'Haizeari begira'

Kimerak leihotik begira

Idazlea: Jon Ariza De Miguel. Argitaletxea: Elkar.

2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ohe hotzak (Elkar, 2016) argitaratu zuenetik urtebete pasa igaro denean aurkeztu du bere bigarren eleberria Jon Ariza De Miguelek (Portugalete, Bizkaia, 1979). Europa zaharreko uharte bateko hiriburuan anaiarekin opor egun batzuk igarotzeko asmoz, bertako hotel bakarrera heldu biharamunean ematen dio hasiera istorioari Haizeari begira (Elkar, 2017) nobelako narratzaile-protagonistak. Lau ataletan —egun bakoitzeko bat— banatutako compte-rendu partzial eta pertsonal honetan aurrera egin ahala, anaiak Atreo izengoitiaz deitzen duen gizonaren barne-munduan murgilduko gara; munduaz duen esperientzian eta gogoetetan.

Hasteko eta bat, aitor dezadan: deseroso sentiarazi nau pertsonaiak. Harekiko enpatia izpirik ez dut sentitu, urrunekoa eta interes bakoa iruditu zait. Lehen pertsonan narratutako istorioa denez, kosta egin zait pertsonaia eta liburua bereiztea eta protagonista dandyaren gogoetak narda handiegirik gabe irakurtzea.

Kontakizuna hasi eta gutxira diosku Atreok, logelako leihotik pareko etxeko bizilaguna ikusi duenetik, harengan pentsatzeari utzi ezinik dabilela. Are, posible duen guztietan paratzen da hurrengo egunetan leihoaren aldamenean, Susana izendatu duen emakume ezezaguna zelatatzeko. Atreo gizon jantzi eta ongi heziak ez du inongo arazorik ezagutzen ez duen norbait bere etxean dagoela zelatatzeko; izan ere, Susana «ederra» da, eta «beharrezkoa» zaio ahal duen aldiro leihora gerturatzea, ikusiko duen esperantzaz; egiten ari dena apenas zalantzan jarri gabe. Horretan ematen ditu anaia Tiestesekin pasa beharreko egunak. Voyeurismora heltzen ez den arren, hainbat fantasia eraikitzen ditu Atreok, Susanarekin balizko enkontruak imajinatuz, elkarrizketak asmatuz. Memento horietan lausotu egiten da kontakizunean gertatzen ari denaren eta narratzailearen fantasiaren arteko muga.

Liburuaren hasierako eta amaierako aipuek iradokitzen dute liburuaren kontrazalean aipatzen den ekintzaren eta kontenplazioaren arteko dilema, ustez, protagonista harrapatuta daukana. Bere baitatik eta mundura ateratzeak Atreori arrisku handiegia ekarriko liokeela dirudi, gehiago interesatzen zaiola liburu eta gogoeta estetikoetan bizitzea, edo kimeratan galtzea, bere burua zalantzan jartzeko aparteko beharrik gabe.

Izen propioen faltan, bi pertsonaia nagusien, bi anaien, izengoitiak baino ez zaizkio eskaintzen irakurleari. Izen horien jatorrian dagoen mito klasikoa —narratzaileak laburki azaltzen duena—, pertsonaia nagusiak izengoitiok hartzera eraman zituen gaztetako pasadizoa eta eleberriaren trama nolabait elkartzen dituen tema bat bada liburuan, amaieran argi ikusten dena, nahiz errebelazioaren aurretik ere zantzu batzuk ageri diren kontakizunean.

Ariza De Miguelek aise darabil idazkera soila eta baita, batzuetan, poetikora hurbiltzen den estiloa ere, protagonistaren barne-diatriba eta paisaiako detaileen inguruko askotariko gogoeta eta dibagazioak emateko. Ahozkoan ohikoak ez diren «hots», «hau da» eta antzeko diskurtso markatzaileen erabilerak, ordea, egiantzekotasuna kentzen die narratzailearen jarduna eteten duten elkarrizketa batzuei. Baina baliteke ahozko formulen idatzizko baliokidetza ezegokiarena baino hizkuntzaren normalizazioarena izatea auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.