KRONOLOGIA

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Azken lau urteetan Espainiako Gorteetarako egingo diren laugarren hauteskundeak dira gaurkoak.

2015eko abenduaren 20a. Hauteskundeetan, kolpe historikoa hartu zuen bi alderdiko sistemak: PPk eta PSOEk 296 diputatu zituzten aurrez, eta 213ra igaro ziren. Ordura arte baziren Espainia osoan aurkeztutako indar gehiago, baina Podemosen (69) eta Ciudadanosen (32) agerpenak jokaleku berria zabaldu zuen.

2016ko martxoaren 2a. PP lehen indarra izan arren, Mariano Rajoyk uko egin zion inbestidura saiora aurkezteari, eta Pedro Sanchezek (PSOE) egin zuen ahalegina. C's-ekin ituna egin zuen, baina, PPren eta Podemosen aurkako botoak jasota, porrot egin zuen.

2016ko ekainaren 26a. Ezein hautagaik ez zuenez behar adina babes eskuratu, hauteskundeak egin zituzten berriro. Sei hilabeteko epean, gora egin zuen PPk, eta behera PSOEk. Orduan bai, saiatu zen Rajoy, baina lehen saioan, abuztuan, porrot egin zuen.

2016ko urriaren 29a. Bigarrenean, presidentetzara heldu zen Rajoy; C's-en babesak eta PSOEren abstentzioak eman zioten modua. Alderdiaren irizpideen kontra ez egiteko, Sanchezek PSOEren idazkaritza nagusia utzi zuen.

2018ko ekainaren 1a. Sanchez, PSOEko buruzagitzara itzulia zena, gobernuburu izendatu zuten, Rajoyren aurkako zentsura mozioa onetsita. 40 urtean onartutako lehen zentsura mozioa izan zen, PPren ustelkeria kasuek bultzatuta. Astebete lehenago, Auzitegi Nazionalak zigortu zuen PP, ustelkeria sare baten bidez aberasteagatik.

2019ko apirilaren 28a. Gehiengo ahula izanik eta aurrekontuak aurrera atera ezinda, hauteskundeetara deitu zuen Sanchezek.

2019ko uztailaren 25a. Inbestidura saiora aurkeztu zen Pedro Sanchez, baina ez zuen behar adina boto jaso; ez lehen bozketan, ez bigarrenean.

2019ko irailaren 29a. Epea amaituta eta presidenterik gabe, berriro deitu zuten hauteskundeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.