Batasunari eusteko eskaera egin dute Bruselan Omnium Cultural eta ANCk

Europako Parlamentuan izan dira burujabetza prozesuaren inguruko argibideak ematen, eta batuta jarraitzeko «premia» nabarmendu dute

Oihan Vitoria.
2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Momentu erabakigarriak gero eta gertuago daudenean ireki dira lehen arrakalak galdeketaren aldeko blokea osatzen duten indar politikoen artean. Kataluniako presidente Artur Masek berak onartu du «portzelanazkoa» dela batasuna, eta «pitzadurak» dauzkala uneon. Oraindik ez dagoela apurtuta azaldu du Masek. Begi bistako haustura arriskuak ikusten dituzte, ordea, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek. Eta eskakizun argia egin diete alderdiei: orain arteko batasunari irmo eta zorrotz eutsi diezaiotela.

Europako Parlamentutik, Bruselatik, egin dituzte adierazpenok ANCko presidente Carme Forcadellek eta Omnium Cultural elkarteko Muriel Casalsek; Ara és l'hora kanpainari buruzko xehetasunak eman dituzte han. Kezkaz mintzo da Forcadell. «Desengainatuta» dagoela aitortu du, interes alderdikoiak lehenetsi, eta batasuna mantendu ez dutelakoan. Dena dela, baikor da oraindik. Itxaropenerako mezua igorri du: «Kontsentsua arrakalatu da, baina arrakalak konpon daitezke».

Batasuna berreskuratzeko ahaleginean lanean jarraitzeko prest agertu da ANCko burua, herritarrei «hutsik» egin ezin dietelakoan. Zeregin horretan duten ardura oroitarazi du Forcadellek: «Batasuna sendotzeko gogor egingo dugu lan. Mobilizazioekin jarraitu behar dugu». Hartara, igandean Bartzelonako Katalunia Plazan egitekoa duten elkarretaratzeari eutsiko diotela ziurtatu du. Elkarrekin segitzeko «beharra» nabarmentzeaz gain, Forcadellek ez du uste azken erabakiek prozesua etetea lortu dutenik. Kontrakoa. «Aurrera goaz, Lehentasuna da hori. Nahitaezkoa», azaldu du.

Ildo beretik mintzatu da Casals. Prozesua «luzea eta nekeza» dela adierazi badu ere, atzera egiteko unea ez dela deritzo: «Badakigu arerioa oso indartsua dela, baina burua hotz eduki, eta oinak lurrean tinko mantendu behar ditugu, egoera zail honi aurre egin behar baitiogu». Casalsen irudiko, etorkizun oparoagoa eraikitzeko nahia «handia» da herritar gehienen artean, eta «desio hori» inoiz hautsiko ez delakoan dago. Zentzuz jardutera deitu du: «Hau ez da amaitu, ezta gutxiago ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.