Soinu berrien bila bidaiatuz

'Nomadak TX' dokumentala emango dute gaur, 19:00etan, Hendaiako Antoine d'Abbadi aretoan

Soinu berrian bila egindako bidaia kontatzen du Nomada TX-ek. K. JOHANSEN.
Erredakzioa
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa Oreka TX taldeko txalapartarien bidaia kontatzen du Nomadak TX dokumentalak. Soinu berrien bila abiatu ziren Indian, Mongolian, Laponian eta Saharan barrena, beste herrietako eta kulturetako soinuen egarriz. Gaur emango dute dokumentala, Hendaiako Antoine d'Abbadie mintzaldi aretoan (Lapurdi), 19:00etan.

Ordu eta erdiko film dokumentala da. Raul de la Fuentek zuzendu du, eta Martinez de San Vicenteren eta Otxoaren bidaia erakusten du. Abentura horretan ezagututako musikariekin jotzen dute txalapartariek. Gainera, muntaketaren sormen lanak eta zehaztasunak indar handia ematen dio oinarrizko grabaketari. Filmeko musika zuzenean grabatu zuten, bidaietan ezagututako musikariekin batera. Mikel Laboak eta Anjel Unzuk kolaboratu zuten dokumentalean; Laboak azken kantuan lagundu zuen, eta Unzu filmaren jatorrizko musikaren produkzioko kide da. Hasieran eta amaieran off-eko ahots batek azaltzen du bidaiaren testuingurua.

Filmaren amaieran bidaietako lekuen ahotsak, zaporeak, koloreak eta hizkuntzak nahasten dira, eta horrek ematen dio filmari nomada kutsua. Dokumentala estreinatu ondoren Oreka TX taldekoek diskoa atera zuten filmeko musikarekin.

'NOMADAK TX'

Noiz. Gaur, 19:00etan.

Non. Hendaiako Antoine d'Abbadie mintzaldi aretoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.