Josu Martinez. Zinemagilea eta EHUko ikerlaria

«Historiaren ispilu da filmen kontserbazioa»

Euskal Herriko zinemaren historian arakatu du Martinezek, ikerlari lanetan. Eta, horretarako, filmak izan ditu garai eta ikuspegien iturri historiko nagusi. Eta ziur dio pelikulek «historia» egiten dutela.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zinema dokumentalari buruzko doktore tesiarekin ari zela agertu zitzaion Josu Martinezi (Bilbo, 1986) Gure sor lekua film galduaren arrastoa. Interesez, hariari eutsi zion, eta haren bila abiatu zen. Euskaraz egindako lehen filma zela ondorioztatu zuen gerora. Eta azkenean, ezinezkoa zirudienean, filma bera ere topatu zuen, Andre Madre egilearen alargunaren etxean. Paradoxa krudela zekarren aurkikuntzak: euskarazko lehen filmak ez zuen soinurik.

Gertatu ohi da altxor baten bila abiatu eta bidean beste hainbat topatzea. Zuei ere gertatuko zitzaizkizuen halakoak.

Bai, noski. Tira, gure aurkikuntza ez zen osoa izan: oraindik bizi da egilearen alarguna —94 urte ditu—; harrigarriki, aurkitu genuen, eta hark bazuen Madreren filmaren kopia bat. Gero ikusi genuen hura ez zela proiekziorako kopia, soinurik ez zuelako. Garai hartan, filmetan irudia eta soinua bakoitza bere aldetik grabatzen ziren, eta proiektatzean lotu. Emakume hark etxean zeukana laneko kopia zen, azkeneko kopia, nolabait esateko. Horrek eraman gintuen beste gauza batzuk bilatzera, eta tartean beste gauza asko topatu genituen; besteak beste, Madrek egindako beste film bat, eta filmaren gidoilari Jean Elizalde Zerbitzari euskaltzainaren artxibo pertsonal osoa, galdutzat ematen zena.

Badirudi herriak, sarri, ez direla jabetzen nolakoa ondarea duten.

Euskal Herriak, beste edozein herrik bezala, badu bere ondarea, eta esango nuke historiaren ispilu dela ondarea edo, hobeki esanda, ondarearen kontserbazioa. Hari begira jakin dezakegu nolakoa den gure historia. Gure filmak, oro har, amateurrak dira, elizkoiak kasu askotan, eta Euskal Herriari buruzko datu asko ematen dizkigutenak. Baina pelikula erdipurdikoak dira, ahal zen moduan estreinatu zirenak, eta horrek gure historiari buruzko gauza asko esaten dizkigu. Aldi berean, horiek nola kontserbatu diren aztertzeak ere asko esaten digu: pelikula asko ez ziren askorik estreinatu, eta, hemen industriarik egon ez denez, gehiago izan dira dirua edo ahala zuten hainbat idealistaren ahalegina. Idealista frankotiratzaile gutxi batzuek egin dute gure historia, eta, gero, kontserbatu ere halaxe egin da, ahal izan den moduan. Pelikula asko desagertuta daude, baina beste asko desagerrarazi dituzte. Teodoro Hernandorenaren Euzkadi filmarena adibide ona da. 1933an espainolez egindako dokumental abertzalea izan zen, garai hartan arrakasta handia izan zuena. Frankistek, Donostiara sartu zirenean, Gipuzkoa Buru Batzarraren egoitzan zegoen kopia bakarra suntsitu zuten.

Filmak, beraz, iturri historiko izan daitezke?

Izugarrizko iturriak dira, paregabeak. Ez bakarrik filmak modu diegetikoan kontatzen duena, baizik eta filma bera bere testuinguruan. Euzkadi-n adibidez, kontua ez da esaten duten bezala sinestea baserria dela euskal identitatearen perla, garai hartako jendeari eta abertzaletasunari buruzko datu asko ematen dituela baizik. Filmak, iturri historiko izateaz gainera, historia sortzaile ere badira. Euren izatearekin sortzen dute historia.

Argi ikusten da hori dokumentalen kasuan. Fikzioan ere bai?

Gure herrian izan den produkzio urrian, gehiena dokumentala da, hemen ez baita industriarik izan. Egin diren gauza urriak lau Kixote erok euren poltsikotik ordaindutako abenturak izan dira. Dokumentalak errealitatearen aztarnatik abiatzen dira —nahiz eta gero fikziotik asko izan—. Patricio Guzman dokumentalgile txiletarrak esaten du zinema dokumentala herri baten argazki albuma dela. Eta zer esango dut, bada: fikziozko mila pelikula egon litezke, baina fikziozko 5.000 filmek ere ezin dituzte berdindu 1967an Xalbadorri txistu jo zioteneko irudiak. Hori da benetako ondarea.

1895ean asmatu zen zinema. Horren aurreko filmak ere izan daitezke iturri? Erromatarren garaikoak, adibidez...

Iturri historikoa izan daiteke berreraikuntza egiten den zentzuan. Adibidez, nobela batek balio dezake iturri historiko gisara? Bada, bai. Erromatarren garaian ez zegoen poltsikoko libururik, baina horrek ez du esan nahi ezin daitekeenik izan horri buruzko nobelarik, eta iturri izan. Gainera, zinema izan daiteke historiaren sortzaile. Historiografia egiten denean, interpretazio berriak oso inportanteak dira, eta, alde horretatik, zinemak esanahi berriak planteatzeko gaitasun handia du.

Ikus-entzunezkoen saturazioa dugu egun. Edonork du eskura bideoa grabatzeko aukera. Etorkizunean, zer balio izanen du material kantitate horrek?

Lehen, estatu nazioek biltzen zuten beren ondarea; guk ez dugu bildu ez dugulako estaturik eduki, noski, eta ez dugulako izan ez zinematekarik, ez liburutegi nazionalik. Orain estatu batek ezin ditu bildu sortzen diren gauza guztiak; ezinezkoa litzateke. Ni, halere, banaiz gauzak gordetzearen eta artxiboak egitearen aldekoa. Denetik dago; sakelakoarekin grabatzen diren bideo guztiak ez dira inportanteak. Azkenean, benetako balioa dutenak geratuko dira. Garai batean, argazkiekin gertatzen zen: hobeto pentsatzen genuen zeri atera argazkia, eta gero ongi kontserbatzen genuen. Egun, ateratzen diren 5.000 argazkietatik zenbat pasatuko dira paperera? Denborak esango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.