Osasunak lidergoari eutsi nahi dio gaur, Sadarren Nastici irabazita

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
GIMNASTIC-OSASUNA

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia,Clerc; Oier, Fran Merida; Roberto Torres, Ruben Garcia, Brandon etaXisco.

Gimnastic. Barragan; Salva, Villanueva, Noguera, Abraham, Fali; Pipa, Thioune, Cotan, Barrada eta Kante .

Epailea. Lopez Toca.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 18:00 (Liga 123).

Iragan jardunaldian Bigarren Mailako lider bihurtu ostean, goiari eusteko erronka du orain Osasunak. Jagoba Arrasateren taldeak gaur bertan izango du lehen azterketa, Sadarren, ataka estuan den talde baten kontra. Sailkapenean azken-aurrekoa da Nastic, 21 punturekin, eta mailari eustea ahalbidetzen duten postuetatik seira dago. Nafarren teknikari ohi Enrique Martin Monrealek du kataluniarrak jaitsieratik libratzeko ardura. Gaur, beste behin ere, harrera beroa egingo dio Sadarrek, oso estimatua baita zaleen artean.

Osasunak etxean jokaturiko azken bederatzi partidak irabazi ditu, eta gaur marka berri bat ezar dezake, hamargarren garaipena kateatuta. Edonola ere, Arrasateren aburuz, «hiru puntu gehiago» lirateke, eta helburua «54 puntura iristea da, besterik gabe». Gainera, teknikaria ez da Nasticez fio: «Gauzak oso zail jarriko dizkigu. Bolada onean dago, orain dela bi aste Deportivoren zelaian berdindu zuen. Gure bertsiorik onenaren beharra izango dugu garaipena lortu ahal izateko».

Bost jokalari faltako dituzte gaur nafarrek: min hartuta daude Lillo, Barja, Perea eta Rober Ibañez, eta zigortuta dago Villar. Edonola ere, Arrasate «ziur» dago hamaikako «lehiakorra» zelairatu ahalko duela. Deialdian sartu ditu harrobiko Irigoien, Moncayola, Oroz eta Barbero; azken biak, aurrenekoz. Bestalde, bueltan da Ruben Garcia, lesio baten ondorioz Numantziaren eta Zaragozaren aurkako partidak galdu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.