Literatura. 'ELKARTASUN BASATIA'

Mundua eszenaratzeko poesia

2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Egilea: Oier Guillan.

Argitaletxea: Susa.

Liburu —mundu— honetako orriak hostokatzen hasi aitzin, merezi dizu azalean erreparatzeak. Gure mundua ez dabil sano, mundutar —begirale arruntak— bilakatu gara. Liburuaren munduan sartu, eta hauxe: «Poeta pailazo honen baitara iristeko, ez duzu sudurrik jantzi behar». Horiexek, azalak eta mamiak iradoki dizkidanak. Oier Guillanen Elkartasun basatia antzerkiarekin urtzen edo mamitzen den espresio poetikoa duzu.

Esan gabe doa poemaren bidez jauzi egin du poetak agertokira. Esan gabe doa, biziko bagara airea dugu lehengaia, eszenan eta munduan. Aireada nagusi Guillanen poesian. Areago, airea lekuz mugitzen den denbora dela diosku poetak. Eszenifikatze antzezale poetiko honen bidez, munduan kokatu da poeta. Eszena egunero eraikitzen eta deseraikitzen da, poeta honek eszena galtzarbean daraman oholtza izaki.

Identitatea euliari azaldua sortan agerikoa da munduaren konplexutasuna, areago jendarteko gutxiengoaren partaide bazara. Poeta honentzat lurra —lur esaten dugun herria— airea da. Airea poetak arnasten duen hizkuntza. Iraganean arnastutako aireak eta zapaldutako lurrak ditu gomutan. Batuak —hizkuntzak— toki eman dio munduon poetari. Alabaina, jendetasunaren falta sumatzen du, jada ez dago mundurik, ezta iraganean irudikatu zuen mundua ere. Literatura, fikzioa eta gezurra —sinonimoak— akuilu ditu, bere obra gaur bezala bihar izan dadin. Nortasun konplexu baten eraikitze sendoa begitandu zait poema sorta hau.

Jendea izaki sortan, besteak ditu abiaburuan, eszenaratzea konplikatuagoa da. Gure antza dugula diosku poetak, baina ez gara gu bezalakoak. Hots, gu besteok ere bagara. Bidaia laburra baino intentsua da. Espazioak ez du zedarritzen denbora laburraren luzera, ordea. Esperimentazioko poesia da. Poeta kideei keinuka dihardu poeta bidaiariak.

Manikien odola sortan eszena erakusleihoa da. Mundua —erakusleihoan ageri dena— zu eta ni bezalakoa da, manikiak legetxe. Zorion akastuna da gurea, eszena zirkua da, zirku mindua. Metaforarentzako tokirik —agertokirik— ez dago poetarenean. Samurtasun politikoaren xerka dabil hirian, eta elkartasun basatia antzeman du karrika bestaldeko taberna-zuloan. Guillanen poesia konspiratzeko arma legez sartu dut nire zorroan, manikia naizen irakurle honen zorroan.

Oinak hotz ditut baina ez nago hilik sortan karrikako agertokian dabil poeta, ausarki. Oinak hotz baina burua sendo. Munduaren ifrentzuaz, injustiziaz dihardu. Indartsuak dira poemak. Normaltasunak ito du justizia. Justiziaren sinonimoa ironia da. Guillanen poesia justiziaren sinonimoa dela, diot neronek; irakurle bufoi honek. Ideal errealistaren bidean naufragoak izan arren, poeta ez da ito: «Mundua arrotza da / arraroa bidea / ez bada bizi». Zirku hila berpizteko poesia duzu berea. Bufoien tropelean noa poetarekin, gustura joan ere.

«Jaso ditudan maitasun istorio guztien isiltasunarekin mintzo zait oroitzapen bat irauten duen denbora» diosku. «Liburu (h)one(ta)n jaso ditudan poema istorio guztien isiltasunarekin mintzo zait oroitzapen bat irauten duen denbora!» diotsu irakurle bufoi honek.

Sudurrik gabeko pailazoa da bere azken eszenaratzea. Oholtza gainera igo da. Elurra ari du pailazoaren eta bufoion gainean. Poetak alter egoa eskaini digu, ez du alfer egorik haatik.

Zinez, merezi dizu Elkartasun basatia poema —mundu— basa irakurtzeak. Oro har, poema batzuen magalean gusturago ibili naiz besteenean baino, Elkartasun basatia hiri baten tamainako magalean barrena eraikitako poemak baitira. Zoroa duzu poeta pailazoa! Maitagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.