Kataluniako erreferenduma

Botere dema atzerako kontuan

Lehen aldiz batzartu dira mossoak, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia, Madrilen agindupean. Fiskalak esan du «zabalik» dagoela Puigdemont atxilotzeko aukera

jon olano
Bartzelona
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ekaitzaren aurreko barealdi moduko batean igaro dira Katalunian azken orduak. Joan den asteko gertakari zurrunbiloak iradoki zuen zer-nolakoak izan daitezkeen datozen egunak, eta, gertatutakoaren eta gerta daitekeenaren artean, 48 orduz jaitsi da tenperatura, giroa berriro noiz berotuko. Aste berriarekin, azken txanpan sartua da erreferenduma egitearen eta hura eragoztearen arteko lehia; egun erabakigarrietan.

Testuinguru horretan, Diego de los Cobos Guardia Zibileko koronelaren koordinaziopeko aurreneko bilera egin zuten atzo Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta mossoek, urriaren 1a jomugan. 18:00etan zuten hitzordua, Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzan. Azken unera arte ez zen argitu nork ordezkatuko zituen mossoak bileran, eta bertara ez zen agertu Josep Lluis Trapero burua, Ferran Lopez lurralde koordinazioko arduraduna baizik. Atzo arratsaldean, hainbat hedabidek nabarmendu zuten Traperok «planto» egin ziola De los Cobosi. Edozein kasutan, Lopezekin bildu ziren, De los Cobosez gain, Enric Millo Espainiako Gobernuko ordezkaria, Sebastian Trapote Espainiako Poliziaren Kataluniako burua eta Angel Gonzalo Guardia Zibilaren Kataluniako arduraduna.

Bilera hastearekin batera, mossoek sare sozialetan zabaldu zuten mezu bat, zertara zihoazen azaltzeko: «[Espainiako] Ordezkaritzako bilerara goaz, jakinarazteko fiskaltzari eskatu diogula Kataluniako Koordinazio Polizialaren Batzordera dei dezan». Mossoen iritziz, bilgune horri dagokio polizien koordinazioa kudeatzea, eta Generalitateko presidente Carles Puigdemonti hura antolatzea; ez, beraz, Espainiako Gobernuaren ordezkari bati. Larunbatean, Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalak erabaki zuen hiru polizien arteko koordinazioa Espainiako Barne Ministerioaren esku uztea, eta hark izendatu zuen De los Cobos koordinatzaile. Erabakiarekin kexu, mossoek txosten bat prestatu dute fiskalari aurkezteko, argudiatzeko zergatik ez dagokion Madrili mossoekiko kontrola hartzea, eta agiri hori bera aurkeztu zien Lopezek bilerako kideei.

Besteak beste, Kataluniako Poliziak argudiatu du jada ikertzen ari direla erreferendumaren antolaketa, eta «ekintza plan bat» baduela hura galarazteko. Halaber, agiri horretan salatu dute, polizien koordinazioa Espainiako Gobernuaren esku utzita, auzitan jarri dela mossoen «profesionaltasuna eta prestigioa». Dokumentua Traperok sinatu du, eta, haren esanetan, mossoek «zehatz eta une oro» bete dituzte fiskalak emandako aginduak.

Zein rol jokatuko duten mossoek hemendik aurrera, horixe da zalantza nagusietako bat. Atzo, Kataluniako Gobernuak adierazi zuen mossoak ez zirela Madrilen esanetara jarriko, baina kontrolaren beharraz jardun zuen Espainiako Gobernuko bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok: «[Mossoek Madrilen aginduak ez betetzea] Ez litzateke ona, Polizia autonomikoa katalan guztiena delako, ez soilik independentistena». Urrunago joan zen Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusia: hori egin ezean, «ondorioak» iragarri zituen. Bestela uste du CUPek; elkarrizketa batean, Benet Salellas diputatuak adierazi zuen mossoek desobeditu egin behar dutela, Espainiako Gobernuak erreferenduma galarazteko aginduz gero.

