Usoak otso bihurtu nahi du

Alavesek zazpi hilabete daramatza etxetik kanpo irabazi gabe. Sasoi honetan, puntu bakarra lortu du lau partidatan. Bolada txar hori apurtzen saiatuko da gaur, Vila-realen aurka.

enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Alaves bere onera itzuli da azken jardunaldietan. Iratzarri da Athleticen eta Realaren aurka izandako lozorrotik. Pizgarriak betikoak izan dira: jokamolde gogorra eta zorrotza, eta etxeko sendotasuna. Hain zuzen ere, Mendizorrotzan lortu ditu derbiek eragindako krisia ahantzarazi duten bi garaipenak, Mallorca eta Celtaren aurka. Areago, etxean eskuratu ditu orain arteko ia puntu guztiak; 11tik hamar, hiru partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galduta. Txanponak, ordea, bi alde ditu, eta ifrentzuan, etxetik kanpoko jarduna dago. Lau neurketa jokatu ditu Gasteizetik urrun, eta puntu bat baino ez du pilatu. Ezin du horrela jarraitu, bestela, etxean perfekziotik gertu egon beharko baitu.

Arabarrek lehengo lepotik dute burua. Izan ere, sasoi hau hasi duten modu berberean bukatu zuten aurrekoa, etxetik kanpo jokaturiko azken lau partidetan puntu soil bat urratuta. Hala, zortzi partida eta zazpi hilabete daramate urrun garaipenik lortu gabe; martxoaren 16an Huescari irabazi ziotenetik. Ahulezia orokortua nozitu dute geroztik bisitari bezala: norgehiagoka bakar batean ere ez dute gol bat baino gehiago sartu, soilik bitan jaso dituzte bi gol baino gutxiago, eta behin ere ez dute atea hutsean utzi. Guztira sei gol egin dituzte, eta hamasei jaso.

Denboraldi berriari ez zioten gaizki ekin, Getafen (Espainia) merituzko berdinketa lortuta (1-1). Erasoan kamuts jardun zuten, baina defentsan seguru. Athletic eta Realaren aurka, ordea, ez zuen izan zeri heldu. Itxura eskasa eman zuten San Mamesen (2-0), eta oso eskasa Anoetan (3-0). Lau eguneko tartean jaso zituzten bi kolpe horiek, eta kolokan gelditu zen Asier Garitanoren proiektua. Azken irteeran, ordea, sentipen askoz ere hobeak igorri zituzten. Parez pare lehiatu ziren Valentziarekin, eta gehiago ere izan ziren une batzuetan. Letaginak atera zitzaizkion usoari. Dena den, uso izaten jarraitu zuen, esku hutsik gelditu baitzen berriro (2-1).

Gauzak hala, itxuraldaketa burutzen eta otso bihurtzen saiatuko da gaur gauean, Vila-realen zelaian (21:00). Etxean oraindik ez du galdu Herrialde Katalanetako taldeak, baina neurria hartua dio Alavesek: gailendu egin zaio bisita egin dion azken hiru aldietan. 1-2 irabazi dio azkeneko bi denboraldietan, eta 0-2 nagusitu zitzaion orain dela hiru sasoi. Hori horrela, boladari jarraipena ematen saiatuko dira gaur arabarrak, iragan jardunaldian jasotako hauspoa lagun dutela. Sasoiko partidarik onena osatu zuten Celtaren aurka, beraz, hazita iritsiko dira.

Gaur-gaurkoz, ez dute estutasunik, baina ezin dute gehiago itxaron etxetik kanpo lehen garaipena lortzeko. Lehen Mailara itzuli zirenetik, gutxienez sei eskuratu dituzte denboraldiko. Tokitan dakuskite oraindik. Gaurko irteeraren ondotik, beste bi derbi jokatuko dituzte etxetik kanpo, Osasunaren eta Eibarren aurka.

VILA-REAL-ALAVES

Vila-real. Asenjo; Ruben Peña, Raul Albiol, Pau Torres, Moreno; Andre Zambo, Iborra, Cazorla; Chukwueze, Gerard eta Ekambi.

Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Magallan, Duarte; Aleix Vidal, Mani Garcia, Wakaso, Luis Rioja; Lucas Perez eta Joselu.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Zeramikaren estadioa (23.500 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.