Albistea entzun

SERIEA. Euskaraldia martxan (VII). Euskararen ikusgarritasuna.

Eremu erdaldunean arnasgune bila

Eremu euskaldun gutxi baina biziki identifikatuak ditu euskarak Baionan. Egunerokoan euskara erabiltzeko aukera bakanak leku horietan aurkitu ohi dituzte euskaldunek. Lapurdiko Bardoze herrian euskarak duen presentziaren inguruko bideoa, erreportajearen amaieran. 

<em>Belarriprest</em> ikurra jarria dute Les Pyrenees ostatuan.
Belarriprest ikurra jarria dute Les Pyrenees ostatuan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko abenduak 1 - Baiona

Saltegietara sartu eta 'egun on' erratean, gaztelaniaz erantzuten didate kasik beti». «Jatetxe batean, gaztelaniazko karta ekarri zidaten, bikotekidearekin euskaraz ari nintzela entzun zutelako». Baionako euskaldun batzuen lekukotasunak dira, azken egunetan jasoak. Euskalduna, euskara eta halako kontzeptuak atzerrikoak dira ezinbestean Baionan bizi den batentzat baino gehiagorentzat. Ez dute Baionako hizkuntza gisa ikusten euskara, espainiartzat dituzte euskaldunak, eta horren arabera jokatzen dute euskaraz hasten zaizkienekin.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Baiona, Angelu eta Miarritzeko herritarren %8,4 dira euskaldunak, eta beste %5,7 ulertzeko gai direnak. Kopuru apalak direla pentsa lezake batek baino gehiagok, baina zenbaki absolutuetan egunerokoan euskara erabili ahal izateko aukera anitz dira. «Uste baino gehiago gara», aldarrikatu izan dute behin baino gehiagotan hiru herrietako euskaldunek, izan Mintzalasai ekitaldian, izan Euskaraldiaren formatu berean iaz antolatutako BAM astean, euskaldunak beren hizkuntzan mintzatzera animatuta. Erabileran da Euskaraldiak proposatzen duen erronka nagusia ere, baina erabili ahal izateko espazioak behar ditu euskarak. Lapurdiko hiriburuko egoera aztertu du BERRIAk, ahobizi eta belarriprest txapa ezarri dutenen esperientzietatik abiatuta.

Bide seinale gehienak hiru eletan dira Baionako karriketan: frantsesez, euskaraz eta okzitanieraz irakur daitezke, baina argibide anitz frantses hutsean dira emanak. Gauza bera da herriko etxeak ekoizten duen dokumentazioarekin: gehiena ele bakarrekoa da, tarteka euskarari leku urri bat uzten badiote ere. Bi hilabetean behin argitaratzen duten Bayonnemag aldizkarian auzapezaren sarhitza euskarara itzulia da, eta artikulu batek edo bestek euskarazko laburpena du alboan. Elkarte munduak antolatzen dituen euskarazko hitzorduak babestu ohi baditu ere, instituzioak berak antolatzen duen gehiena frantses hutsean izan ohi da. Baionako mediateka da salbuespen bakarrenetakoa: urte guzian hitzordu andana antolatzen dute euskaldunei begira.

Eremu identifikatuak

Elkarte munduaren gain da nagusiki Baionan euskara biziaraztea. Hala, badira biziki espazio identifikatuak, herritarrek bertan euskara erabiltzeko aukera izanen dutela badakitenak: AEKren Kalostrape ostatua, Zizpa gaztetxea... Baina badira langile euskaldunak dituzten saltoki andana bat ere. «Gau eskolako irakasleak zerrenda bat eman zidan joan den urtean, eta, bertan, euskara erabiltzen ahal den Baionako komertzio anitz agertzen ziren», azaldu du Antonia Garciak. Orain dela bi urte hasi zen euskara ikasten, eta belarriprest txapa soinean parte hartzen ari da Euskaraldian. «Nire lankideek ez dute ulertzen nik euskara ikastea, eta batzuek gaizki ikusten dute. Ez dut bereziki ingurune euskaldunik, eta, beraz, euskara erabiltzeko ditudan aukera guziak baliatzen ditut». Zerrendan agertzen diren saltokietara joaten saiatzen da, euskaraz hitz batzuk egin ahal izateko. Elkarrizketa bera euskaraz egin nahi izan du, ikasten ari den hizkuntza praktikatzeko duen aukera bakan horietarik bat dela eta.

