LEKU-LEKUTAN

Jazidien sarraskia

Urtzi Urrutikoetxea -

2014ko abuztuak 9
Jazidiak Sinjar mendian daude oraintxe bertan. Sarraskia jasaten ari dira, «ez dago Ala beste jainkorik» lelopean. «Presidente jauna, orain arte bostehun jazidi hil dituzte. Emakumeak esklabo hartzen dituzte, azokan saltzeko». Begiak gorritu zaizkio Vian Dakhil diputatu kurduari. Parlamentuko burua isilarazten saiatu da, baina beste diputatuen laguntzaz eutsi egin dio berbari: «Jazidi herriaren aurkako genozidio kanpaina dago. Gizatasunaren izenean, salba gaitzazue!». Isilik eta hunkituta entzuten zaizkio berbak: «48 orduz 30 mila familia setiatuta daude, urik eta jatekorik gabe Sinjar mendian. Hiltzen ari dira. 70 ume hil dira egarriz eta itota. Berrogeita hamar edadetu ere bai. 72 genozidio kanpaina jasan ditugu, eta beste bat dago abian XXI. mendean», dio diputatuak, Otomandar Inperioko sarraskiak gogoan. Armenian eta Iraken daude jazidi gehienak gaur, behinola Kurdistan osoan egon arren. Istanbulen bizi nintzela, mugimendu kurduko militante jazidi batek alokatu zidan etxea. Alemaniako Celle hiriaren inguruan ere erbesteratu taldea dute, eskualde horretako jazidia da, esaterako, Feleknas Uca europarlamentari eta Friendship taldeko kide izandakoa. «Sarraskitzen gaituzte, erlijio oso bat lurrazaletik desagerrarazten ari dira». Doi-doi eman ditu eskerrak Vian Dakhilek, hondoratu baino lehen, beste bi diputatuk eutsi diote. Ordurako Parlamentu osoa zutunik da. Youtuben berehala zabaldu da bideoa.

Behinola, etnia eta erlijioa bereizteko ohitura handiagoa zegoen; egun, elkarrekin dira, nagusiki, kurdu sunitak eta bestelako erlijioa duten kurduak —eta hor zeresan handia izan du Abdula Ocalanek, sinesmen eta ohitura feudalen gainetik nazio kurduko kideak, herritar xumeenak batez ere, erakartzeko—. Horien artean, jazidiak, inguruko erlijio handiek ezjakintasunez eta bekaizkeriaz deabrua gurtzen duten mitoa hedatu duten sinesmen zaharraren jarraitzaileak. Eroritako aingeru bat da (Melek Tawwus edo pauma-aingerua) egiaz gurtzen dutena, baina Satanekiko ikuspegi judukristauaz harago, Melek Tawwus barkatu egin zuen Jainkoak eta paradisura itzuli.

Fanatismoak gorroto duen erlijioa da, inoiz inori inposatu gura izan ez diotena (egiaz, hedatzeko borondaterik gabeko sineskera da, ez da posible hartara konbertsioa). Hainbat elementuren artean sua eta eguzkia gurtzeak «jatorrizko kurdu» gisa agertzea ekarri du, gehiengo musulmanaren aldean. 2007ko sarraskietatik urte pare batera (800 lagun inguru hil zituzten urteotan egin den atentatu odoltsuenean), esku zabalik hartu gintuzten iraileko egun batez Lalesh-eko tenpluan (Hego Kurdistan), jazidien ospakizun nagusian beste milaka lagunekin batera parte hartzeko.

Lerrook idazterakoan, lehen bonbardaketen berri ari dira zabaltzen. Eta betiko zatiketa inoiz baino agerikoago bihurtzen da: mendebaldeko ezkerra —Latinoamerika inor baino mendebaldarrago— esku sartzearen aurka, eta bertako herritarrak laguntza eske. Lagun dezakeen edonoren babes eske. Duela ez hainbeste, ezker abertzaleko gazte mugimenduak gonbidatuta etorri zen lagun kurdu batek idatzi du: «Ezkertiar berritsuak, giza eskubideen defendatzaileak eta munduko gainontzeko guztiak zergatik daude beti isilik kurduei buruz? Estatu Islamikoak kurduei eraso eta milaka lagun errugabe hil ditu. Nora joan ez duten milaka iheslari ISISeko terroristek inguratuta daude. Zergatik nazioarteko komunitateak ez du ezer egiten ISISen aurka? Zergatik, zergatik, zergatik?» Kontua ez da konparatzea zer den okerrago, munduko arma sofistikatuenekin airez bonbardatzea edo zintzurra moztea edo ihesian egarriak hiltzea. Baina badago alderik batek egunero sortu dituen protestetan eta bestearekiko isiltasun iraingarrian. Berlinen milaka lagunek egin dute protesta, berdin Londresen eta kurduak bizi diren zenbait komunitatetan.

Beti jakin dute ezer gutxi espero dezaketela besteengandik. Eta hondamendiak ezer onik ekarri badu, kurduek elkar hartzeko gaitasuna izan da. Sirian etsaitutako iraultzaile PKKzaleak eta Masud Barzaniren jarraitzaileak, nor bere aldetik baina Estatu Islamikoaren aurka ari dira, eta jazidi, kristau, turkmen eta jihadistek jazarriak izan diren beste gutxiengoen alde.

Gaurkoak Turkiara begira jarri nahi zuen. Recep Tayyip Erdoganek aski botere ez, eta presidente hauta dezaten aldatuta zuen konstituzioa bururaino eramango du: lehen aldiz, herritarrek bozkatuko dute estatuburuarentzat. Ez dirudi ezerk inarros dezakeenik Erdogan. Baina hegoaldeko mugetan zabaldu den fanatismoa —ISIS «gaizki ulertutako» taldetzat aurkeztu du Mehmet Davutoglu Atzerri ministroak asteon—, ustekabean etxean bertan leher dakioke. Mundu guztiak argi ikusi baitu nondik sartu diren hiltzaileak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna