Albistea entzun

SERIEA. Euskaraldia martxan (VI). Euskaldun berriak.

Entzutea, esaten hasteko lehen pauso

Hiztun berriek 'belarriprest' rola defendatu dute. Eurei euskaraz egitea garrantzitsua dela uste dute; baita erantzuteko gai ez badira ere.

Unai Izquierdo, Mara Trimboli eta Amaia Villanueva.
Unai Izquierdo, Mara Trimboli eta Amaia Villanueva. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko azaroak 30 - Bilbo

Bilboko Kalderapeko gunean dute hitzordua BERRIArekin. Elkartu direnerako sortu da euren arteko eztabaida. Argazkilariak Euskaraldiko txapa bana hartu eta eskuekin eusteko eskatu die, argazkirako. Ahobiziena hartu dute Unai Izquierdok eta Mara Trimbolik; belarriprestena, Amaia Villanuevak. «Zergatik zara belarriprest? Zuk oso ondo hitz egiten duzu euskaraz. Ez dut ulertzen. Agian zuk ez, baina euskaldun askok belarriprest txapa aitzakia modura erabiliko dute, erdaraz hitz egiteko», esan dio Trimbolik Villanuevari. «Ni ahobizi naiz, baina argazkirako belarriprest txapa hartu dut, belarriprest direnak aldarrikatu nahi ditudalako. Nik eskertuko nukeen duela hamar urte rol hori egon izan balitz. Niretzat ona izango zatekeen euskara ikasten hasi nintzen sasoian jendeak euskaraz hitz egin balit. Baina nik erdaraz erantzuten nuenez, denek hitz egiten zidaten erdaraz».

Euskaldun berriak dira hirurak. Izquierdo eta Trimboli AEK-ko ikasleak dira; Villanueva, Zornotzako (Bizkaia) barnetegian ibili da azaroan, ahozko azterketa prestatzen. Barakaldokoa (Bizkaia) da Izquierdo. Gaur egun Gasteizen bizi den arren, Bilbon sortu zen Villanueva. Biek A ereduan ikasi zuten. Hala gogoratu du Villanuevak bere euskalduntze prozesua: «Eskolan ikasgai bakarra genuen euskaraz, eta ez nuen hizkuntza ikasi. 17 bat urterekin hasi nintzen. Orain 37 ditut. Esan daiteke hogei urte daramadala euskara ikasten, baina ez da horrela. Hartu, utzi, berriz hartu, utzi... Nire prozesua desorekatua izan da». Euskarak «mundu berri bat» zabaldu diola uste du; «euskaraz bizi den mundu oso bat» eman diola.

Izquierdok Malagan (Andaluzia, Espainia) egin zituen unibertsitate ikasketak. Beraz, luzaroan ez du harremanik izan euskararekin. «Bueltatzean pentsatu nuen beharrezkoa nuela. Hemen bizi garenez eta hainbesteko garrantzia ematen zaionez, euskalduntzea erabaki nuen». Duela hiru urte hasi zen euskaltegian. Aitortu du hasieran asko kostatu zitzaiola. Euskalduntzeko zailtasunak izan dituen jendea ezagutzeak «etsipena» sentiarazi zion. «Reyes Prado ETBko kazetari izandakoa ezagutu nuen. Andaluziakoa da. Urtebetean-edo ikasi zuen euskara. Eta pentsatu nuen: 'Hark lortu badu, nik ere egingo dut'». Oso pozik dago orain arte egindakoarekin. Euskarari esker Euskal Herria, hobeto ezagutu duela azaldu du. «Euskal gizarteak badu zerbait berezia, batak besteari laguntzekoa, auzolana. Hori herri txikietan ezagutu dut, eta hori euskarak eman dit».

Italia iparraldekoa da Trimboli, eta duela zortzi urte iritsi zen Euskal Herrira. Harrezkero, Igorren (Bizkaia) bizi da, eta euskaraz hitz egiten du. Italierari esker ulertzeko gai den arren, ez daki gaztelaniaz berba egiten. «Italiara joango bazina bizitzera, zer ikasiko zenuke? Italiera, ezta? Ba, Euskal Herrian, euskara». Euskaraldia iritsi aurretik ere, bera beti ahobizi izan dela esan du. Herrian errazago moldatzen da, baina Bilbon zailtasunak izaten dituela kontatu du. «Lehengo egun batean denda batera sartu nintzen. Saltzaileak ez zekien euskaraz. Nik euskaraz egiten nion. Agian, italieraz eginez gero, errazago ulertuko lidake. Baina ez: nik beti euskaraz. Azkenerako elkar ulertu genuen».

