Antiespezismotik, animaliak erabiliko ez dituen besta eredu baten alde

Askekintzak 'Festak ospatu, animaliak askatu' kanpaina abian jarri du, bigarrenez.Donostian berriz ere zezenketak egitea salatu du taldeak

edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
«Tamalgarria da». Zezenketek ez dute tokirik Askekintzak aldarrikatu nahi duen besta ereduan. Animaliak erabiliko ez dituen besta eredu batean, alegia. Aldarri hori egia bilakatzeko lanean hasi ziren taldeko kideak, iaz. Festak ospatu, animaliak askatu izenburuko kanpaina antolatu zuten, eta Donostia inguruko hamaika herritan eta auzotan izan ziren animalien erabileraren aurka protesta egiten. Aurten ere bai. Horregatik, «tamalgarritzat» jo du Askekintzako kide Xabier Arratibelek Donostiako Udalak berriz ere zezenketak antolatzeko urratsa egin izana. «Atzerapauso handia da».

EH Bilduren udal gobernuak 2013ko otsailean erabaki zuen Ilunbe plaza zezenketetarako ez alokatzea, eta, ondorioz, bertan behera geratu ziren. Joan den maiatzeko hauteskundeen harira, auzi horri buruz galdeketa egiteko aukera jarri zuen mahai gainean EAJko hautagai Eneko Goiak. Hura da Gipuzkoako hiriburuko alkate, ekainaren 13tik; galdeketa antolatu gabe, zezenketak berriz antolatzea erabaki du. Akordioa egin du Casa Chopera enpresarekin, eta ia %40 merkeago alokatu dio Illunbeko plaza, Aste Nagusian zezenketak egiteko. Eguzki talde ekologistak salatu du 14.000 eurori egin diola uko udalak; eta plazak, denera, 29 milioi euroko zuloa eragin duela, jada, hiriko kontuetan.

Herritar askok ez dute ontzat jo Goiaren erabakia. 12.400 pertsonak baino gehiagok sinatu dute Donostian zezenketak ez egiteko eskaera. Donostia Antitaurinoa Orain plataformak jarri du martxan kanpaina hori. Uztailaren 30ean, zezenketen aurkako mozioa eztabaidatu zuten Donostiako udaletxean, eta plataformak protesta egin zuen. Mozioak ez zuen aurrera egin. Igandean, manifestazioa eginen dute: 18:00etan, Bulebarreko kioskoan.

Poliki, baina martxan

Askekintza da plataformako kideetako bat. Zezenketen aurkako mezu garbia zabaldu dute. Animaliak erabiltzen dituzten besta jarduera guztien kontrakoa. «Ikuspuntu orokor batetik; antiespezismoaren ikuspuntutik. Animalien erabilera ororen kontra gaudelako».

Igeldoko bestetan egin zuten Askekintzako kideek iazko lehendabiziko elkarretaratzea. Han jarri zuten martxan Festak ospatu, animaliak askatu kanpaina. «Animalien erabileraren gaia mahai gainean jarri nahi genuen». Hamaika herritan eta auzotan izan ziren.

Bertze urrats bat egitea erabaki zuen Askekintzak, iazko kanpaina amaitu eta gero. Udalekin bilerak egin, eta hainbat jai batzordetan parte hartu dute taldeko kideek. Errenterian lortutakoa jarri du adibide Arratibelek. Bestak antolatzeko batzordean parte hartzera deitu zituen udalak Askekintzako kideak, iaz han protesta egin eta gero. Onartu zuten. Egindako lanaren ondorioz, aurten idi demarik ez da egin; menu beganoa izan da txosnetan, gainera; eta bigantxen erabilera ordezkatzeko, pilota erraldoiekin egin dituzte entzierroak, karriketan.

«Hor jarri behar dugu indarra. Herrietako jai batzordeetan lan egitea da kontua». B esten errealitatea barrutik aldatu nahi dute Askekintzakoek, eta herritarrak bilakatu aldaketaren protagonista. Argi dute lan anitz badela egiteko. Baina martxan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.