Katalunia, U-1etik urtebetera. Nazionalismo espainola. ANALISIA

Espainolismo katalan berria

Societat Civil Catalanak iaz egindako manifestazio bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jordi Muñoz.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako burujabetza prozesuaren nahi gabeko ondorioetako bat izan da espainolismo berri bat azaleratu dela, oso ikusgarria eta zaratatsua. Gehiago edo gutxiago koordinatutako hainbat piezaz osatua dago. Pieza nagusia, zalantzarik gabe, Ciudadanos da, duela ez hainbeste sortutako alderdi politikoa, Kataluniako Parlamentuan talderik handiena izatea lortu duena.

Ciutadansek ondoan ditu Societat Civil Catalanaren moduko elkarteak. Sarritan antolatzen ditu mobilizazioak. Inoiz ez dute izan independentziaren aldekoen adinako mobilizazio gaitasuna, baina kasuren batean —2017ko urrian batez ere— lortu zuten neurri adierazgarri bateko manifestazioren bat antolatzea. Ez da komeni ahaztea konglomeratu horretako talde batzuk, txikiagoak, eskuin muturrari lotuta daudela, eta azken hilabeteetan hainbat istilu eragin eta eraso egin dituztela kaleetan. Organikoki harreman formalik ez badute ere, pieza horiek guztiak fenomeno soziopolitiko beraren adierazpide dira: espainolismo katalan berria deitu dezakeguna.

Fenomeno berri samarra da Kataluniako panorama politikoan eta sozialean. Urte askotan, Espainiako abertzaletasuna PPren hauteskunde eremu tradizionalera mugatu da. Hau da, frankismoaren osteko eskuin tradizionalena. PPk, hauteskundeetan emaitza hobeak lortzeko asmoz, bere soslaia leuntzeko eta katalanismo lauso batera egokitzeko ahalegina ere egin zuen, esaterako, Josep Piqueren bidez. 2003an, alderdi berri bat azaldu zen mapa politikoan: Ciudadanos. Espainolismo berri bat antolatu zuen, ideologikoki transbertsalagoa. Ordu hartan, independentzia hipotesi urruna eta gutxiengo batena zen, eta esan dezakegu —garrantzitsua da gogoratzea— Ciudadanos ez zela jaio independentziaren kontra, baizik eta katalanismoaren, hizkuntzaren normalizazioaren eta autogobernuaren erakundeen kontra. Kataluniako eskola eta komunikabide publikoak —TV3 bereziki— izan dira haren borrokarako gai nagusiak.

Katalanismoaren kontrako diskurtso horrek presentzia xumea eman zion Ciudadanosi parlamentuan (hiru diputatu 2003an, sei 2006an); baina independentziak babesa eta zentraltasun politikoa irabazi zituen neurrian, Albert Riverak zuzendutako alderdia ere gero eta eragile garrantzitsuago bihurtu zen Kataluniako panorama politikoan. Gaur egun elementu erabat zentrala da, 36 diputaturekin eta botoen %25ekin. Inguruan plataforma, talde eta taldexka erradikalizatuagoak sortu zaizkio, beren planteamenduak kaleko bortizkeriara eramaten dituztenak.

Zerk azal dezake Katalunian espainolismo berri hori sortzea? Denbora askoan bazirudien autogobernuari buruzko kontsentsu katalanista zaharrak aurre egiten ziola nortasunari lotutako polarizazioari. Baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean estatutuaren aldeko ituna hautsi zuenean, erdigunean jarri zuen burujabetza eskaera, eta azaleratzen hasi zen espainolismo mota bat, agian Kataluniako gizarteko sektore batzuetan bizirik baina erdi ezkutuan zegoena. Ez da ahaztu behar kontsentsu katalanista zaharra bi elementu nagusitan oinarritzen zela. Alde batetik, PSCn. Autore batzuen esanetan, PSCko agintariak boto emaileak baino katalanistagoak ziren. Bestetik, parlamenturako hauteskundeetako abstentzio handian. Horrek, neurri batean, lagundu egiten zuen herritarren lehentasunen irudikatzea ez-perfektua izan zedin.

Espainolismo berria azaleratu egin da, bai burujabetzari eta Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanei buruzko eztabaida indartsua egin denean, bai espainolismo berri horrek hauteskunde tresna eraginkorra eta PPren frankismo osteko kargarik gabea izan duenean. Horrekin batera, Kataluniako hauteskundeetako abstentzioa historiako kopururik txikienetan egon da. Ez da ahaztu behar ere alderdi tradizionalen krisiak —PSCrenak bereziki— alderdi berriak goratu dituela eta hauteskunde eremua libre utzi diola Ciudadanosi.

Ciutadansek biltzen duen koalizio soziala konplexua da, kontraesan potentzial indartsuekin. Aurrena, bere hautesleria sozialki bipolarra delako. Bartzelonan, esaterako, emaitzarik onenak biztanleko errentarik handiena eta txikiena diren eremuetan lortzen ditu, baina ez klase ertainaren eremuetan. Gainera, estatuan eskuinera mugitzeak ziurrenik zaildu egiten dio bere hautesleriaren zati bati eustea independentziaren inguruko polarizazioa jaisten denean: Espainiako hauteskundeetan errentarik handieneko auzoetan bakarrik lortu zituen emaitza onak.

Bigarrenik, inkesten datuak aztertuz gero, argi ikus daitekeelako haren agintariak erradikalizatzea, erabateko tentsioaren eta konfrontazioaren aldeko apustua egitea, ez datorrela guztiz bat haren boto emaileen jarrerarekin. Arduradunek 155.a baino gogorrago bat eskatzeko eztarria urratzen duten bitartean, boto emaileak elkarrizketaren eta gatazkaren konponbide politikoaren alde daude, autogobernua handituz batez ere.

Hori, jakina, alda liteke eta arduradunek boto emaileak jarrera erradikalagoetara eraman litzakete. Hala ere, alderdi neoespainiarra hauteskundeetan ahultzeko aukera ere sortzen du. Hala gertatuko balitz, elkarrizketarako eta konponbiderako aukera zabaltzen lagundu luke. Baina horrela gertatuta ere, litekeena da espainolismo berri horren multzorik aktiboenek eta erradikalizatuenek jarraitzea eta Kataluniako politikaren elementu egonkor bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.