1942

'Bernhard operazioa'

2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Nazien Alemaniak Erresuma Batua hondoratzeko ezkutuko plan bat izan zuen: uhartea faltsifikatutako libera esterlinekin airez bonbardatu, eta, zirkulazioan zebilen diru kopurua nabarmen igota, ekonomia britainiarrean inflazioa eragitea. Ideia txoroa zirudien, eta bere horretan egin ez bazuten ere, izan zuen eragina Erresuma Batuko ekonomian. Ideia aurrekari propioetatik atera zuten naziek, Lehen Mundu Gerraren ostean alemaniarrek hiperinflazio aro gogorra izan zutelako. Agindua goitik jaso bazuen ere, SSetako Bernhard Kruegerrek gidatu zuen plana, eta horregatik hartu zuen Bernhard operazioa izena. Sachsenhausen eta Auschwitz kontzentrazio esparruetako 140 judu hautatu zituen libera esterlinak faltsifikatzeko. 1942tik 1945era bitartean 8,9 milioi billete inprimatu zituzten, 400.000 libera esterlina hilean: guztira, 135 milio libera esterlinako balioa zeukaten. Baina ez zuten dirua hegazkinez bota Erresuma Batura. 1943rako, aliatuen aireko indarrak gailendua zuen nazien hegazkinena. Beraz, bestelako bide bat hartu zuen Kruegerrek. Naziek nazioarteko merkataritzarako, espioitzarako eta eroskeriarako erabili zuten diru faltsua. Alemaniak Espainian, Suedian, Suitzan eta Turkian zituen enbaxadetara iritsi zen dirua —neutralak ziren herrialde horiek—, eta handik zabaltzen hasi zen, Erresuma Batura iristeraino. Gerra amaituta, Ingalaterrako Bankua jabetu egin zen operazioaz, eta, faltsifikazio hain onak zirenez, ezin izan zituen bereizi billete onak eta txarrak. Zirkulazioan zituen libera esterlina guztiak kendu eta diseinu berriko billeteak jaulki behar izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.