Real Madrili irabaztea ez dela ametsa ikusi nahi du Eibarrek gaur

Bi taldeek Lehen Mailan eta Ipuruan jokatu dituzten lau partidak galdu dituzte eibartarrek. Arbilla eta Diop ez dira ariko; zigortuta daude

Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Denboraldiko partida zailenetako bat dauka gaur eguerdian Eibarrek Ipuruan, Real Madril izango baitu parez pare. Bosgarren aldiz ariko da Real Madril Ipuruan Espainiako Lehen Mailan, eta aurreko lau aldietan irabazi egin du. Hain aurkari handiari irabaztea lor daitekeela erakutsi nahi dute eibartarrek.

Halako balentria puska lortzeko, lehenik eta behin, norberak izan behar du fede itzela bere buruarengan. Erdizka ateraz gero talde handien aurka, bestela ere oso zailak diren kontuak erabat ezinezko bihurtzen dira. Alde horretatik, aldarte eta pentsamolde egokian zelairatuko da Eibar, Real Madrili irabaz diezaioketela sinetsita. Hori berretsi du Jose Luis Mendilibarrek: «Hasieratik ondo aritzen bagara, uste dut aukera izango dugula irabazteko, nahiz eta jakin oso zaila dela».

Hemeretzi jokalari izango dira deialdian, eta horietako bat harmailan geratuko da. Inguruan izango ditu horrek Anaitz Arbilla eta Pape Diop, zigortuta baitaude. Marko Dmitrovic ere ez da jokatzeko moduan, asteon egin baitiote ebakuntza, eta hilabete inguru egon beharko baitu jokatu gabe. Pedro Leoni ere ebakuntza egin diote, eta bi hilabete eta erdi beharko ditu osatzeko. Jordi Calavera ere lesionatuta dago.

Real Madril bolada onean da Santiago Solari entrenatzaile denetik, dena irabazi baitu. Halere, eskandalu baten erdian iritsiko da Eibarrera, Football Leaks webgunearen arabera, Sergio Ramosek bitan eman zuen positibo dexametasona anti-inflamatorioarekin 2017ko Txapeldunen Ligan eta 2018ko Espainiako Ligako lehia batean. UEFAk ontzat eman zituen jokalariaren argudioak.

EIBAR-REAL MADRIL

Eibar. Riesgo; Peña, Ramis, Bigas, Jose Angel; Orellana, Escalante, Sergio Alvarez, Cucurella; Jordan eta Enrich.

Real Madril.Courtois; Carvajal. Varane, Ramos, Marcelo; Kroos, Modric, Ceballos; Lucas Vazquez, Benzema eta Bale.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 13:00 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.