SERIEA. Euskaraldia martxan (V). Euskaldun dentsitate txikiko herriak.

Zubi bat abiapuntu

Nafarroako erdialdeko beste herri askotan bezala, «giro erdalduna» da nagusi Garesen. Hala ere, gero eta euskara gehiago aditzen dute kaleetan: «Euskaldunon familia hazten ari da».

Hiru belarriprest eta ahobizi bat, Garesko Julian Mena plazan. Ezker-eskuin: Idoia del Moral, Sagrario Arregi, Aritz Azkona eta Juankar Sanz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Gares
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Zurezko eskultura handi batek egiten die harrera Garesera (Nafarroa) Erromesen zubitik sartzen diren bisitariei. Eskulturaren mutur bati lotuta, ikurrin bat. Korrikaren lekuko erraldoi bat da, heldu den apirilean euskararen aldeko lasterketa Garestik abiatuko dela gogorarazteko(2.846 biztanle). «Datozen bost hilabeteak mugituak izanen dira herrian», dio Aritz Azkonak, udalerriko Euskara zinegotziak (Gares, 1987), neurri berean ilusioa eta urduritasuna islatzen dituen irribarre batekin. «Euskaraldia eta Korrika, biak ala biak, hitzordu garrantzitsuak izanen dira eskualdeko euskaldunontzat, baita mugarriak ere, euskara lehen lerroan jartzeko».

Izarbeibarko eskualdeko herririk handiena da Gares, baita Donejakue bideko tokirik garrantzitsuenetako bat ere, hantxe elkartzen baitira Frantziako nahiz Jakako (Espainia) bideak. Berezkoa du, hortaz, topagune izaera.

Hizkuntzari dagokionez, Nafarroako eremu mistoan dago, 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaren arabera. Horren ondorioz, eskubide linguistikoak kamustuta dituzte hango euskaldunek, eta aitortu dute herrian sumatzen den giroa «nahiko erdalduna» dela. Hala ere, Garesko karriketan gero eta euskara gehiago aditzen da gaur egun; batetik, herriko D ereduko ikastetxe publikoak 30 urtez landatutako haziari esker, eta, bestetik, hainbat bizilagunek helduaroan euskara ikasteko eta erabiltzeko egin duten apustu irmoaren ondorioz.

Horietako bat da Idoia del Moral (Gares, 1974). Urte batzuk daramatza AEKren Errobi euskaltegian, eta, euskaraz ongi moldatzen den arren, aitortu du batzuetan nekeza zaiola urteetako ohiturak aldatzea. Horregatik aukeratu zuen belarriprest rola: «Euskaraz egitea ez zait natural ateratzen, baina saiatzen naiz, lagunekin batez ere. Etxean, bestalde, semeekin hasi naiz euskaraz mintzatzen; haiek ez dute nahi, lotsa ematen dielako eta bizi osoan erdaraz hitz egin dutelako nirekin, baina tematia naiz».

Del Moralen ikaskideetako bat da Sagrario Arregi (Gares, 1946). 72 urterekin, pozik ekin dio euskaltegiko beste ikasturte bati.«Betidanik nahi izan dut euskara ikasi: jendea aditzen nuen euskaraz hitz egiten, eta inbidia izugarria sentitzen nuen». Hasi eta bizpahiru urtera utzi zituen euskara ikasketak, eta erretiroa hartzearekin batera ekin zion berriro. «Gainditu gabeko ikasgai bat zen niretzat, eta orain pozik nago, nahiz eta oso gaizki hitz egiten dudan oraindik». Mantso mintzo da Sagrario, hitzak tentuz aukeratuz, baina ederki asko ulertzen zaio, eta esamolde edo aditz batekin trabatuta gelditzen denean, gainontzeko solaskideek laguntzen diote.

Belarriprest txapa jantzi du Arregik ere: «Belarriprest naiz, bi edo hiru hitz euskaraz esan eta, berehala, urduri jarri eta trabatzen naizelako. No paso de ahí [hortik aurrera, ezin dut]». Hala ere, hitz edo esamolde solte batzuk kenduta, euskarari eutsi dio solasaldian.

Haren ustez, eragin handia du lagunarteko eta konfiantzazko giroan euskaraz egin ahal izateak: «Giroa da inportanteena. Gipuzkoara joaten naizenean, adibidez, eta ingurukoek euskaraz egiten dutela sentitzen badut, askoz errazago ateratzen zait niri ere euskaraz hastea. Baina hemen zailagoa da».

