Miquel Iceta: «PSCn ez dago 155. artikulua nahi duen inor»
Duela ez hainbeste, joan den uztailaren 7an izan zen, Kataluniako prozesu subiranista eta haren ondorioak lehertzear zeudenean artean. Margarita Robles Espainiako Kongresuko PSOEren bozeramaileak esan zuen bere alderdiak «inoiz» ez lukeela Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko Kataluniako auzia konpontze aldera. Baina PSOEk berak ere babestu du haren ezarpena; baita PSCk ere, alderdi moduan. Eta horrek alderdi barruan prozesu subiranistak berak sortutako arrakaletan sakontzea besterik ez du ekarri.
PSCko lau alkatek agiri bat argitaratu zuten iragan larunbatean, alderdiari eskatzeko ez ditzala babestu Espainiako Gobernuak Generalitatearen kontra hartutako neurriak. Jada alderdiko 30 alkate baino gehiago dira idatziarekin bat egin dutenak. Halere, Miquel Iceta presidenteak dio ez dagoela barne hausturarik. «Helburuak partekatzen ditugu», adierazi zuen atzo, behin zuzendaritzaren bilera bukatuta. Eta Kataluniako Gobernuari leporatu zion 155.a aplikatzearen erantzulea izatea, «legalitatetik kanpo» aritzeagatik. «PSCn ez dago 155.a nahi duen inor».
PSCren tesiaren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak hauteskundeetarako deia egin beharko. Icetaren ustez, modu horretan «desastrea» eragotzi ahal izango litzateke. Baina PSCko hainbat kideren iritziz, 155.a ezarri nahi izateak eragin du desastrea.
Nuria Parlon (Santa Coloma de Gramenet), Jordi Ballart (Terrasa), Josep Mayoral (Granollers) eta Ignasi Gimenez (Castellar del Valles) dira agiria sinatu duten alkateak —Parlon PSOEren Zuzendaritza Federaleko kide zen, baina horri uko egin zion joan den larunbatean, Felipe Gonzalezen garaian Espainiako Industria ministro izandako Joan Majok alderdian baja eman zuen bezalaxe—, eta beste 30 batu zaizkie. Sinatu dutenen artean daude, gainera, PSCko kide historikoak, Raimon Obiols eta Laia Bonet kasu.
Alderdiaren posizioa adoste aldera eta dimisioak eteteko asmoarekin, Xavier Sabate PSCrekin Kataluniako Gobernuko kontseilari izan zenak alderdiko militanteen artean kontsulta bat egitea eskatu zuen herenegun. Hark ere Parlonek eta beste alkateek sinatutakoa berretsi zuen, eta ondokoa nabarmendu: «Esango nuke sozialista kataluniar gehienok kontra gaudela». Eva Granados Kataluniako Parlamentuko PSCren bozeramailearentzat, iritzi «diferenteak» dituzte alderdi barruan, baina «jarrera bakarra».
«Denborarik ez dago»
Zuzendaritzaren bilera egin zuten atzo, eta nahiz eta Sabatek barne kontsulta bat eskatu, ez zuten halakorik bozkatu, Icetak jakinarazi zuenez. Nabarmendu zuen hemeretzi mintzaldi zenbatu zituela batzarrean, eta inork ez zuela planteatu militantziari kontsultatzea alderdiak 155.aren bueltan eduki beharrezko jarreraz. «Ez dago horretarako denborarik».
PSOEk dioenarekin bat eginez, Icetak uste du oraingoz «ezin saihestuzkoa» dela 155.aren ezarpena. «Ilegalitatea ez da onargarria. Ez dugu independentziarik nahi, eta ezin dugu onartu gutxiengo bat bat gehiengoari inposatzea».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.