmoa iragarri zuen, betiere kontuan harturik ez diola men egingo Espainiako Konstituzioari. «Nire ideiak defendatuko ditut. Kontrakoa egiteak ez du ezertarako balio». Atzo iragarri zuen biharko deklarazioan CUPen hauteskunde programa eta U-1eko independentzia erreferendumaren emaitza defendatuko dituela, eta egoeraren mailara egoteko eskatu die indar independentistei, behin-behinean espetxean sartuko balute. «Epaileari esango diot erreferenduma egin genuela, eta erreferenduma irabazi genuela».

Kartzelan sartzeko aukeraz jabetuta —testuingururik «okerrena» litzateke—, CUPeko diputatu ohiak «erreakzio politiko» bat izateko eskatu die indar independentistei, «estrategia koordinatu» baten barnean.

Ikertuen zerrenda luzea

Llarenak abenduaren 22an areagotu zuen ikertuen kopurua, eta erabaki zuen denak Carles Puigdemont buru zuen gobernuaren aurkako eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten aurkako kausa berean ikertzea. Boya eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohiaz gain, epaileak erabaki zuen ikerketapean jartzea Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia, Marta Rovira, ERCko idazkari nagusia, Artur Mas, Kataluniako presidente ohia eta Neus Lloveras, AMI Udalerri Independentisten Elkarteko presidente ohia.

Pascalek eta Rovirak datorren astelehenean deklaratuko dute, Masek eta Lloverasek hurrengo egunean eta Gabrielek asteazkenean —Boyaren egun berean zen deklaratzekoa, baina hark datorren astean egingo du, atzerapena eskatu ostean. Oraingoz, ez du argitu deklaratzera joango ote den—. Denera, sei ikertu pasatuko dira Llarenaren aurretik, lau eguneko epean. Guardia Zibilak abenduaren 15ean epaileari emandako txosten batean agertzen dira sei ikertuen izen-abizenak, eta Llarenak horko zantzuen arabera jarri zituen ikerketapean, buruzagi eta buruzagi ohi horiek prozesu independentistaren batzorde estrategikoko kide zirelakoan.

Boyaren iritziz, Guardia Zibilak aurkeztutako testua «partziala eta interesatua» da, eta ez dator bat iazko urriaren 1eko errealitatearekin, egun hartan «ez zelako indarkeriarik izan». CUPeko hainbat kide Madrilera joango dira Boyaren eta Gabrielen deklarazio egunetan, babesa emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna