Pausokan erregulazio dosier baten aplikazioa salatu du LABek

urtzi urkizu
Donostia
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Pausoka Entertainment SL enpresako LABeko ordezkariek «aspaldian jasaten ari diren enplegu suntsiketa» salatu dute. Gogorarazi dute 2011-2012 urteetan hainbat kaleratze izan zirela ekoizpen etxean. «2013an, enplegua erregulatzeko suspentsio dosier bat aplikatu zitzaien hainbat langileri, eta kaleratze bat izan zen. 2014an, beste langile bat kaleratu zuten». Enpresak bide horri eutsi nahi diola salatu dute ordezkari sindikalek. «Berriki, apirilaren 30ean, Bilboko lan zentroa itxi zuten, eta, ondorioz, hiru pertsona kaleratu zituzten». Beste zortzi langile Donostiako egoitzara eraman zituzten. Aurki, beste hamabi langileri enplegua erregulatzeko beste suspentsio txosten bat aplikatu dietela salatu dute LABeko ordezkariek; lantaldea 34 langilek osatzen dute.

Ordezkariek Pausoka Entertainment SL enpresako zuzendaritzari eta ETBri exijitu diete erregulazio dosierra bertan behera uzteko, «enplegu suntsiketari amaiera emanez». Sindikatuko ordezkarien iritziz, zuzendaritzak etekinak beren poltsikoetara eraman nahi ditu, «enplegua suntsituz, prekaritatea handituz eta lan baldintzak araugabetuz». Ez direla geldirik geldituko diote: «Langileak ez daude prest egoera onartzeko, eta beren eskubideak defendatuko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.