Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Jaurlaritzak kanpora bidali nahi du Zaldibarrera bideratzen zen zakarra

Harremanetan jarri dira inguruko erkidegoekin, hondakinen zati bat haietara bidaltzeko. Morenok dioenez, EAEko zabortegiek ez dute gaitasunik Zaldibarrera bideratzen zen zakarra jasotzeko

Desagertutako langileak topatzeko lanak, atzo, Zaldibarren. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan duenez, Jaurlaritza harremanetan jarri da beste zenbait autonomia erkidegorekin, Zaldibarko hondakindegira bideratzen zuten zakarra haietara bidaltzeko aukera aztertzeko. «Euskadik arazo konplexua du industriak sortzen dituen hondakinekin», esan du Morenok; orain, arazoa areagotu egin da Zaldibarko zabortegia erori ostean.

 

Ingurumen Sailak bilera egin du Aclimarekin, Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartearekin. Hondakinen arloan lan egiten duten enpresak biltzen ditu Aclimak, eta han aztertu dute Zaldibarko zabortegian luizia gertatu osteko egoera. Zaldibarkoa zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakindegi nagusia: urtero 500.000 tona zabor jasotzen zituen, hau da, hiru lurraldeetan sortzen diren industria jatorriko hondakinen %23. Orain, Zaldibarko hondakindegia itxita, arazo larria sortu da.

Larria eta presazkoa: Ingurumen Sailaren asmoa da, ahal dela, datozen egunetan irtenbideren bat topatzea. Izan ere, industria jatorrikoa zen Zaldibarrera bideratutako zakarra, eta soluziorik topatu ezean, arazoak egon daitezke hondakinak hara bideratzen zituzten enpresetan. Morenok esan duenez, oraingoz zenbait lantegitan ari dira zakarra gordetzen, egoera argitu bitartean. «Oraingoz, inongo enpresak ez du produkzioa eten behar izan», adierazi du Ingurumen sailburuordeak.

Morenok eskerrak eman dizkie horrelako hondakinak hartzen dituzten beste bi zabortegiei —Epele (Bergara, Gipuzkoa) eta Gardelegi (Gasteiz)—, «erakutsi duten jarrera onagatik», baina nabarmendu du irtenbideak «globalagoa» izan behar duela.

Sailburuordeak iragarri du industria hondakinak kanpora bidaltzeak «garestitu» egingo lukeela prozesua, eta horrek «ondorioak» izango lituzkeela ekonomian. Hortaz, «epe laburreko» irtenbidea bilatu nahi dute, baina Ingurumen Sailean jakitun dira «epe erdiko irtenbideez» ere gogoeta egin behar dela, sortutako hondakin kopurua gutxitzeko helburuz.

Biltegi bat, Zaldibarren

Orain arte Zaldibarrera bidaltzen zituzten hondakinen arazoari beste bat gehitu behar zaio: orain Zaldibarren dagoen zakarra nora bidali. Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak eguneroko bilera egin du Zaldibarren, eta, amaitu ostean, Elena Morenok esan du behin-behineko biltegi bat eraikiko dutela zabortegitik gertu, ateratzen ari diren zaborra oraingoz han gordetzeko. Haren esanetan, biltegi horrek legeak agintzen dituen baldintza guztiak beteko ditu, eta han 100.000 tona inguru gordetzeko lekua egongo da. Horrek esan nahi du hiruzpalau asteko tartea emango diela han ari direnei, lanekin jarraitu ahal izateko.

Ertzaintzako erreskate operazioetako kide Asier Urrutiak azaldu ditu desagertutako bi langileak topatzeko orain arte egindako lanak. Esan duenez, ateratzen ari diren hondakin guztiak «eskuz» eta txakurren laguntzaz galbahetzen ari dira, han aztarnaren bat agertuko balitz ere. Egunero 40 bat kamioi zabor ateratzen ari dira, mila tona gutxi gorabehera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.