Albistea entzun

SERIEA. Euskaraldia martxan (IV). Herri euskaldunak, erdalduntzen.

Berba egiteko plaza berriak

Herri euskalduna da Bermeo, baina azken urteetan nabarmen jaitsi da euskararen erabilera etxean eta kalean, batez ere gazteen artean. Buelta eman guran dabiltza erakundeak eta eragileak. Bideoa albistearen amaieran.
Xabi Ojinaga, Bego Gangoiti, Itxasne Gabilondo, Juan Karlos Agirre eta Maite Alvarez.
Xabi Ojinaga, Bego Gangoiti, Itxasne Gabilondo, Juan Karlos Agirre eta Maite Alvarez. M. DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko azaroak 28 - Bermeo

Aurretik zeukaten susmo bat baieztatu zuten Bermeon (Bizkaia) duela urtebete pasatxo: euskararen erabilerak behera egin du nabarmen. Bizkaiko kostaldeko beste herri arrantzale batekin alderatu zuten, Ondarroarekin. Biak euskaldunak dira, baina erabileran sekulakoa da aldea: Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako azterketaren arabera, Ondarroako kaleetan Bermeokoetan halako bi baino gehiago entzuten da euskara. «Bermeoren irudia ez zen oso positiboa. Modu aktiboan ari ginen lanean, baina ikusten genuen erabilerak behera egiten zuela, gora egin ordez. Zer gertatzen zen jakin nahi genuen, zergatik gertatzen zen hori», gogoratu du Amaia Alvarez Bermeoko Udaleko euskara teknikariak.

Aitortu du «beharbada»ez zutela asmatu azterlanaren emaitzak ezagutarazteko moduan. «Ondarroarekin parekatu ginen. Geure burua begiratzeko ispilu moduan jarri genuen. Ondarroa, oso ondo; Bermeo, oso txarto. Eta hori ere ez da egia. Erabilerak kezkatzen gaitu, baina modu aktibo batean lan eginda horri buelta emateko moduan gaude».

Txosna batzordeko kideek zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. Autobus bete gazte Ondarroara joan ziren, gaztetxera. Sare sozialetan bolo-bolo ibili zen bideo umoretsu batekin iragarri zuten txangoa. «Eurekaz egon gura genuen, jakin gura genuelako zelan dagoen hainbesteko desberdintasuna euren eta gure artean», adierazi du Xabi Ojinaga txosna batzordeko kideak. «Konturatu ginen ez dagoela desberdintasun handirik. Han gure antzeko jendea topatu genuen. Baina bai ohartu ginen eurek badituztela leku erreferentziazkoak euskaraz berba egiteko. Eta gu atomizatuta gaude, kuadrilletan sakabanatuta».

Horrelako leku erreferentziazkoetako bat da txosna batzordea bera; baita txosnen gunea ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Baina ez zuten besterik. Duela bi urte aldatu zuten bermeotarrek txosna eredua, ordura artekoa krisian sartu zelako. Herriko eragile eta elkarte bakoitzak berea jartzen zuen lehen; orain, batzordea arduratzen da. «Jai eredu euskalduna eta herrikoia bermatu gura genuelako sortu genuen batzordea. Ordura arte gure artean loturarik ez genuen jende asko batu ginen, eta era normal batean sortu zen gure artean euskaraz egitea».

Jaiek irauten duten hamabost egunetan euskaraz bizi ziren, eta hori urte osora zabaldu gura izan zuten. Hala, aratusteetan bertso bazkari bat egin zuten. Gerora, beste jai bat ere egin zuten, eta ikusi zuten topagune horietan euskaraz berba egiteko joera zeukatela. «Denok batera gaudenean eta horrelako egunetan, ez da euskara besterik entzuten». Horregatik, topagune horiek urte osora zabaltzeko asmoa dute. Eta apurka-apurka, bakoitza bere gertueneko esparruan ere euskara erabiltzen hastekoa.

Horretarako aukera eman die Euskaraldiak. Alvarezen esanetan, bermeotar askoren sostengua lortu du egitasmoak. Urtebetez 40-50 laguneko taldea ibili da prestaketa beharretan, eta espero baino jende gehiagok eman du izena ahobizi edo belarriprest izateko. Txapa gehiago eskatu behar izan dituzte. «Lortu dugu nolabait sentsibilitatea daukan jendeak pausoa ematea eta modu aktiboan parte hartzea Euskaraldian, eta lortu dugu herritar mordo batek izena ematea. Horrek ondorio onak izango ditu aurrera begira».

