Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Dorre gorrikoak

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gaur hona dakarzkizuedan Celler Sabate Franquet upategiaren kontuak erdi kasualitatez daude hemen. Celler Sabate upategi baten izena da, baina ez da hori gaur hizpide duguna, baizik eta Celler Sabate Franquet. Sabateren berri banuen lehendik, eta, sarean haien ardoak bilatzen hasita, errakuntza bat medio, Sabate Franqueten ardoa erosi nuen. Ez naiz akatsaz damutzen, ordea; emaitza, ondorioa, polita izan delako, eta horri esker, niretzako ezezaguna zen ardo berri bat ezagutzeko parada izan dudalako.

Upategia zein mahastiak Torroja del Prioraten (Tarragona, Katalunia) daude, Siurana ibaiaren arroan, Priorat jatorri izen kalifikatuaren babespean. Harro sentitzen dira Vi de Vila moduan sailkatuz haien ardoa. Torrojak «dorre gorria» esan nahi du.

Torrojako ekonomia nekazaritzan dago oinarrituta, eta ardoak eta olioak izugarrizko garrantzia izan dute aspalditik, baita gaur egun ere.

Enric Sabate i Vendrellek sortu zuen upategia, eta haren semeak —Enric eta Josep Maria Sabate i Franquet— aitarekin ari dira proiektuan.

Priorateko inguru horietako tradizioari jarraituz egin nahi dituzte ardoak. 14.000 botila inguru egiten dituzte, erdiak estatuan eta beste erdiak estatutik kanpo saltzen dituzte.

2005ean abiatu zuten proiektua, baina lehen emaitzak, botila itxuran, 2009ko uztaldikoak izan ziren: Berta Franquet izenarekin atera zituzten, upategian zortzi hilabetez ondu eta gero.

Pixkanaka-pixkanaka, upategia handituz eta hobetuz joan da, upel kopurua handituz, eta eraikina eta teknologia ere hobetu egin dituzte.

Bi lursail dituzte Torrojan; samso, garnatxa eta cabernet sauvignon mahatsak lantzen dituzte, hain bertokoak diren terrazatan, hain zuzen ere. Licorella deitzen diren lurzoruak nagusi dira; arbela, alegia.

Lurrak ez dira errazak lantzeko, paisaiagatik, baina ardoek izugarrizko gorputza izaten dute, eta graduazioa ere bikaina dute, neurri handi batean klimaren eraginez, baina baita arbelezko zoruen eraginagatik ere.

Ardo bat baino ez dute egiten oraingoz: Berta Franquet, samso (cariñena), garnatxa eta cabernetez egindako ardo beltza. Ardoak zortzi hilabete ematen ditu ontzen, amerikar upel berrietan.

Ardo horrek antzinako ardoak hartzen ditu eredu moduan. Upategiak kontrolatzen ditu prozesu guztiak, mahastiak lantzea, mahatsa biltzea eta botilatzea barne: hau da, dena.

Ardo boteretsua da, fruta bikain eta gaztetasun ugarikoa, baina hobetzeko urte batzuk baditu oraindik, nire uste apalean.

Gaur egun, aurrera jarraitzen dute ardo horrekin, baina badaukate ardo zaharrago bat, inguruetan Vi ranci deitzen dutena: bikaina omen da, oso berezia. Ikusiko dugu, eta, ahal bada, dastatu ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.