Trimbolik esperimentu gisa hartu du Euskaraldia. «Ikusmina daukat jendeak nola erantzun duen jakiteko. Adibidez, Bilbon jendeak gaztelaniaz hitz egiten du. Badirudi hemengo benetako hizkuntza gaztelania dela». Estatistikak sortzeko baliagarri izan daitekeela uste du. Ados dago Izquierdo. Aurreikusi du Euskaraldia bukatzean hainbat herritan emaitzak ez direla «onak» izango. Bilbo Handia aipatu du. Jendearen konpromisoak kezkatzen du Trimboli. «Zenbat belarriprest eta zenbat ahobizi daude? Ahobizi direnak belarriprest direnak baino gehiago balira, ados egongo nintzateke zuk egin duzun belarriprest rolaren defentsarekin», esan dio Villanuevari.

«Belarriprest izateak ez du esan nahi ez duzunik euskaraz hitz egingo», erantzun dio Villanuevak. «Zuri euskaraz hitz egitea nahi duzula esan nahi du. Gero zuk ikusiko duzu euskaraz edo gaztelaniaz erantzungo duzun». Izquierdok esan du ikasten hasi zenean uste zuela euskaldun zaharrek ez zutela berarekin euskaraz hitz egin nahi. «Horregatik, lotsa sentitzen nuen hitz egiteko». Gero ohartu zen kontrakoa gertatzen zela: «Nik egindako esfortzua aitortzen zidaten». Berak aukera izan du ingurukoekin euskaraz hitz egiteko. Lanean ere bai. Eta hori garrantzitsua izan dela azpimarratu du. «Ikaskide askok esaten digute euskaltegitik kanpora ez dutela euskararik entzuten, eta ezin dutela euskaraz egin. Horrela ezin da ikasi!».

Inguruaren garrantzia

Lotsa galtzeko, ezinbestekoa da praktika. Eta galdu dute. Villanuevak esan du berak orain euskaraz hitz egiten diotenero euskaraz erantzuten duela. Baina ulertzen du beste batzuek zailtasunak izatea. «Uste dugun baino jende gehiago da gai belarriprest izateko. Hitz egiteko beste jakin ez arren, euskara ulertzen duen jende asko dago, eta agian prest daude haiei euskaraz hitz egin eta haiek gaztelaniaz erantzunez elkarrizketa bat edukitzeko». Pertsona horiek Euskaraldira erakartzeari garrantzitsu iritzi dio.

Euskalduntze prozesua «gogorra» izan da Villanuevarentzat; hainbatetan errepikatu du solasaldian. «Inguruan giro euskalduna eduki dudan arren, ez dut aprobetxatu, lotsagatik. Orain bultzada ematea erabaki dut; sentitzen dut posible dudala erabat euskalduntzea». Euskara ikasten ari direnekiko «enpatia» sentitzen du. «Euskaldun berriok ahalegin handia egin du hiru arlotan: dirutan, denboran eta emozioetan. Nik momentu onak eta txarrak bizi izan ditut; frustrazioa ere bai sarritan. Errespetu handia sentitzen dut euskara ikasten hasi diren eta oraindik belarriprest fasean dauden horiekin».

Aitortu du ahobizien konpromisoa betetzeko zailtasunak dituela: «Baditut gaztelaniaz sortu ditudan harreman batzuk, eta zaila da hori aldatzea. Zintzoki, ez dakit beti lortuko dudan lehen hitza euskaraz egitea». Nork bere burua aztertzearekin lotu du Euskaraldia. «Esfortzu kolektibo bat da, baina baita pertsonala ere. Euskaraldia hasi aurretik denok galdetu genion geure buruari non gauden, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait».

Bihar: Euskararen ikusgarritasuna.

Aniztasunetik ahaldunduz eta eraldatuz

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Julen Aperrribai

Duela 25 urte sortu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, euskararen normalizazio prozesua bizkortzeko eta euskalgintzako erakundeak bateratzeko. Hizkuntza politiketara begirako akordio sozial zabalak, plangintzak eta proposamen zehatzak eragiteko gaitasuna izan du hasieratik. Adostasunok galgatu egin dira sarritan pauso berean: maila sozialetik maila politikora eramateko unean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Maite Asensio Lozano

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.
Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi Arantxa Iraola

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak

Ion Orzaiz

Kargua utzi du Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ibai Maruri Bilbao

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...