Cully Rads. First Cork City, Brigade zale taldeko sortzaile eta kidea

«Hiriko komunitateari lagundu nahi genion»

Cork Cityren estadioko harmailetan azaltzen hasiak ziren eskuin muturreko jarrerei aurre egiteko sortu zuten Cully Radsek eta hainbat kidek euren jarraitzaile taldea.

IÑIGO BASAGUREN-DUARTE.
Cork
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
First Cork City Brigade jarraitzaile taldeko beste kide guztiak bezala, futbolzalea ez ezik, pertsona konprometitua da Cully Rads.
Noiz eta zergatik erabaki zenuten FCCB taldea sortzea?
Ezkertiar aktibistak garen batzuk sarritan joaten ginen Cork Cityren partidak ikustera. Kezka sortua zen gure artean, harmailetan nolabaiteko eskuin muturreko jarrera gutxi batzuk izan zirelako. Jakina da eskuin muturreko mugimenduak harmailak erabili izan dituela antolatzeko eta mezuak zabaltzeko. Guk hori bukatu nahi genuen; ezin genuen onartu horrelako jarrerarik gure etxean. Horregatik sortu genuen taldea, Turnes Crosseko harmailetan gure taldea animatzearekin batera, zaleen bestelako kultura bat sortzeko asmoz, giro positiboa ekarriko zuena
Beraz, taldeak ideologia markatu bat izango du, ezta?
Talde gisa ez dugu ideologia jakinik, baina eztabaidaezinak diren oinarri batzuek ditugu: antirrazistak, antitxaubinistak, antisektarioak eta antihomofoboak gara. Futbolak hartu duen norabide merkantilista basatia ere salatu egiten dugu, futbola beste modu batean ulertzen baitugu. Gure taldean, gehienak langile klaseko futbolzaleak gara. Taberna batean eserita haur aberats batzuk lurrean erortzearen itxurak egiten ikustea baino gehiago, nahiago dugu gure hiriko taldea euri jasa baten azpian ikusi, hotzak akabatuta.
Cork City taldearen jabetza zaleena da. Zer-nolako harremana duzue gainerako egiturekin?
Ez dugu egitura formalik, ezta klubarekin harreman zuzenik ere, nahiz eta norbanako gisa klubaren jardunetan parte hartzen dugun hainbat modutan. Talde gisa, ekintzak aurrera eraman izan ditugu klubaren babesarekin: Corkeko migratzaileen zentrorako dirua bildu, adibidez. Hori egiteko, jokalarien eta entrenatzailearen babesa izan genuen.
Zelaitik kanpo bestelako egitasmoak egin izan dituzue?
Hasieratik erabaki genuen modu positiboan ordezkatu behar genuela kluba, eta hiriko komunitateari lagundu behar geniola. Palestinaren aldeko egitasmoei babesa eman diegu, baita hiriko bestelako gizarte mugimenduek bultzaturikoei ere: LGTB komunitatekoenei, Kurdistanekiko elkartasun taldearenari eta errefuxiatuen harrera taldearenari, besteak beste. Iaz Belfasten jokatu zen munduko kopa antirrazistan egon ginen, protestatan, gure banderekin.
Ohikoa da taldearen harmailetan ikurrina ikustea. Nolatan?
Cork Cityko zaleak Rebel Army gisa ezagutu izan dira beti. Taldea sortu genuenean, armada errebelde horren barruko brigada baten moduan ikusten genuen geure burua. Zehatzagoak izateko, gorazarre egin nahi genien IRAren Lehen Brigadaren parte izan ziren gudariei. Gure ikur nagusia aukeratu behar genuenean, norbaitek ikurrina proposatu zuen. Aukerarik onena zela iritzi genion, ez bakarrik hiriaren hiru koloreekin identifikatzen delako, baizik eta gure izaera errebelde eta solidarioa adierazten duelako. Guretzat globala da opresioaren aurkako borroka. Gure bi herrien arteko lotura ikur honen erabilerarekin adierazi nahi izan dugu. Kaskezurraren erabilerarekin, berriz, erakutsi nahi izan dugu Corkek itsasoarekin duen lotura. Gure historia kolonizatuaren perspektibatik ikusten dugu hori, modu honetan ez baititugu geure buruak kapitain handietan islatuta ikusten, baizik eta kolonialismoaren kontra altxatu zirenetan.
Zelako erantzuna jaso duzue gainerako zaleengandik?
Jarrera positiboa izan da gehienbat. Baina sare sozialetan kritikak jaso ditugu, beti anonimotasunak lagunduta. LGTB komunitatea irudikatzen duen ortzadarraren koloreko ikurra eramateagatik jaso dugu kritika gehien. Ikur hori partida guztietan eskegitzen dugu. Kritika horiek jaso izanak ikurra eramatearen garrantzia nabarmendu besterik ez du egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.