Medikuen elkargoak ez dio lanera itzultzen utzi nahi Bonnemaisoni

Erredakzioa

2018ko urtarrilak 13
Jada bi urte baino gehiago igaro dira Nicolas Bonnemaison Baionako sendagilea bere ofiziotik apartatu zutenetik: eri batzuen senideek salatuta, eutanasia erabiltzeagatik zigortu zuen auzitegi batek. Alde guztiek onartu zuten Bonnemaisonek ez zuela fede txarrez jokatu: hilurren zeuden gaixoei sufrimendua arintzeko sedatu zituela. Familien baimenik gabe aritu zen, ordea, eta legea hautsi zuen. Ondorioz, epaileak bi urteko espetxe zigorra jarri zion, baina ez zuen hura betetzera behartu. Frantziako Medikuen Elkargoak, ordea, estu hartu zuen Bonnemaison; harrezkero, ez du berriz lehengo lanbidean jardun —bestelako lanak egin ditu han eta hemen, medikuntza anbulatorioan edo ikerketan—.

Abenduaren 5ean, bi urteko epea igarota, sendagilea berriz langile gisa hartzeko prest agertu zen Medikuen Elkargoko Akitaniako batzordea, betiere «bizitza amaierako egoerekin» zerikusirik ez duen karguren bat emanda. Paristik, ordea, ez dute hala nahi: elkargoaren goragoko aginteak aurka egin dio Akitaniako sektoreari, eta helegitea ipini, argudiatuta Bonnemaison ez zela behar bezala damutu eta «heriotza deliberatuki» eragin zuela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna