Erne, tranpa dauka eta

Alaves 40 puntuko langara iristen saiatuko da gaur, Vila-realen zelaian irabazita. Azken lehietako gol eskasia gainditu beharko du

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Jardunaldi honetan aurrerapauso handia eman dezake Alavesek. Batetik, lotuta utzi dezake salbazioa, eta, bestetik, finkatu egin daiteke sailkapenaren goialdean. Elkarren aurka jokatuko dute Europako postuen lehian dabiltzan talde askok, eta horri etekina atera diezaioke Arabako taldeak, betiere Vila-realen zelaian hiru puntu patrikaratzen baditu. Sailkapenari erreparatuta, ez dirudi erronka handia. Izan ere, jaitsiera postuetan dago Vila-real, arabarrek baino hamalau puntu gutxiagorekin. Ordea, nabarmen hazi da azken asteetan, eta etxeko azken partidan 3-0 irabazi zion Sevillari. Hots, tentuz jokatzea komeni zaie Abelardoren jokalariei.

Tentuz, eta azkenaldian baino eraginkorrago. Izan ere, busti egin zaie bolbora bigarren itzuliaren hasieran: sei neurketatan hiru gol baino ez dituzte sartu. Lehortea garesti ordaintzen ari dira; esaterako, iragan jardunaldian, Celtaren ate aurrean asmatu ez, eta galiziarrei Mendizorrotzatik bizirik irteten utzi zieten. Sistema aldaketa izan daiteke idortearen arrazoietako bat. Abelardok 4-3-3 marrazkia ezarri du azken norgehiagoketan: hau da, aurrelari bat kendu, eta erdilari bat gehiago zelairatu du, eta horrek gasteiztarren joa mugatu ahal izan du.

Alabaina, entrenatzaileak ez du uste aldaketa taktiko hori denik arazoaren muina. «Lehen adina aukera ari gara sortzen, baina ez ditugu baliatzen. 4-4-2koarekin, aurkariek arrisku gehiago sortzen zizkiguten, eta bi aurrelarirekin aritzeak ez du esan nahi erasokorragoa zarenik». Bada, apustuari eusteko asmoa badu, menturaz aurrelaria aldatzea komeni zaio, Callerik zortzi jardunaldi egin baititu jada golik sartu gabe. Aulkian Baston eta Guidetti egongo dira. Espainiarrak ematen du bermerik handiena: lau gol sartu ditu, Callerik adina, nahiz eta argentinarrak baino 1.100 minutu gutxiagoan jokatu duen.

Orain dela aste batzuk, Vila-real harrapakin erraza zatekeen Alavesentzat. Haatik, Herrialde Katalanetako taldea bere onera itzuli da Javi Callejarekin. Sasoiari haren agindupean ekin zion, gero Luis Garciarengatik ordeztu zuen, eta, azkenean, erabakiaz damutu egin da Fernando Roig presidentea. Hala, Celleja izendatu du berriro entrenatzaile, eta taldeak hobera egin du. «Kalitate ukaezina dauka. Hiru erdiko atzelarirekin ari da jokatzen, eta hegaletatik oso bertikala da. Gainera, jende oso mugikorra du aurrean», azaldu du aurkariaz Abelardok.

Halaber, Pina jokatzeko moduan dela iragarri du, baita Martini berriz ere atseden emango diotela ere. Bestalde, denbora luzez min hartuta egon den Ely deialdian sartu du. Ximo Navarrok, berriz, zigorra bete beharko du gaur.

VILA-REAL-ALAVES

Vila-real. Asenjo; Mario, Alvaro, Funes Mori, Victor Ruiz; Pedraza, Iborra, Fornals, Cazorla; Bacca eta Ekambi.

Alaves. Pacheco; Vigaray, Laguardia, Maripan, Duarte; Brasanac, Wakaso, Manu Garcia, Inui; Jony eta Baston.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Zeramikaren estadioa (23.500 ikusle).

Ordua. 16:15 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.