Ez da hori uste duen bakarra. Del Moralentzat ere, Garesko giroa «nahiko erdalduna» da, nahiz eta hori ere aldatzen ari den: «Kalean euskara entzuten da gero eta gehiago, baina euskaraz bizitzea oso zaila da oraindik. Herriko dendetan eta tabernetan, adibidez, euskaldunok badakigu non eska ditzakegun gauzak euskaraz eta non ez. Taberna, supermerkatu edo denda batzuetan, denok ezagutzen dugu euskalduna den langileren bat, baina gutxienak dira».

Arnasgune txikiak

Herriko saltokien artean, arnasgune txiki horietako bat da Juankar Sanzen harategia (Gares, 1980). Bezero euskaldunekin euskaraz mintzo da Sanz, eta euskara dotorean heldu dio elkarrizketari ere. Agian horregatik, gainontzeko solaskideek kargu hartu diote, ahobizi ez, berak ere belarriprest rola aukeratu duela jakin dutenean. Sanzek azaldu du bi arrazoi dituela belarriaren txapa janzteko. Bata, segurtasunik eza, eta bestea, jendaurrean lan egin beharra: «Euskaltegian bost urte egin nituen, baina ez nituen ikasketak bukatu, eta,ohiko solasaldietan ongi moldatzen naizen arren, kosta egiten zait gauza batzuk euskaraz azaltzea. Bestalde, harategian ezin diot une oro euskararen hautuari eutsi. Dendara etortzen zaizkidan gehienak erdaldun elebakarrak dira, eta ez naiz gai sentitzen euskarari beti-beti eusteko». Hala ere, azpimarratu du 11 egunotan harategian euskararen erabilera indartzeko ahalegina egiten ari dela.

Aritz Azkona zinegotziak, azkenik, ez zuen euskaltegian ikasi, D ereduko ikastetxe publikoan baizik. Ahobizi izatea erabaki du. Aitortu du, hala ere, konpromisoak «beldur pixka bat» ematen ziola hasieran: «Nire ingurua nahiko erdalduna izanda, ohituago nago belarriprest gisa jokatzera. Ezezagunekin, adibidez, gutxitan bururatzen zait lehen hitza euskaraz egitea. Azkenean, baina, pentsatu nuen esperimentu honek merezi zuela ahalegina, eta ilusioz heldu diot».

Zinegotzia izateaz gain, herriko lantegi bateko behargina da Azkona. Han ari da egiten ahalegin handiena hizkuntza ohiturak aldatzeko. «Euskaldun askok egiten dugu lan hor, baina euskara gutxi entzuten da normalean. Hamaiketakoaren tartea kenduta, bizpahiru pertsonako taldetan ibiltzen gara lanean, eta erdaraz izaten ditugu solasaldi gehienak. Horregatik, Euskaraldia baliatzen ari naiz egoera hori apur bat aldatzeko».

Bigarren belaunaldia

Oztopoak oztopo, solaskide guztiak bat datoz: Garesko egoera ez da orain dela 30 urtekoa. Karriketan, oro har, inoiz baino euskara gehiago aditzen da, eta ohikoa da tabernetan kuadrilla euskaldunen bat edo beste topatzea. Sanzen esanetan, horretan eragina izan du D ereduko hezkuntza eskaintza publikoa herrian errotu izanak: «Duela 30 urte ikastolan matrikulatu zen lehen belaunaldi horretako ikasle ohiak jadanik helduak dira, seme-alabak dituzte, eta euskaraz egiten diete. Hortaz, euskara plazetan entzuten da, jolas parkeetan... Hor sumatu da aldaketarik handiena».

Del Moralentzat «bitxia» da fenomeno hori, «guraso askok ez baitugu gure artean euskaraz egiten, lotsagatik edo auskalo zergatik; seme-alabekin bai, ordea». Dena den, pozgarritzat jo du euskaldunen esparrua handitu izana: «Garesen, euskaldunak familia txiki bat gara. Beti gabiltza pertsona berberak saltsa guztietan sartuta, baina gutxienez, esan dezakegu familia hazten ari zaigula pixkanaka». Horren erakusgarri, Euskaraldian izena eman duten bizilagunen kopurua: 200 pertsona. Horietatik 117k ahobizi rola aukeratu dute, eta 83k, belarriprest rola. «Gares aldatzen ari da», nabarmendu du Arregik. «Mantso, baina aldatzen ari da. Onerako».

Bihar: Euskaldun berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.