Garciak duen zerrenda horretan agertzen da Panecau karrikako Four a Bois okindegia. Bertan lan egiten du Pantxika Hegiaphalek, eta ahobizi txapa soinean du 11 egun hauetan. «Uf, nik ez dakit ontsa euskaraz», izan du lehen erreakzioa. Txikitan etxean entzun zuen, baina nerabezaroan euskaraz mintzatzeari utzi zion. «Badu hamar urte Baionara jina naizela, eta orain ikasi nahi dut irakurtzen eta idazten. Zuekin mintzapraktika egiten dut». Ondoko udan ikastaldi bat egitera animatua da. Okindegian sartzen den orori lehen hitza euskaraz egiten dio, eta bezero anitz euskaraz ari zaizkio. Lankideek eta nagusiak ez dute horretan arazorik ikusten, baina erran du oharrak izan dituela beste bezero batzuengandik. «Gertatu izan zait batzuekin euskaraz ari nintzela itxaroten ari zen batek 'hemen Frantzian gara' erratea», kontatu du. «Jendeak badaki hemen euskaraz egin dezakeela, eta Gau Eskolako ikasle anitz etortzen dira hona horretarako; esaldi txiki batzuekin hasten gara, emeki. Goiz honetan berean gizon bat etorri zait euskaraz aritzeko gogoarekin... Eta ogia ona baita!». Hala ere, ez du uste Euskaraldia eragin handirik izaten ari denik: txapa soinean izanik ere, ez du txapadun anitz ikusi azken egunetan.

Euskal munduaren feudo bilakatua da azken urteetan Les Pyrenees ostatua. Xina eta Sandrine Dulong anai-arrebek atxikitzen dute. «Handitu gara euskararekin, baina anitz hitz egin gabe. Gure aitatxik zekien euskara», azaldu du Sandrinek. Belarriprest txapa soinean ezarri du Euskaraldiaren kariaz, eta ostatuko garagardo txorrotan ere belarriprest logoa atxiki dute, bezeroak lehen hitza euskaraz egitera bultzatzeko. Ostatuko lanak euskaraz egiten ditu Sandrinek, baina elkarrizketa osoa euskaraz atxikitzea zail zaio oraindik. Ostatura sartzen direnekin oinarrizko eleak euskaraz egiten saiatzen da usu. «Edariak, janariak eta prezioak errateko ez dut arazorik. Jendea heldu delarik ostatura, 'Egun on', 'Arratsalde on', 'Zer nahi duzu edan'... saiatzen gara, bai, lehen hitzak euskaraz egiteko indarrak egiten». Euskaraldia hasi denetik, inguruko batzuk indarra egiten ikusi dituela dio, eta, horregatik, 11 egunen ondotik segitzea espero du. «Guretzat helburu bat da gure ostatuan euskara bultzatzea, kulturalki horri lotuak garelako. Gure zailtasunen gainetik, edarien aurkezpena euskaraz emana dugu; saiatzen gara giro euskaldun bat atxikitzen»

Euskaraz bizi

Oihana ikastolako gurasoa da Georgia Mendibil Banguio. Martinikarra jatorriz, euskara ikasi du azken urteetan, departamenduko kontseiluko langileei eskainitako prestakuntzaren bidez. Bi alabak ikastolan sartzearekin, Seaskak bultzatutako Euskaraz Bizi taldea integratu zuen. «Anitzetan zaila da eskolaz kanpo gure haurrentzat euskarazko jarduerak aurkitzea, eta, beraz, gure helburua da gurasoak eta haurrak euskaraz elkartzeko ekintza ludikoak prestatzea». Aldian-aldian antolatzen dituzte jarduerak, baina, dena gurasoen gain izanki, lan handia eskatzen duela dio. Eskola bakantzetan Baionako Herriko Etxeak euskarazko jarduerak proposatu ohi dituela ere erran du, baina, haur gutxiegik izen ematen dutenez, anitzetan frantsesez egiten dutela azkenean.

Ahobizi txapa ezarri du Mendibil-Banguiok Euskaraldirako, baina aitortu du ez duela indar berezirik egiten euskara erabiltzeko guneak aurkitzeko. Alabek irekitzen diote euskararako bidea: «Nire alabak beti euskaraz ari dira haien artean. Behin baino gehiagotan gertatu zait saltoki batera sartu eta nire alabak euskaraz entzun dituztelako nirekin ere euskaraz hastea».

Bihar: Kultur kontsumoa.

Ingurukoetan eraginez

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira
Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Donostiako Antigua Auzoko Osakidetzako osasun zentroa. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ezin dugu martxa honetan segitu»

Oihane Puertas Ramirez

Lehen mailako arretako langileek salatu dute baliabideak falta zaizkiela. COVID-19a dela eta, osasun etxeetako lan karga «izugarri» handitu zaie, eta «gainezka» daudela sentitzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.