Buru-belarri ibili dira iaztik Euskaraldiko egun hauek prestatzen. Baina bestelako lanak ez dituzte alboratu. Alvarezek hiruzpalau azpimarratu ditu. Batetik, adibidez, berbalagun talde «indartsua» dutela esan du. «Sektore bitara ailegatzen da: euskaraz hitz egin nahi duen jendea eta eurei laguntzeko prest dauden herritarrak. Alde bietan jende multzo esanguratsua daukagu». Talde osagarriak ere sortu dituzte; adibidez, gurasoek seme-alabekin euskaraz olgetan egitea ahalbidetzen duena. Talde horiek aparteko lekua dute Euskaraldian, Alvarezen esanetan.

Ahoz ez ezik, idatziz ere sustatu nahi dute erabilera. «Merkatarientzat eta ostalarientzat zerbitzu iraunkor bat daukagu: euskaraz idatzi ahal izateko itzulpen maketatuak eta kartelak egiten ditugu». Astean behin, merkatu txikia egiten dute herrian, eta, aurten, kartel mordoa egin dizkiete postuetako saltzaileei. «Horrek eragina dauka, Bermeora etortzen denak ikusten duelako herrian daukagun hizkuntza paisaia oso euskalduna dela». Izan ere, Alvarezen arabera, herri euskaldunetara doazen turistek euskara bilatzen dute.

Lehen berbatik hasita

Itxasne Gabilondo botikariak badaki idatzizko komunikazioak zer garrantzi duen. Bost langile dira farmazian. Egunotan, ahobizi txapa daroate. Baina bestelakoan ere badira: lehen hitza beti egiten dute euskaraz. «Guk euskaraz egiten dugunean, dakitenek euskaraz erantzuten digute beti». Lokaleko testu guztiak hizkuntza berean dituzte: kartelak, produktuen sailkapenak, zerbitzuen eskaintza, azalpenak... «Botikara etortzen diren gehienak nagusiak dira, eta oso ondo moldatu dira beti euskaraz. Gazteen artean erabilera aldatzeko, sare sozialetan euskarazko edukia igotzen dugu».

Erabilera ohitura txikitatik landu behar da, eta horretan ahalegintzen dira Xixili gimnastika taldeko kideak, Bego Gangoitik dioenez: «Saiatzen gara ahal den neurrian gure entrenatzaileak euskaldunak izaten, txikienen kasuan entrenamendua euskaraz izateko. Eta erdaraz entzuten badituzte, kargu hartzen diete». Halere, badute zer hobetu, eta hori izango dute 25. urteurreneko erronka: «Kide nagusiek gure taldeko beste batzuk animatzean ole esaten dute. Horren ordez, beste zer edo zer bilatu behar dugu, eta horren erabilera sustatu».

1990eko hamarkadan sartu zen Bermeo Ueman. Harrezkero, udal administrazioarekiko harreman guztiak euskaraz egin ditzakete bermeotarrek. Behargin eta politikari, udalean 300 pertsonatik gora direla esan du Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak. Lanerako hizkuntza euskara dute gehienek. Erabilera hobetzeko eta indartzeko lan egiten dutela azaldu du; besteak beste, Eusle metodologia erabiltzen ari dira, Euskaraldiak oinarri duen eredua. «Udalak erreferentzia izan behar du euskararen erabileran. Eredugarriak izan behar dugu».

Bihar: Euskaldun dentsitate txikiko eremuak.

Arnasguneak eta euskara ardatzera ekartzeaz

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hendaiako atxikitze zentroa. / ©Bob Edme

Atxikitzeetako gehiegikeriak salatu dituzte

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

CIMADE elkarteak Hendaiako atxikitze zentroko gehiegikeriak deitoratu ditu. Muturreko egoera gehiago direla dio.

Vicente Atxa, / ©Aritz Loiola, Foku

«Ekarpen berezi bat egin dugu euskal unibertsitate sisteman»

Jone Markuleta Etxegoien, Gipuzkoako Hitza

25 urte bete ditu aurten Mondragon Unibertsitateak. Sistema dualean «aitzindariak» izatea, enpresekin harremana izatea eta arlo berriak sortu izana nabarmendu ditu Atxa errektoreak.

Egunkarietako zuzendariak Pablo Gonzalezen eskubideen alde

Egunkarietako zuzendariak Pablo Gonzalezen eskubideen alde

Berria

Berria, Correo, Deia, Diario Vasco, Diario Noticias de Alava, Diario Noticias de Gipuzkoa, Diario Noticias de Navarra eta Gara egunkarietako zuzendarien agiri bateratua

Gazte bat iturri batean, udan izan diren bero boladetako batean, Berlinen. ©CLEMENS BILAN / EFE

KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK

Arantxa Iraola - Jone Arruabarrena

Klima aldaketaren ondoriozko arazoek zuzenean eragiten dute gizakien osasunean ere, eta, horregatik, gero eta premiazkoagoa izango da politikak eta proposamenak egitea ondorio horiei aurre egiteko eta aurrea hartzen ahalegintzeko; osasunaren ikuspegi zabal eta osoa behar da auziari neurria hartzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...