Alavesek sendo segitu nahi du, kanpoan eskas dabilen Eibarren aurka

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Badu garrantzia Alavesentzat eta Eibarrentzat bihar Mendizorrotzan jokatuko duten derbiak. Arabarrek beste pauso bat eman dezakete Europarako sailkatzeko bidean, eta gipuzkoarrak, salbazioaz ahaztu, eta gora begira jar daitezke. Partida estu eta lehiatua izatea espero da. Faboritoa Alaves da, sailkapenean Eibarrek baino sei puntu gehiago dituelako, eta, batik bat, etxean talde oso fidagarria delako. Mendizorrotzan, sasoi honetan jokoan egon diren 36 puntuetatik 23 puntu lortu ditu, eta bihar beste hiru batzen saiatuko da.

Gasteiztarrak bolada onean dira, azken lau partidetatik bi irabazi eta beste bi berdinduta. Jada batu dituzte mailari eusteko behar adina puntu; beraz, batere presiorik gabe jokatuko dute. Abelardo Fernandezek jokalari guztiak izango ditu eskuragarri, denboraldi honetan aurrenekoz. Ikusteko dago teknikari espainiarrak zer sistema aukeratuko duen. Bigarren itzulian, 4-3-3 marrazkia erabili du gehien, baina Vila-reali irabazteko, 4-4-2koaren alde egin zuen apustu.

Eibar, berriz, Celtaren aurka garaipen oso baliotsua lortu ostean helduko da partidara. Orain, 11 puntura ditu jaitsiera postuak, eta hirura Europakoak. Mendizorrotzan, beste urrats handi bat egin dezake. Arazo handi bat du, ordea: etxetik kanpo nekez biltzen du punturik. Zortzi lortu ditu soilik orain arte, lehia bakarra irabazi eta bost berdinduta. Jose Luis Mendilibarrek Jordi Calavera ez beste, jokalari guztiak izango ditu bere esanetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.