Albistea entzun

Indarrak neurtzeko derbia

Athleticek eta Realak gaur jokatuko dute Euskal Herria Txapela torneoko finala, Barakaldon
<b>Asier Illarramendi, Yuri Berchiche, Luca Sangalli eta Iker Muniain, 2018ko finalean, Irunen.</b>
Asier Illarramendi, Yuri Berchiche, Luca Sangalli eta Iker Muniain, 2018ko finalean, Irunen. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2022ko abuztuak 5

2017az geroztik, udako ohitura bilakatu da Euskal Herria Txapela torneoaren finala jokatzea. Aurten, Reala eta Athletic arituko dira, nor gehiago (20:45, ETB1), Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian (Bizkaia). Derbiak beti dira derbi, eta hala erakutsi dute Realak eta Athleticek buruz buru aritu diren neurketetan. Reala lau aldiz aritu da finalean, baina behin bakarrik irabazi du, Osasunaren aurka, 2020an. Athleticek, berriz, birritan jokatu du finala. Zuri-gorriek ere, garaikur bakarra irabazi dute. 2018an irabazi zuten, aurtengo aurkari beraren kontra, hain zuzen.

Bi taldeek denboraldiaurre gorabeheratsua izan dute. Realak lau neurketa jokatu ditu orain arte: bi irabazi ditu, bat berdindu, eta beste bat galdu. Gaur jokatuko dituzte donostiarrek denboraldiaurreko azken partidak. Goizean Eibar hartuko du talde txuri-urdinak, Zubietan, eta arratsaldean izango da Athleticen aurkako neurketa. Azken lehia izango da liga hasiera aurretik.

Imanol Alguacilek ezin izango ditu Martin Zubimendi eta Matthew Ryan zelairatu. Biak ere min hartuta daude, eta ikusteko dago ligako lehen neurketara sasoi onean iritsiko diren. David Silva, Alexander Isak eta Carlos Fernandez, berriz, asteazkenean hasi ziren taldearekin entrenatzen, min hartuta egon eta gero. Realak Cadizera egingo du bidaia sasoi honetako lehenengo neurketa jokatzeko, eta, horren aurretik, proba garrantzitsua izan daiteke gaurko partida.

Athleticek, berriz, sei neurketa jokatu ditu denboraldiaurrean. Horietako lau Alemanian, eta beste bat Ingalaterran. Bi neurketa irabazi ditu talde zuri-gorriak, hiru berdindu, eta bakarra galdu. Gaur Realaren aurka aritu eta gero, bihar jokatuko du azken lagunartekoa. Alaves izango du aurrean, Lezaman.

Bizkaitarrek hainbat jokalari dituzte min hartuta. Atzeko lerroa da Ernesto Valverderi buruhauste gehien ematen ari zaiona. Lehen taldeko bi atezainak, hau da, Unai Simon eta Julen Agirrezabala, ez daude jokatzeko moduan. Simonek taldekideekin batera egin zuen atzoko lan saioa, baina ez da deialdian sartuko. Ikusteko dago Mallorcaren aurka hamaikakoan izango den, edo bigarren taldeko atezainak, Ander Iruarrizagak, jokatu beharko duen haren ordez. Iñigo Martinez eta Mikel Balentziaga ere min hartuta daude, eta ez dira Barakaldon izango.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Jokalariak joan diren arren, multzo indartsua daukagu»

Ainara Arratibel Gascon

Luzera begirako helburuei baino gehiago, Unzuek «eguneroko lanari» erreparatu nahi dio. Uste du hori dela goiko postuetan egoteko bidea. Lehiakor izan nahi dute beste behin ere.
Berazubin aurkeztu zen atzo Euskal Herria Kopako. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Euskal Herria Kopa prest dago

Ainara Arratibel Gascon

Alaves-Eibar eta Reala-Athletic izango dira finalerdietan. Finala irailaren 4an jokatu da
Irati Osa piraguista entrenamenduetako batean. ©BERRIA

Ur lasaiak, laster bilakatzen

Pettan Uralde

Irati Osak beste domina bat gehitu dio bere sarien zerrendari. Zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen aurreko astean, Danimarkako Europako Txapelketan, K2 mailan.
Serena Williams Wimbledoneko neurketa batean, aurtengo ekainean. ©ANDY RAIN

Serena Williamsek erretiroa hartuko du

Uxue Rey Gorraiz

Tenislari estatubatuarrak iragarri du Estatu Batuetako Irekia izanen duela azken txapelketa. Orduan esanen dio agur tenis profesionalari, 40 urterekin. 23 Grand Slam irabazi ditu orain arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...