Albistea entzun

SERIEA. Euskaraldia martxan (VIII). Kultur kontsumoa.

Erakusleiho faltan

Ekoizpen aldetik «osasuntsu» dagoen arren, kontsumitzaile gutxi ditu euskal kulturak. «Gizarteak, oro har, ez daki zer egiten den». Bideoa albistearen amaieran.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abenduak 2 - Bilbo

Datuak oso kezkagarriak dira», aitortu du Elkar argitaletxeko Edu Arnaizek. Elkar fundazioaren enkarguz Siadecok iaz egindako inkestako datuak ekarri ditu gogora. Ondorioa argia zen: euskaldunen laurdenek ere ez dute kontsumitzen euskaraz sortzen dena. «Gure sektoreari erreparatuz gero, ondorioa argia da: euskaldunen artean gaztelaniazko literatur kontsumoa da nagusi». Bilboko Kafe Antzokia eta Gabriel Aresti euskaltegia kudeatzen dituen Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok bat egin du kezka horrekin. Baina eskatu du «ondo eta testuingurua kontuan hartuta» egiteko kalkuluak. «Lehen bagenekien zer zen euskalduna: Ataun eta euskara zarratua. Orain da Zalla, Karrantza, Algorta, Bilbo, Altza, Iruñea, Baiona, eta euskaldun berria, ordu batzuetako euskaldun berria, agian». Ohartarazi du euskaldun askok nagusitan ikasi dutela euskara, eta ordurako ezarrita zeuzkatela kultura kontsumitzeko ohiturak. «Egun batetik bestera aldatzea zaila da».

Euskararen inguruko aurreiritziak aipatu ditu Itxaso Paya bertsolariak. «Lehen, esaten zen euskarak ez duela akademiarako balio; soilik iraintzeko eta barre egiteko hizkuntza dela. Orain, berriz, esaten da euskararekin ezin dela ondo pasatu, hizkuntza akademikoa delako. Ba, nik oso ondo pasatu izan dut euskararekin». Haren ustetan, hauxe da akatsa: «Eskoletan ez da euskalduntzen; euskarazko gramatika irakasten da soilik».

Era berean, euskarak inguruan dituen bi hizkuntzak kontuan hartu behar direla azpimarratu du. «Gure auzo linguistikoak hizkuntzen G8ko kideak dira, eta inperialismoaren ondorengo zuzenak». Interneten eraginez ingelesezko ekoizpenak ere gero eta eskuragarriago daudela nabarmendu du. «Hiru handi horien artean lekua egin behar du euskarazko ekoizpenak».

Horregatik, euskarazko kultur kontsumoa bere horretan baloratzeko eskatu du Monasteriok. Urtean 2.000 liburu inguru argitaratzen direla esan du, antzerkian gero eta gauza gehiago egiten direla, musika taldeak diskogintzan buru-belarri dabiltzala... «Sortzaileen artean badago belaunaldi gazte ikaragarri bat, sekulako lana egiten ari dena. Erantzun bat behar dute. Baina errua ezin diegu kontsumitzaileei bota. Sortzaileei ikusgarritasuna falta zaie».

Durangoko Azoka, Korrika eta Euskaraldia aipatu ditu Arnaizek. «Urtean zehar baditugu data seinalatu batzuk, baina, horietatik harago, desertua dago. Eta euskarazko ekoizpenak ia desagertu egiten dira». Esan du telebistan argitaletxe bat liburuen iragarkiak egiten ikusteak poztu egin duela. «Ez dakit marketinean egiten dugun huts, erakundeek egiten duten huts, edo ez diogun elkarri irakurri dugun azken liburuaz hitz egiten. Baina gizarteak, oro har, ez daki zer egiten den».

Bertsolaritza da salbuespena. «Gure kasuan, beste hizkuntzak ez dira arazo», aitortu du Payak. «Bertsolaritzak transmisio ona egin du, eta, horri esker, publiko fidela lortu du». Haren ustetan, bertsolaritzak giro bat sortzen jakin du. «Demagun Bilboko ikastola bateko ikaslea zarela. Irakasle bat etorriko zaizu bertsolaritza irakastera. Seguruenik, bilbotarra izango da, eta jakin ahal izango duzu zer egiten duen eskolatik kanpo; haren ibilbideari jarraitu ahal izango diozu. Eta horrek transmisioa errazten du. Izan ere, irakasle bat etortzen bazaizu ez dakit zer irakastera, eta gero gehiago ez baduzu ikusten, galdu egingo da horren inguruan duzun interesa». Monasteriok uste du diziplina bakoitza autonomoa den arren bertsolaritzatik ikas dezaketela. «Jakin du aro aldaketa egoki egiten; asmatu du baserri giroko gizarte batetik gizarte urbano batera egokitzen».

Umetatik lantzeko beharra

Arnaizen esanetan, euskarazko ekoizpena kontsumitzen dutenak hiru taldetan banatzen dira: euskaraz bizi nahi duten euskaltzale militanteak, haurrak, eta behartuta euskarazko literatura irakurtzen dutenak. Ohartarazi du euskara ume hizkuntza bihurtzen ari dela. «Heldutasunera iristen garenean, beharrizanetik ateratzen garenean, ttak apurtzen da, euskaltzaleen taldean ez bada». Euskaltzaleen multzoa handitu behar dela uste du, jendea erakarri. Eta horretarako kultur politika sendoak behar direla nabarmendu du.

Kultura, hizkuntza eta aisialdia lotuta daudela esan du Monasteriok. «Ez gara horretaz konturatzen». Adibide bat ipini du. Esan du zapatu goizetan ume mordoa ibiltzen dela kirol probetan, eskolaz kanpoko jardueretan. «Ume horietako gehienak euskaldunak dira, edo euskaraz ikasten ari dira. Baina haien begiraleak edo entrenatzaileak erdaldunak dira, eta ekintza guztia gaztelaniaz egiten dute». Horrelakoak «zaindu» egin behar direla iruditzen zaio. Uste du begirale euskaldunak bermatuko balira ume horiek aisialdian euskara erabiliko luketela. «Ekintza gustagarriekin lotuko lukete euskara, eta ez litzateke eskolako hizkuntza aspergarria izango soilik. Zineman, antzerkian, literaturan eta kontzertuetan euskaraz ere gozatu dezaketela ikasiko lukete».

Sortzaileenganako «errespetua eta miresmena» eskatu dute hirurek. «Sortzailerik gabe, ez dago kulturarik», ohartarazi du Monasteriok. Eskaintza «askotarikoagoa» izan beharko lukeela esan du Payak. «Badirudi euskaldunok modu batekoak izan behar dugula, eta denoi gauza berak gustatu behar zaizkigula».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bilbon eguerdian egindako manifestazioa jendetsua izan da. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Sindikatuen arabera, hezkuntzako greban %60ko parte hartzea izan da

Irati Urdalleta Lete Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen %35,2k egin dutela greba. Langileek hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra egin dute, eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatu
Aritzetako zerbitzugune batean bota dituzte hondakinak. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

AP-8ko zaborrak urteetan bota dituzte Usurbilgo mendialde batean, baimenik gabe

Iñaki Petxarroman Jone Arruabarrena

Kontratuaren baldintzak ez betetzea, lan baldintzei eta naturari kalte egitea, eta azpikontratetan ezkutatzea egotzi die ELAk Bidelan osatzen duten Transitia eta Campezori
Zenbait aplikazio eta streaming plataforma, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Euskara, pantailetan lauso

Irati Urdalleta Lete

Euskara bazterrean dago pantailetan ere: esaterako, Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.