Esnatzeko dauden munstro erraldoiak

Italiako Campi Flegrei supersumendia asaldatzen hasia dela ohartarazi dute adituek. Ohiko sumendiek ez bezala, lurpean dauden sumendiek zibilizazioa txikitzeko ahalmena dute.

Yellowstongo parkean dago supersumendi ezagunena. GRAND PRISMATIC SPRING.
Juanma Gallego.
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
I txura bitxia dute sumendiek, irudimena pizten duen horietakoa. Goiko zulotik darien suak lilura eta beldurra sortzen ditu. Lurpean ezkutaturik badira, ordea, ikusten ez diren sumendi arriskutsuak. Geologoen hizkeran, galdara sumendi deritze, baina azken urteotan supersumendi gisa ezagutzen hasiak dira. Kontzeptu horrek hobeto deskribatzen du lokartutako erraldoi horien benetako izaera, bat-batean erupzio ikaragarriak abiatzen dituztelako. Hain dira beldurgarriak, ezen Harmagedona irudikatzen duten dokumental eta filmetako ohiko protagonista bihurtu baitira.

Euskal Herritik gertuen dagoena Campi Flegrei izeneko galdara da, Napoli hiriaren parean (Italia). Milaka urtez lo seko egon da. Arazoa da esnatzen hasia dela. Abenduan Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, magmaren gainean dagoen sistema hidrotermala berotzen ari da, eta askatzen ari diren gasek presio handiko egoerara eraman dute magma. Funtsean, sumenditik gero eta gas gehiago askatzen ari da, eta hori magma puntu «kritikora» ailegatzen ari den seinalea omen da.

1950ean hasierako asaldura zantzuak agertzen hasi ziren, baina azken hamabost urteotan jarduerak gora egin du. Ikerketa egin duten zientzialariek nabarmendu dutenez, erupzioa «berehala» izango deneko aztarnarik ez dute aurkitu, baina kezka ez dute ezkutatzen. Giovanni Chiodini bulkanologoa ikerketaren egileetako bat da. Italiako Geofisika eta Bulkanologiako Institutu Nazionaleko ikertzaileak BERRIAri esan dionez, «jende asko bizi da Campi Flegreiko galdaran, eta, erupzioa izango balitz, benetan arriskutsua izango litzateke». Adituak esan duenez, gainera, orain dela gutxira arte ez zegoen larrialdietarako planik.

Antzemandako mugimendu horiek direla eta, 2012an agintariek erabaki zuten alerta maila berdetik horira igarotzea, hau da, egoera «lasaitik jarraipen zientifikoa» egiteko moduko egoera batera.

«Lurzoruaren deformazioa azkartzen ari da», azaldu du Chiodinik. «Jarduera sismikoa dago, eta sumendiaren epizentrotik gertu dauden Solfatara-ko fumarolen osaketan ere aldaketak izaten ari dira». Lurpetik askatzen diren ura eta karbono dioxidoa aztertzen dituzte bereziki zientzialariek. «Egoera kritikoa dagoenean, tenperatura altuan dagoen magmazko lurrunak inguruetako harkaitzetan injektatzen dira, eta, ondorioz, arrokak berotzen dira».

Geologoek dakitenez, behin baino gehiagotan esnatu da Campi Flegreiko supersumendia, baina duela 39.000 urte izandako eztanda zinez erraldoia izan zen. Adituek Campanian Ignimbrine izenarekin ezagutzen duten gertakarian, sumendiak ehunka kilometro kubiko material jaurti zituen. Europan azken 200.000 urteetan izandako erupziorik handiena izan zen hura, eta, hainbat zientzialariren ustez, kliman eragindako aldaketak erabakigarriak izan ziren neandertalen akaberan. Teoria horren arabera, gizaki modernoak gai izan ziren baldintza berrietara egokitzeko, baina neandertalentzat heriotza ukaldia izan zen.

Presio metatua

Ohiko sumendiak ez bezala, zaila da begiratu batean supersumendiak hautematea. Kono itxurarik ez dute, eta lurpean ezkutatuta egoten dira. Kasurako, Ekuadorren dagoen El Chalupas galdara: 1980. urtera arte guztiz ezezaguna zen. Munduan ospe gehien duen supersumendia ere, Yellowstongoa (Ameriketako Estatu Batuak), 1960ko hamarkadara arte ez zen ezagutu. Bob Christiansen geologoaren lanari esker jakin zen bertan sumendi erraldoi bat zegoela. Baina Yellowstongo galdara hain da handia —72 kilometroko diametroa du—, ezen zaila baita begi hutsez antzematea.

Goiko aldean kraterrik ez izatea da, hain zuzen, hain arriskutsuak izatearen arrazoi nagusia. Behean dagoen magmak aterabiderik ez du, eta pixkanaka presio izugarria metatzen da lurraren sakontasunean. Eztanda egin arte. Ohiko sumendi bat lehertzen denean, noski, hobe da askorik ez gerturatzea, eta, inguruetan egonez gero, komeni da orpoz ipurdi hanka egitea. Supersumendien kasuan, berriz, aterabidea konplikatu samarra da.