Ziurgabetasunaren astea

Datozen orduetan ugaritu egingo da polizia eta guardia zibil kopurua Katalunian. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 6.000 bat polizia eta guardia zibil daude jada Katalunian, eta espero da kopuru hori 10.000-12.000 ingurura haztea, mossoei «ordena publikoari eusten laguntzeko», Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroaren esanetan. Bihar arratsaldera arteko epea dute horretarako.

Poliziaren presentzia ugaritzea izango da asteko neurrietako bat, baina ez azkena. Hain zuzen, ziurgabetasunaren asteari ekin zioten atzo Katalunian, aurrekoa nahikoa ziurgabea izan ez bazen. Mugimenduen jokoan, ikusteke dago Kataluniako Gobernuak zein neurri hartzen dituen erreferenduma bermatzeko eta, kontrara, Espainiako Gobernua noraino iristeko prest dagoen galdeketa galarazteko. Baita, balizko neurri horien aurrean, nola erantzungo duten alderdi politikoek eta erakunde subiranistek.

Neurri politikoez gain, alor judizialean ere egongo dira pausoak. Fiskalaren aurretik igarotzen jarraituko dute erreferendumaren antolaketagatik auzipetutako 712 alkateek, eta, joan den astean, fiskalak sedizio delitu bat leporatu zien Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteari eta Jordi Sanchez ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko lehendakariari. Salaketa horrek egingo duen bideak aste honetan izan dezake isla. Gainera, Ekonomia Departamentuaren aurkako operazioan, hamabi lagun atxilotu zituzten asteazkenean, eta, datozen egunotan, Generalitateko maila gorenen aurka ere egin dezakete. Ez du aukera hori baztertu, behintzat, Mazak; esan du «zabalik» dagoela Carles Puigdemont Generalitateko presidentea bera atxilotzeko aukera. Hori horrela, galdeketarako bost egunen faltan, urrun dirudi oraindik igandeak.

Informatikariak komisarian

Jai eguna zuten atzo Bartzelonan. Joan den asteko gertakizun segidaren ondoren, lasaitasun urduria nabari zen Kataluniako hiriburuan azken 48 orduetan. Atzokoan, ez zuten jairik, ordea, Espainiako Poliziaren komisarietan. Vernedakoan, hamar lagun zeuden deituta deklaratzera, erreferendumari buruzko webgunearen kopiak egitea egotzita. Tarragonan eta Gironan, berriz, bina lagun joan ziren polizia-etxera. Guztiei egotzi diete desobedientzia delitu bat egin izana, eta uko egin zioten deklaratzeari. Aske utzi zituzten, karguekin. Azken egunotan hogei bat webgune itxi dituzte, erreferendumaren webguneko edukiak bikoiztu dituztelakoan.

Bartzelonan, 150 bat lagun elkartu ziren polizia-etxearen aurrean, auzipetuei elkartasuna adierazteko. Izan ere, «ez zaudete bakarrik» izan zen gehien oihukatu zuten leloetako bat, «bozkatuko dugu», «non daude botopaperak» eta beste batzuez gain. Bertan ziren, besteak beste, Eulalia Reguant eta Mireia Vehi CUPeko parlamentariak eta Jordi Sole ERCko eurodiputatua.

Elliot Morales da auzipetuetako bat, eta, BERRIAri azaldu zionez, harriduraz jaso du deklaratzera joateko zitazioa. Haren esanetan, ez zioten zehaztu ikertu edo lekuko gisa deklaratu behar zuen, eta polizia etxean bertan jakinarazi zioten auzipetuta zegoela. Ñabardura bat baino gehiago da, lekukotza ematera joateko ez baita abokatuarekin joan beharrik. Morales abokatuarekin joan zen, halere.

Kanpainan egonagatik, beraz, apenas hitz egin den azken orduetan erreferendumaz eta Katalunia estatu independente izatearen aldeko eta kontrako argudioez. Galdeketaren alde, manifestu bat argitaratu zuten atzo kultur alorreko 3.000 bat profesionalek: «Kultura izan dadin errepublikaren zaina eta odola, parte hartuko dugu urriaren 1eko erreferendumean, eta dei egiten diegu hala egin dezaten kultura maite duten guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.