«Maila berean gara denak»

Sarako Idazleen Biltzarrak eman du bere 31.a, hor zituela argitaletxe sendoak zein liburu bakarreko idazleakGogoetarako ere balio izan dezake Biltzarrak, erakusleihoa nola elikatu jakiteko

Biltzarrean atzo omendu zituztenak. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Sara
2014ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Izpiritu demokratiko sinple eta herrikoi hori dut nik gehien preziatzen hemen. Hurbilekoa da, jendearekin mintzatzen ahal zara, eta maila berean gara denak. Konparatu behar bada beste liburuaren feria batzuekin. Biziki handiak eta erakundeek janak direnak», zioen Ur Apalategi idazle eta Utriusque Vasconiae argitaletxeko ordezkariak, atzo. Sarako Idazleen Biltzarrean erakuts mahai bat izateko ez direla erakusmahaiak ordaintzen azpimarratu zuen. Durangoko Azokan parte hartzeko, berriz, 900 euro ordaindu beharraz damutu zen.

Kasik urtero dator Apalategi Sarara. Eta aurten ere hor zegoen, egu-pasa, mahaira hurbiltzen zitzaion ororekin hitz egiteko gogoz. Eta bazuen norekin mintzatu. Usaiako jendetza bildu baitzen hitzorduaren 31. ekitaldira. Pena bakarra zuen Apalategik, Hego Euskal Herriko idazleen eskasa: «Gu hara, hangoak hona, eta nahasi», hori nahiko luke indartzea. Datozenen artean, hortaz, guztiak maila berean izate hori goraipatu zuen Eneko Bidegain idazleak ere. Lehen Mundu Gerra 'Eskualduna' astekarian (Euskaltzaindia) eta Lehen Mundu Guda eta Euskal Herrian (Elkar) bi liburu berriekin etorri zen, beste bederatzi bat libururen artean jarri zituenak. Mahai oso bat betetzen zuen. «Denak gara berdin. Berritasunak ukan edo ez. Prentsan atera edo ez». Haren mahaiaren ondoan Joseba Aurkenerena idazlearen mahaia zegoen. Eta, hain zuzen, berritasunik gabe etorri da Aurkenerena. Baina horrek ere betea. Dozenaka liburu. Batzuk euro batean saltzen zituenak. Merke, laster argitaletxeak deseginen dizkiolako, esplikatu zuenez. Euro batean, adibidez, Euskal Irainen bilduma Covadonga Garcia eta Jon Zelaiekin 1999an kaleratua. Zaharra,agian, baina Sararako ez zaharregia. Atzo ale batzuk saldu zituen.

Julen Madariaga 1971n argitaratu liburu batekin etorri zen. Ekai-Arauketa dialektikorrari buruz, ETAren idazlanak atalekoa. Zenbait egunen buruan ateratzekoa du Egiari zor (Erein), baina ez aski goiz Biltzarrerako. Anartean, marxismoaren proposamen euskaratu eta laburtua ekarri zuen Sarara. Haren ondoko mahaian, berriz, Elisabet Zubiaurre Arriaga zegoen, Ikasketa autonomoa, Teoriatik gelako praktikara txosten fotokopiatuarekin.

Euskal idazle zenbait, hortaz, baita frantsesezko andana bat ere. Baita argitaletxeak ere, dela Elkar, Pamiela, Maiatz edo beste. Hirunaka mahai hartzen zituela bakoitzak, horiek ere berritasunekin diren idazleak zituzten beren mahaiak biziarazteko. Argitaletxeentzat ere egun nagusia izaten da Biltzarra.

Elkarrek, konparazione, ondoan zituen atzo Mixel Itzaina eta bere Xalbador, eta Katixa Dolhare-Zaldunbide eta bere Biribilgune.

Eskasen edo nabarmentzekoen artean, agian, Dolhare-Zaldunbidek izatea Ipar Euskal Herriko fikziozko berritasun bakarra, Gazteluma bekari esker publikatua. Eta funtsean, Gazteluma, Ipar Euskal Herriko idazle gazte eskasari aurre egiteko sortu zen beka. Hasieran, 30 urte baino gutxiago dituztenentzat; azkenean, 40 urte arte zabaldua. Seigarren beka du irabazi Dolhare-Zaldunbidek. Beste elementu bat adierazgarria izan daiteke ere alde horretatik. Beste bekadunek liburu bakarra dute publikatua oraingoz, Eneko Bidegainez aparte. Dolhare-Zaldunbiderek, haatik, segitzeko gutizia erakutsia du. Literatura funtsean, lanbide du, bai ikerle gisa zein irakasle.

Zehaztekoa ere, agian, fikzioaren ordezkari gazte bakarra izateaz gain, emazteen ordezkari ere badela Dolhare-Zaldunbide nonbait, emazte gutxi ere agertu baitzen Saran bertan. Umorerik hartu zuen hori idazle lapurtarrak:«Usaian, buru zuriak dira gibeleko aldean, eta nik galderak pausatzen dizkiet, eta, orain, alderantziz». Eta irriz gehitzen: «Entseatuko naiz ahalik eta hobekien ordezkatzen bi kategoria horiek». Bizkitartean, belaunaldi berri baten eskasaz Apalategi lekuko esanguratsua izan daiteke. Literatura irakasten die Baionako fakultatean euskal ikasketak egiten dituztenei. Eskas hori soziologikoki esplika daitekeela zeritzon: «Iparraldea garai berezi batean dago bere soziologiaren aldetik non euskararen errekuperazioa hasten den doi- doia». Itxoinez fruituak etorriko direla gaineratu zuen.

Beldurra galtzeko beharraz

Biltzarra baldin bada produkzioen erakusleiho, produzitu aitzin egin beharreko bideetako laguntzaile ere bada Apalategi bera. Idazteko gogoa konkretuki sustatzen ahalegintzen ari da hamar bat urte hauetan Baionako fakultatean. Euskal ikasketetan hirugarren urtean daudenei idatz tailerra proposatzen die.

Idazketaren praktikara abiatze horrek, oro har, «beldurra galtzeko» balio izan dezake, Apalategiren ustez: «Ikusteko ere euskal literatura ez dela gauza bat arrotza eta zaila». Eskolak ondare literarioa ezagutarazteko egin lana «funtsezkoa» bazaio, damutzen da, halere, eskolak «literatura objektu gisa» aurkezteaz. «Badira irakurri beharreko obra batzuk, ez preseski sinpatikoak. Analizatu behar da, eta ez gozatu. Eta hori inhibitzailea da. Literaturak ez baldin bazaitu bizi, ez baldin baduzu hurbileko gisa ikusten zaila da lotzea». Eta horra, Biltzarraren delako «hurbiltasunak» ekar lezakeena. Baina horretan sartzen ditu ere irakurle taldeak. Taldean irakurri dena partekatuz, komentatuz plazera «emendatzen» delako. Bide hori landu beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.