Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Oligopolioen esku egoteari uzteko agentzia eratzea proposatu du Zurekin Nafarroak

Zurekin Nafarroa koalizioko hautagaiek Iruñeko Arrotxapea auzoan izan ziren atzo. Erdian, Begoña Alfaro lehendakarigaia.
Zurekin Nafarroa koalizioko hautagaiek Iruñeko Arrotxapea auzoan izan ziren atzo. Erdian, Begoña Alfaro lehendakarigaia. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko maiatzak 18 - Iruñea

«Ez da egun batetik bestera izango, baina bide hori egin beharra dago». Zurekin Nafarroa koalizioak trantsizio energetikoari erreparatu zion atzo goizean. Begoña Alfaro zerrendaburuak aldarrikatu zuen Nafarroak energiaren agentzia publiko bat sortu beharra duela, «oligopolio elektrikoaren eskuetan egoteari uzteko».

Berez, iragan legealdiko akordio programatikoan jaso zen erakunde publiko hori eratzea, eta iaz Nafarroako Parlamentuan onartutako Klima Aldaketaren Legean ezarri zen Energiaren Agentzia sortu behar dela. Atzo Arrotxapea auzoko Maiteminduen parkean egindako aurkezpenean, Alfarok gogorarazi zuen konpromiso horiek ez direla bete inondik ere. Noizko nahiko luketen galdetu zioten: «Denbora behar du, bai, eta bide hori gizartearekin eta gaia hobekien ezagutzen duten kolektiboekin egin nahiko genuke. Berandu goaz, eta legealdi hasierako lehen neurrietako bat izan behar du, gehiago atzeratu ez dadin».

Zurekin Nafarroa koalizioaren arabera, enpresa publiko horrek argindarra ekoitzi, banatu eta «batik bat» merkaturatu egin behar luke, «energiaren salneurriak demokratizatzeko eta argindar konpainien menpe egoteari uzteko». Agentzia hori Nafarroako Enpresa-Korporazio Publikoaren barruan egongo litzateke, sektore publikoko beste sozietateekin batera.

Carlos Guzman hautagaiak gogorarazi zuen hiru energia talde handiek iaz 8.530 milioi euroren irabaziak izan zituztela, 2021ean baino %31 gehiago, «inoizko handienak». «Uste dugu erabat lotsagarria dela egungoa bezalako krisi energetiko batean halako irabaziak izatea, eta uste dugu familia guztien mesederako izango den instrumentu publiko bat behar dela».

Energia berriztagarrietan oinarritutako enpresa hori eratzeko baliabideak badaudela uste du Alfarok: «Eguzkia dugu, ipar haizea dugu, Pirinio aurreko mendialdea dugu... Alta, oraindik ez daukagu trantsizio energetikorako planik eginda». Klima Aldaketaren Legeak, hain zuzen, planifikazio bat egiteko betebeharra ezartzen du. Alfaroren arabera, egitasmo horrek «zorrotza, ordenatua eta planifikatua» izan behar du.

Aldaketa klimatikoaren legeak berak dio administrazio publikoak eredugarri izan behar duela, eta horretarako hainbat helburu eta neurri zerrendatzen ditu. Zurekin Nafarroaren proposamena bide horretatik doa. «Berriztagarrien instalazioak hiri eremuetan jarri behar dira, modu horretan askoz ere kalte arinagoa egiten baitzaio ingurumenari». Hala, proposatzen dute eraikin eta eremu publiko guztietan plaka fotovoltaikoak ezartzea, «Beratik Corteseraino»: osasun etxeetan, autobideetako erdibitzaileetan...

«Energia ekoizteko gure ahalmena handitu dezakegu, baina hori hiriguneetan egin behar da. Ezin dugu hori landa eremuetan egin, parke fotovoltaikoen aurkako jarrera gero eta handiagoa baita. Kalte egiten die gure bioaniztasunari eta labore lurrei», zehaztu zuen Alfarok.

Gazteak eta etxebizitza

Gazteen erronkei eta etxebizitzari buruz galdetuta, Alfarok nabarmendu zuen «bereziki interesatzen zion zaion gai bat» dela. Lehentasunetako bat etxebizitzarena dela uste dute. «Batetik, alokairurako laguntzen baldintzak zabaltzea proposatzen dugu, eta uste dugu parke publikoko etxebizitza kopurua handitu behar dela. Gazteei ezinezkoa zaie etxebizitza merkatuan sartzea, ez jabe izateko, ezta alokatzeko ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza, Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, aurtengo otsailean, Fernando Buesaren eta Jorge Diezen hilketaren urteurren ekitaldian, Gasteizen. ©DAVID AGUILAR / EFE

EAJk eta PSE-EEk «gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek koalizio gobernuak eratzen lagunduko dute foru aldundi eta udal guztietan. Itunak ez du aipatzen instituzio jakinik, eta ez du argitzen zer jarrera hartuko duten PPren babesa behar dutenean

Maria Txibite, Zurekin Nafarroako ordezkariekin batzartu aurretik. ©J. M. / FOKU
Iriarte: «Gipuzkoan oraindik ez dago ezer idatzita»
<em>Egunkaria</em>-ren itxieraren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldia, Madrilgo La Maliciosa ateneoan. ©J. DANAE / FOKU

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki, Berriemaile berezia

Zenbait gizarte mugimenduk 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera oroitzeko ekitaldi bat antolatu dute Madrilen. Javier Gomez Bermudez, auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua, solasean aritu da Martxelo Otamendirekin, 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiarekin. Epaileak nabarmendu du «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela 'Egunkaria' ixtea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...