Geologoek antzinako erupzioen inguruan egin dituzten ikerketetan oinarrituta, posible da irudikatzea halako zartada batek izango lituzkeen ondorioak: fluxu piroklastikoek—orduko 700 kilometroko abiaduran eta 800 graduko tenperaturan doazen urakan goriek— kilometro askotan bizitza forma guztiak akabatuko lituzkete. Lokatzek, errautsek eta suteek kontinente osoak hartuko lituzkete. Urte luzez tenperaturak hainbat gradu jaitsiko lirateke, atmosferan barreiatutako hauts partikulek ez luketelako eguzkiaren argia sartzen utziko.

«Zorte handia dugu, azken mendeetan erupzio handirik ez delako izan», esan dio BERRIAri Ivan Kulakov geofisikariak. Novosibirsk-eko Estatu Unibertsitatean (Errusia) Tomografia Sismikoko Laborategiaren arduraduna da Kulakov. «Gure gaur egungo zibilizazioa oso ahula da horrelako hondamendi bati aurre egiteko». 2010ean Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak izaniko erupzio txikia ekarri du gogora adituak. «Europa osoko aire garraioa eten zuen. Tambora-ren [1815] edo Krakatoa-ren [1883] moduko erupziorik suertatuko balitz, horrek eragin nabarmena izango luke bizitzaren arlo askotan, hala nola garraioan, komunikazioan eta nekazaritzan».

Tambora sumendiaren erupzioa nabarmendu du adituak. «Planetaren klima aldatu zuen, eta uzten galerak sortutako goseteak milioika lagun hil zituen. Udarik gabeko urtea deritzona sortu zuen. 1600ean Peruko Huaynaputina sumendiaren erupzioak ere antzeko ondorioak izan zituen. Ipar Hemisferioan gosete handia eragin zuen, eta Errusiako Iskanbilen aroaren zio nagusietakoa izan zen». Kontuan izan behar da horiek guztiak sumendi arrunten ondorioak izan zirela, eta ez supersumendienak.

Kulakovek gertutik ezagutzen du Indonesian dagoen Toba aintzira. Azpian, duela 74.000 urte eztanda egin zuen supersumendi bat dago. 2016ko uztailean Tobari buruzko ikerketa argitaratu zuen Nature Communications aldizkarian. «Supersumendi honek 2.800 kilometro kubiko material jaurti zuen. Galdara erraldoia sortu zuen, eta denborarekin gainean 80 kilometroko aintzira azaldu zen, munduko sumendi aintzirarik handiena. Planeta osoko kliman eragin nabarmena izan zuen: ehunka urtez eta mundu osoan espezie askoren iraungipena eragin zuen».

Gertuko jarraipena

Argi dago gaur egun halako erupzio bat suertatuko balitz gizakien bizimodua erabat suntsituta geldituko litzatekeela. Baina izango al da laster halakorik? Ziurtasunik ezean, estatistikara jo beharra dago. «Tobaren aurreko erupzioak duela 840.000, 500.000 eta 74.000 urte izan ziren, hurrenez hurren. Beraz, erupzioen arteko tartea 350.000-400.000 urtekoa da. Yellowstonen ere antzekoa da aldizkakotasuna. Erupzio katastrofikoa sortzeko baldintzek gutxienez ehunka mila urte behar dituzte. Logika horri jarraituz, beraz, ez dirudi orain Toban supererupziorik izango denik», erantzun du adituak. «Hala ere, ezin dugu alboratu eskala txikiagoko erupzio bortitz bat izatea. Duela 74.000 urte izandako erupzioa baino hamar aldiz txikiagoa izanda ere, mundu osoan eragin nabarmena izango luke».

«Gure ikerketan ikusi dugunez, lurrikara multzoak izan dira sakontasun ezberdinetan, eta horrek magmaren iturrian nolabaiteko jarduera dagoela adierazten du». Horregatik, galdara horiek gertutik aztertu beharra aldarrikatu du adituak. Yellowstonen kasuan, zientzialariek arreta handiz neurtzen dituzte hainbat faktore: «Sismizitatea, lurzoruaren deformazioak, anomalia geokimikoak eta jarduera geotermala, besteak beste. Neurketen arabera, Yellowstonen azpian dauden magma iturri sakonak nahiko aktibo daude. Hala ere, ez dago laster supererupzio bat izango deneko zantzurik».

Tobako galdarari dagokionez, berriz, bestelakoa da egoera. «Monitorizazio programa seriorik ez dago», salatu du adituak. «Gure ikerketan erabili genituen datuak nahiko denbora laburrean zabaldutako sare sismikoen bidez eskuratu genituen. Orain, estazio sismiko iraunkor bakarren batzuk daude bertan, baina kopurua ez da nahikoa supersumendiak etorkizunean izango duen portaeraren inguruan taxuzko informazioa lortzeko. Nik dakidala, behintzat, hango datuak ez daude mundu osoko komunitate zientifikoaren esku».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.