SERIEA. Euskaraldia martxan (II). Osasun esparrua.

Konplizitate hitz bi, kontsulta gelan

Irune Tubia medikuak eta Aitziber Eugi Erizaintza ikasleak premiazkotzat jo dute osasun arloko langileek euskara erabiltzeko ohitura hartzea. Bideoa, erreportajearen amaieran.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

Gertutasuna, konfiantza giroa, lasaitasuna. Horiek bermatzea zaila izaten da medikuaren kontsulta gelan. Gaixo askok ezinegonez heltzen diote egoera horri, eta haurrak badira, ezinegona urduritasun bihurtzen da, edo, are, beldur. Egoera horietan, hizkuntzaren hautua erabakigarria izan ohi da: pazienteen eta osasun langileen arteko zubia izan daiteke, ala prozesua amildegi bihur dezakeen arrakala. Horregatik, osasunaren esparruan, Euskaraldiak balio dezake euskaldunen arteko loturak estutzeko, hizkuntzaren auzia erdigunean jartzeko eta arnasgune berriak sortzeko. Esperantza hori dute, bederen, Irune Tubia medikuak (Iruñea, 1985) eta Aitziber Eugi Erizaintzako ikasleak (Iruñea, 1997). Abenduaren 3ra bitartean ahobizi izatea aukeratu dute biek ala biek.

Tubiak bederatzi urte daramatza mediku lanetan. Nafarroako eremu linguistiko guztietako osasun etxeetan lan egitea egokitu zaio: Iruñean, Azkoienen, Izaban, Arantzan, Auritzen eta Lesakan, besteak beste. Behin-behineko eta ordezkapen kontratuekin lanean ibili da orain arte, baina postua lortu berri du azken oposizioan, eta Elizondoko osasun etxean arituko da aurrerantzean. Udalerri horietan guztietan neurtu ahal izan du gaixoekin euskaraz hitz egiteak zer garrantzi duen: «Gertutasun berezi bat sortzen da medikuaren eta pazientearen artean. Larrialdi zerbitzuan, bereziki, eskerrak eman izan dizkidate askok euskaraz egiteagatik. Eta baten batek, bi musu ere bai».

Haren irudiko, osasun etxean nahiz ospitalean euskarazko arreta jasotzea eskubidea da, baina kasu askotan, baita behar bat ere: «Mendialdeko herrietan, adibidez, gaztelania ulertzeko eta mintzatzeko gai dira adineko pertsona asko, baina askoz erosoago sentitzen dira euskaraz hitz eginda; edo, besterik gabe, errazago deskribatzen ahal dituzte euren sintomak. Beste batzuek, berriz, gaztelaniaz ongi moldatu arren, konplexu izugarriak dituzte: pentsatzen dute medikuari ezin izanen diotela beren gaitza behar bezala azaldu, eta nahiago dute kontsulta gelara joan seme-alaba batek edo beste senide batek lagunduta». Horrek bestelako albo kalteak eragiten dizkie pazienteei: «Gaixoen senideek lanetik atera edo jai eguna eskatu behar izaten dute, askotan ezin dute, eta prozesu horrek ezinegon handia eragiten die adinekoei. Batzuetan, harreran galdetzen dute ea medikua euskalduna den, eta ez bada, etxera bueltatzen dira».

Ikasketen garrantzia

Eugik ez ditu halako kasuak ezagutu, baina uste du euskaldun askok, paziente nahiz osasun langile, euskara alboratzen dutela, oharkabean bada ere: «Erizaintza praktikak egin ditut Nafarroako Unibertsitate Klinikan, Nafarroako Ospitalean eta Iturrama auzoko osasun etxean, eta denetan langile euskaldunak dauden arren, oro har, kosta egiten zaigu lehen hitza euskaraz egitea. Gero gaixoren bat euskaraz hizketan entzuten duzu, eta orduan bai, lasai egiten diozu zuk ere. Eta kontsultara datozenek arazo bera dute: ez dakite euskarazko arreta eska dezaketenik ere, edo ez dute behar baten gisara ikusten. Horregatik da hain garrantzitsua lehen hitzak euskaraz egitea; hori entzutean, klik, berehala hasten direlako haiek ere euskaraz, eta konplizitate berezia sortzen da, gainera».

Honako hau du azken ikasturtea du Eugik gradua lortu aurretik. Nafarroako Unibertsitatean egin ditu ikasketak. Erdaraz. Ikasle euskaldun gehien dituen graduetako bat da Erizaintzakoa, bai unibertsitate publikoan, bai pribatuan. Hala ere, batean zein bestean ezinezkoa da ikasketak euskaraz egitea —NUPek bi ikasgai ematen ditu euskaraz; Opusen unibertsitateak, berriz, bat ere ez—. Gabezia handia dela uste du Eugik: «Garrantzitsua da ikasketak euskaraz egin ahal izatea. Ez da txikikeria. Batetik, gure eskubidea delako, eta bestetik, ezinbestekoa delako zerbitzua euskaraz eman ahal izateko. Adibidez, hiztegi tekniko osoa gaztelaniaz ikasten dugu, eta nahi gabe ere, erdarara pasatu behar izaten dugu gauzak azaltzeko. Formakuntza tekniko hori euskaraz jasotzea behar-beharrezkoa da. Gure eskubidea da, baita gaixoena ere».

Euskara laneko hizkuntza bihurtzeko bidean, baina, oztopoetako bat «lankide batzuen jarrera ezkorrak» direla uste du Tubiak: «Gaztelaniaz mintzatzen ez diren haurrak artatzeko garaian, mediku batzuen portaera ez da batere mesedegarria: 'Nolatan ez daki gaztelaniaz haur honek?', Irakatsi beharko zeniokete' eta halakoak esaten dizkiete gurasoei. Eta haserretu ere egiten dira: behin, erizain batek aurpegiratu zidan gaixo batekin euskaraz hitz egin izana, berak ez baitzuen ulertzen». Oro har, «pedagogia» falta dela uste du: «Seguru nago arabieraz hitz egiten duen familia bat etorriko balitz denok normaltzat joko genukeela haien artean euren ama hizkuntzan mintzatzea. Zergatik ez dugu sentiberatasun hori agertzen euskararekin?».

Eugirentzat, Euskaraldia baliagarria izan daiteke, hain zuzen, euskararen presentzia osasun esparru guztietan naturalizatzeko eta uste okerrak alboratzeko: «Ekimen honek balioko du erdaldun elebakarrak euskararen presentziara ohitzeko ere. Bi pertsona elkarren artean euskaraz ari badira eta zuk ez baduzu ulertzen, ez zaitez asaldatu, segur aski ez dira zurekin ari».

11 egunotako esperientziak, gainera, aukera emanen die ohitura berriak hartzeko. Tubia: «Mediku euskaldunoi urte osoan egokitzen zaigu belarria prest edukitzea, eta pazienteei gonbita egitea, euskaraz hitz egiteko. 'Egun on, eser zaitez mesedez'. Bi hitz, normalean; ez da gehiago behar hartu-eman osoa euskarara ekartzeko. Gure esku dago».

[youtube]https://youtu.be/rc1kfrRwx0Q[/youtube]

Etzi: Migratzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.