Txanponaren bi aldeetan, bizitzak

Sanferminik ez ospatzeak eragin handia izan du Iruñean. Sektore askori ekonomikoki sekulako kaltea eginen die egoerak; tartean, ostalariei eta bestetan zerbitzari aritzen diren langileei. Txanponaren beste aldean, bizilagunak lasaiago bizi dira egun hauetan, nahiz eta botila bestak salatu dituzten.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bermutaren ordua izaten da sanferminetako une berezienetako bat. Egunero-egunero, zuri-gorriz jantzitako iruindarrak Alde Zaharrekoostatuetan biltzen dira frijituak jan eta edariren batekin zintzurra bustitzen. Aurten kaleak nahiko hutsik ageri dira bermutaren orduan. Tabernetan bada jenderik, baina lasai ederrean har dezakete bermuta mahai batean eserita, beirazko basoekin, plater eta sardexkarekin. Tenperatura beroa izanagatik ere, giroa hotz da Iruñean.

Koronabirusak eragin handia izan du alor askotan, eta sanferminik ez izateak galera ekonomiko handiak izanen dituela aurreratu du Iruñeko Udalak. Azkenengo azterketa 2007an egin zen, eta, horren arabera, urtero 74 milioi euro irabazten dira sanferminetan. Aurten beste azterketa bat egiteko asmotan ziren, datuak eguneratzeko, baina ezin izan dute egin.

Begi bistakoa da negozioa egitea zaila dela. Arratsean kale jakin batzuetan izan ezik, jende gutxi dabil ostatuetan. Bermutek huts egin dute Estafeta eta San Nikolas kaleetan. Nabarreria da jende gehien bildu duen plaza, eta, hala ere, tabernariak etsiturik ageri dira. «Oso etsigarria izaten ari da. Oraindik ez dut izerdirik bota». Patxi Luisenak dira hitzok, Nabarreriako Meson de la Tortilla ostatuko kudeatzailearenak. Esan duenez, lantaldearen erdia ari da egunotan, eta gehienetan jendea sobran dago.

Iazkoari begiratuta, aldea nabarmena da: «Uztailaren 7a oso tristea izan zen; 8an lan gehiago izan genuen, pentsa». Txupinazo eguna ere arraroa izan zen, normalki edariekin diru gehiago irabazteko balio die egunak, baina aurten jende kopurua zaintzen ibili ziren, kezkaturik. 76 lagun sar daitezke Meson de la Tortillan, baina jende gehien utzi zuten uneetan 60 ziren barruan.

Neurria hartzeko datua: sanferminetan 500 frijitu saltzen dituzte egunean, gutxi gorabehera. Aurten 50. «Data hauek bultzada ematen digute azaroa eta otsaila orekatzeko», azaldu du kezkaturik Luisek. «Oso beldurtuta gaude, beste konfinamendu bat eta ostatu asko itxiko dira». Estafetan are okerragoak izan dira bestak. «Oso kezkaturik eta oso lasai iragan dira egun hauek», esan du Elio Martinsek Fitero tabernako barratik. «Kolpea jaso dugu, animoz eta poltsikoan ere bai. Jendea ez da ateratzen, beldur da, eta turismoa ere gelditu da».

Bermutaren orduan ostatua erdi hutsik du, eta hala izan da aste guzian: «Bermuta da gure diru iturri nagusia: normalki frijitu platerak ez digu 10 minutu ere irauten, baina, orain, eskatu ahala egiten ditugu». Beraz, langile gutxiago ari dira: «Iazko lantaldearen erdia baino gutxiago ari gara aurten». Langileak ere oso kalteturik atera dira egoera honetatik. Auritz Velez zerbitzaria da, baina bere ostatuak uztailaren 15ean irekiko du. Horrek eragina izan du bere sakelan.

Sanferminetan lan egin du azken bi urteetan, beste ostatu batean, eta bere esperientzia kontatu du: «Nahiz eta zortzi orduko lanaldia izan, 11:00etan sartu eta gauera arte ez ginen ateratzen. Ez zara gelditzen. Nahiko gogorra da: ordu pila bat, deskantsurik gabe, bazkaldu gabe...». Taberna batzuetan gehiago ordaintzen diete langileei sanferminetan, baina ez da horrela beti: «Gehienbat langile gazteekin edo behar handiagoa dutenekin, egoera baliatzen dute aparteko lanorduak ez ordaintzeko, oso zaila baita kontrolatzea zenbat ordu egin dituzun». Egoera latza dela onartu du Velezek, ikasle edo aparteko saria irabazteko baliatzen zuten askok ez baitute sanferminetako diru sarrera izanen. «Askotan diru sarrera erraza da, nahiz eta gogorra izan. Aste batean bi hilabetetakoa irabaz dezakezu».

Parrandaren B aldea

Bestarik gabe, zaratarik ez. Hala behar luke, behinik behin. Eta alde horretatik, Alde Zaharrean Bizi elkarteak begi onez ikusi zuen sanferminak bertan behera gelditzea. Ana Diez de Ure elkarteko kideak azaldu du haien ikuspegia: «Konfinamenduan oso zoriontsu izan ginen, zaratarik gabe; arazoak denak batera joan ziren». Sanferminik gabe lasaitua hartu dutela nabarmendu du, bestak «oso latzak» baitira Alde Zaharreko bizilagunentzat. Hala ere, ez daude kontent: «Festarik ez izateko, nahiko festa egon da; hipokrisia hutsa izan da».

Alde Zaharrean Bizi elkarteak Iruñeko Udalaren jarrera salatu du, kanpoko irudiari baizik ez diolakoan erreparatu. Diaz de Urek uste du uztailaren 6an ardura itxura eman nahi zuela udalak, baina hortik aurrera, bidea libre utzi duela: «Egunero 19:00etan botila festak daude Nabarreria plazan. Normaltzat hartu dugu normala ez den egoera bat: botila festak debekatu behar dira».

Patxi Luisek ere uste du Nabarreriako egoera gaiztotzen ari dela. «Konfinamenduaren ondoren jende gazteagoa etortzen ari da botilekin, eta gatazka sortzen ari da bizilagunekin». Are, bizilagunak antolatu dira, eta pankartak paratu dituzte balkoitik balkoira, botila besten kontrako mezuekin. Beraz, sanferminik ez izan arren, bestak jarraitu du gauetan, eta hortxe dabil txanpona airean, bueltaka. Izan ere, batzuek negozioa edo soldata dute jokoan; besteek, osasuna. Eta bizitzak daude txanponaren bi aldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.